Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ospatuz egin dute topa txotx denboraldia irekitzeko

Abian da 2026ko txotx denboraldia. Petritegi sagardotegiko upeletik eman dute lehen tragoa, eta apirila bitarte han eta hemen egongo da euskal sagardoaz eta usadioaz gozatzeko aukera. Aurten Euskal Pilota Selekzioa arduratu da denboraldiari irekiera emateaz, eta lortutako ofizialtasuna ospatu dute.

Euskal Selekzioko pilotariek egin dute topa Petritegin.
Euskal Selekzioko pilotariek egin dute topa Petritegin. (Jon URBE | FOKU)

Sagarrak eta pilotak antzekotasunak izan ditzakete. Biak elkartu dituzte aurtengo Sagardo Berriaren Egunean, izan ere Euskal Pilota Selekzioa arduratu da, usadioari jarraituz, txotx denboraldi berriari hasiera emateaz. «Gure Sagardo Berria» egin dute oihu asteazken eguerdi honetan Euskal Pilota Selekzioko ordezkariek, eta upeltegiko giroaz gozatzeko ateak ireki dituzte. 

Goizean Astigarragako Erribera Kulturgunean elkartu dira kirolariak, Sagardoaren Lurraldearen ordezkariak eta baita instituzioetako ordezkariak ere. Aurtengo txotx denboraldiaren irekiera aldarriz busti da. 

2025a ospatzeko urtea izan dute Euskal Pilota  Selekzioko kirolariek, aurrenekoz Euskal Selekzio gisa aritzeko aukera aitortu baizitzaien, eta Nazioen Ligan jokatu berri dute. 2026a ere ongi hasi dute, denboraldiko aurreneko kupeletik topa eginda Petritegin. 

Joxe Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak pilotaren eta sagardoaren arteko antzekotasunak nabarmendu ditu. Sagar bat eta pilota bat eskuan hartuta izendatu du lehendabizikoa: tamaina. «Modalitateei» ere erreparatu die, pilotak 30 bat dituelako, eta sagarretan ere asko daudelako: «Horietako bat da xistera –eskuan hartuta azaldu du–, 1857an jokatu zen lehendabiziko aldiz, eskuan min hartuta zegoen pilotari batek tresna hori hartu zuelako; izatez sagarrak biltzeko erabiltzen zen ordura arte». Eta gehitu du euskal pilota ez dela kirola bakarrik, «sagardoarekin eta bertsolaritzarekin batera ondare bat da». 

Sagarrondoa landatu dute Astigarragan.
Sagarrondoa landatu dute Astigarragan.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak beren herriko eta etxeetako ateak «eskuzabaltasunez» ireki izana eskertu die sagardogile guztiei, eta kirolariei euskal selekzioarekin lehiatzearen hautua eskertu die. «Espainia edo Frantzia bezalako estatuetan laguntza handiak egoten dira kirol ibilbidean urratsak emateko, ez da gure kasua, horregatik balio du gehiago zuen erabakiak», esan die.

Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatuak «anbizioa» erabili du sagardogileen eta pilotarien arteko lotura egiteko: «Biak produktu edota kirol zaharrak dira, baina ekimen berriak dituzte, hori da zaharraren eta berriaren arteko oreka. Anbizioak ere lotzen ditu, Euskal Sagardoa EAEn sortu zen, baina bere anbizioa zazpi lurraldeetara zabaltzea da, zuena bezalaxe».

Lakuako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendari Nora Beltranek ere «ofizialtasuna» eskatu du, etorkizuneko proiektuetarako pilotak zein sagardoak hala behar duela iritzita. Aurreratu du 2026a izan daitekeela Euskal Sagardoa deiturarentzat zazpi lurraldeetara zabaltzeko aukera, eta Europan lehen aldiz mugaz gaindiko jatorri izan deitura bat sortzekoa.

Sagardo mota askoko urtea

Sagardoaren Lurraldearen izenean, Unai Agirrek eraman du sagardoa datuetara: Uzta iazkoa baino handiagoa izan da kopuruz, sagar urtea izan baita, baina leku askotan espero zena baino %15-20 gutxiago jaso da, «neguko hotz faltagatik», zehaztu du. Guztira, hamar milioi sagardo inguru ekoiztu dira, eta horietatik, 3.100.000 litro inguru Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin. Azaldu du kalitate handikoak direla, eta ezberdinak beren artean, sagar urtea izanik, sagardogileek sagardoa zein sagarrekin egin aukeratu ahal izan baitute, eta dibertsifikazio handiagoa topatu daitekeela euskal kupeletan argitu du. Hala ere, «orokorrean, arinxeagoak eta alkohol gradu baxuagoarekin, %6 inguru», izango direla kontatu du. 

Kirolariek landatu dute ohiko usadioari jarraituz Erribera Kulturgunearen kanpoaldean sagarrondoa, Agin Laburu eta Joanes Illarregiren bertsoek girotuta. Laburu zuzenean selekzioko kideengana zuzenda da, ea zein «barietate» aukeratu duten galdetuz, eta Illarregik sagarren eta piloten jokoarekin itxi du saioa, pilotariak lorezain lanetan ikusita: «Sagarrek lurra ikutu orduko/ botea egingo dute».

Txalaparta doinuz eta Sagar Dantzak lagunduta Petritegira hurbildu dira guztiak jai giroan eta lehen tragoa bertan eman dute. «Gure Sagardo Berria» oihua egin eta zabalduta geratu da aurtengo txotx denboraldia. Agirrek azaldu duenez, sagardo lurrintsua, edanerraza eta freskoa izan da irekiera kupelekoa. Inork probatzera joan nahi badu, abian da denboraldia.