NAIZ

Innpala enpresarekin kontratu guztiak iraungi ondoren, palistek greba bertan behera utzi dute

Duela zortzi hilabete «greba mugagabe» bati ekin zioten Innpala enpresako pilotariek, «lan baldintza duinak» eskatuz. Bilera ezberdinetan ez da akordiorik lortu eta denborak aurrera egin ahala palisten kontratuak iraungitzen joan dira.

Innpalako palistek greba utzi behjar izan dute pilotari guztien kontratuak iraungi eta gero.
Innpalako palistek greba utzi behjar izan dute pilotari guztien kontratuak iraungi eta gero. (Raul BOGAJO | FOKU)

2025eko maiatzean hasieran «greba mugagabeari» ekin zioten Innpala enpresako palistek, «hitzarmen kolektiboa adosteko borondaterik agertu ez eta pilotariekin banaka negoziatzen saiatzen» zelako.

Dan Necol izan ezik, Iñaki Urrutia, Iker Gordon, Pablo Fusto, Asier del Río, Jagoba Madariaga, Oier Alkorta, Roman Maldonado, Ibai Perezek eta Esteban Gaubeka denak bat eginda azaldu ziren eta zortzi hilabete eman dituzte elkarturik, enpresarekin bilera ezberdinak egin eta akordiorik lortu ez badute ere.

Izan ere, denbora honetan guztian bi eskakizun nagusi egin dituzte: batetik, lan hitzarmen berria negoziatzea; eta, bestetik, lizitazio berri bat egon arte pilotaririk ez kaleratzea, eta indarrean dauden kontratu guztiak berritzea.

Alabaina, denbora aurrera eginda pilotarien kontratuak iraungitzen joan dira eta egunotan eta behin grebari ekin zioten pilotari guztien kontratuak eten ostean –Roman Maldonado izan da azkena–, greba bertan behera laga dute palistek.

Oharra eta funtsa

Ostegun honetan atera duten ohararen arabera, gaur egun ez dago Innpalarekin kontratua duen pilotaririk, eta, halaber, azaldu dute Bizkaia Frontoiaren lizitazio prozesuan aurkeztu diren bi proiektuetako bat babesten dutela.

Zortzi hilabete hauetan Innpala bere pilotarien koadroa aldatzen joan da, grebara joan ziren pilotarien kontratoak amaitzen utzi duen bitartean. Aldiz, denbora honetan grebara joan ziren horiekin izandako bilerek ez dute fruiturik eman, neurri handi baten, pilotariek salatutakoaren arabera, «kontaktu inidibidualak» bakarrik mantendu dituztelako pilotariokin, baina modu kolektiboan inolako konponbiderik proposatu gabe.

Hala, Palako Pilotari Profesionalen Taldeak, oharraren lehen zatian, azken hilabeteotan zer gertatu den laburbildu dute. Gogora ekarri dutenez, ELA sindikatuarekin antolatu ziren, eta lan baldintzetan eta ibiltzen diren kirolean hobekuntza izatea eskatu zuten. Adierazi dutenez, saiatu ziren Custom Massevents (Innpala) enpresaren orduko jabearekin biltzea, alegia, Jose Ramon Garairekin, baina ezin izan zuten; eta gogorarazi dute 2025eko martxoaren 21ean deitu zutela aurreneko greba eguna, Urrezko Pala Pro txapelketa jokoan zela.

Mugagabeko greba 2025eko maiatzeko hasieran hasi zen. Kirolariek esan dutenez, «pilotari batzuek berritzeko eskaintzak jaso dituzte”, baina berretsi dute “gatazkari kolektiboki heldu behar» zaiola. Aurrerapenik ez zegoenez, aipatutako gatazka «ez atzera ez aurrera» gelditu da, eta bi aldeak, pilotariak eta enpresak, Bizkaia Frontoiaren lizitazio prozesuaren amaierara arte gelditu ziren.

Prozesu hori duela hilabete batzuk abiatu zen, eta bi proiektu aurkeztu dira horretan, palistek diotenez: bata Custom Massevents (Innpala) enpresarena (enpresa horrek esan zien pilotariei ez zuela proiekturik aurkeztuko); bestea, ordea, berria da, eta kirolariek babestu egiten dute. «Gaur egun», nabarmendu dute, «ez dago Innpalarekin kontratua duen pilotaririk. Hori dela eta, bertan behera uzten dugu maiatzean hasi genuen muga gabeko greba».

Taldeak zain jarraitzen du, «ohi baino gehiago atzeratzen ari diren erabakien zain», eta konfiantza adierazi du: «Espero dugu dena ahalik eta lasterren konpontzea, eta pilotalekuetara bueltatu ahal izatea».

Palistek, gainera, honako hau gehitu dute: «Argi utzi nahi dugu pala profesionaleko oraingo eta etorkizuneko onerako pentsatuta abiatu genuela gatazka hau; gure erabaki guztien xedea horixe izan da beti. Elkarrekin hasi ginen prozesu honetan, eta berdin amaituko dugu, batasunak indarra egiten baitu», adierazi dute.

Baiko Pilotan bi debut

Bestalde, Beñat Zubizarretak, Iraitzen anaiak, eta Unax Landak aurki egingo dute debuta pilota profesionalean, Baiko Pilotaren eskutik, enpresak berak ohar banatan jakinarazi duenez.

Zubizarreta IV.ak, Ataungo 20 urteko aurrelariak, bi urterako sinatu du. Ataun K.E pilota klubean hasi zen pilotan, eta geroago Lazkaoko LAPKE klubean jarraitu zuen. Klub horrekin Gipuzkoako Binakako Txapelketa eta Zaldibarko Olazar Torneoa irabazi ditu.

Aimar Olaizola Baikoren kirol arduradunak azpimarratu duenez, «oso pilotaria da, eta une oro daki zer egin behar duen kantxan».

Bestalde, Unax Landa 20 urteko Oiartzungo atzelaria bere herriko Oiarpe K.E pilota klubean hezia da, bi urterako sinatu du honewk ere Bilboko enpresarekin. Landak Diario Vasco, Dinastia Etxabe, GRAVNI eta Memorial Goñi txapelketak irabazi ditu profesionaletara jauzi egin aurretik.

Aimar Olaizolak nabarmendu duenez, «afizionatuen artean oso maila ona eman du, eta ezker eskuarekin duen kolpea azpimarratuko nuke».

Europako Pilota Federazioa

Bestalde, Euskal Pilota Federazioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko eskubide osoko kide izatearen aurka Espainiako Federazioak TASen –Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren– aurrean zein erabaki hartzen den bitartean, hilaren 30ean du epe muga, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak berak bere egituratik kanpo utzi du Europako Euskal Pilota Federazioa.

View this post on Instagram

A post shared by FIPVoficial (@fipvoficial)

Julian Garcia Angulo Espainiako Federazioko presidente izana buru duen organismo hau egituratik kanpo geratu da azkenean, Nazioarteko Federazioak bidali duen ohar baten arabera, erabaki hau hartzeko arrazoi eta argudioak honakoak dira: batetik, «ez duela txapelketa ofizialik antolatzen»; «ez duelako balantze ekonomikorik aurkezten», hori dela-eta «gardentasun falta nabarmena» aipatuz; azkenik, Europako Federazioak «estatutuen betetze falta nabariak» ere adierazi du.

Bada, Nazioarteko Federazioaren iritziz, Europakoak bere egituran mantentzeko «gutxieneko baldintzak» ez dituela betetzen ondorioztatzen delako hartu du aipatu erabakia. Nolanahi, ikusteko dago Nazioarteko Federazioak Europako organismo berri bat bultzatu nahiko lukeen ala ez.