
Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak asko okertu zaien partida atera dute aurrera Mungiako pilotalekuan. Aurrelari mallabiarra eta atzelari etxarrendarra 5-14 galtzen joan dira hasiera kaskar baten erruz, baina garaiz zuzendu dira eta 22-19 menderatu dituzte kontrako bidea egin duten Peio Etxeberria eta Rezusta.
Irabazleen seigarren puntua da eta Binakako Txapelketaren ligaxkan bigarren postua sendotzeko balio die garaipenak. Galtzaileek, aldiz, azken postuan jarraituko dute bi punturekin, sailkapena estutzeko aukera paregabea pasatzen utzi ondoren.
Bizitasuna, agian gehiegizkoa
Neurketa oso bizia izan da lehen pilotakadatik, agian gehiegi. Pilotalekuaren neurriak kontuan izanda eta errebotean harmaila bat kokatuta zegoela ikusita, Zabaleta eta Rezusta behin eta berriro ibili dira lehen lerroko ikusleen ingurumarian.
Lehen abantaila gorriena izan da. Elordik airez amaitutako bi erremate eder eta Zabaletaren pilotakada bikain bat tarteko, 3-0 aurreratu dira markagailuan.
Baina gorrien gaizki-ulertu bati esker Peio Etxeberriak sakea berreskuratu du, eta nafarrak sekulako sarraskia egin du lehen jokaldiarekin, aspaldian gutxitamn ikusten den horietakoa. Oso denbora gutxian aurrelari urdinak lau tanto egin ditu sakez. Pilotaren eta kantxaren bizitasunak lagundu dio, baina egia da Jose Javier Zabaleta ere ez dela erabat fin ibili zenbait errestotan.
Beñat Rezusta ere bikain aritu da norgehiagokaren lehen erdi luzean, eta urdinak tantoak pilatzen joan dira 5-14 aurreratu arte. Tanto batzuk oso azkarrak izan dira, piloteo gutxikoak, baina izan dira bestelakoak ere. Urdinen 5-10ekoan, adibidez, 55 pilotakada jo dituzte.
Eta ikuskizuna ere eskaini dute protagonistek: Rezustak bi pilota jarraian bidali ditu erreboteko zulora (5-12 eta 5-13), eta Peio Etxeberriak sekulako horma-bikoarekin lortu du 5-14koa, kantxa erditik ezkerrez jota.
Giroa ere berotzen joan da
Egun handia zen gaur Mungian, San Antontxu eguna, eta giroa berotzea kosta egin bada ere, bigarren erdi horretan majo gozatu dute pilotalekua ia erabat bete duten zaleek. Markagailuko parekotasunak ere lagundu du horretan.
Izan ere, Elordiren tanto bikain batekin sakea berreskuratu ostean, urdinen beherakada iritsi da. Rezustak hiru pilota galdu ditu ia jarraian –tartean defentsa ikusgarria erakutsi ere bai, egia da– eta Etxeberriak ere pare bat kale egin ditu aurrean. Tarteka perlaren bat utzi dute, baina konturatzerako gorriak gainean zituzten.
Eta azken txanpa horretan, kantxan tentsioa nabarmena zela eta harmailetan burrunda galanta, Elordik eta Zabaletak gehiago asmatu dute. Atzelaria sendo aritu da unerik erabakigarrienean, eta ordura arte asmatu ezinik ibili den Elordik tanto sorta ederra sinatu du.
Mallabiarrak txokoan bikain utzitako pilota batekin amaitu du neurketa eta laukoteak txalo zaparrada jaso du.
«Puntuarekin oso pozik nago, jokoarekin ez hainbeste. Joseri pilota askotxo utzi diot, frontis hau zaila da errematerako, baina zorionez azken txanpan asmatu egin dut eta horregatik gustora noa», aitortu du Elordik.
FITXA
Pilotakadak: 505. Iraupena: 66 minutu eta 2 segundo. Markagailua: 3-0, 3-4, 4-4, 4-8, 5-8, 5-14, 8-14, 8-15, 13-15, 13-17, 15-17, 15-19 eta 22-19. Sakeak: 1 Elordik eta 4 Peio Etxeberriak. Falta bat Peio Etxeberriak. Egindakoak: 10 Elordik, 3 Zabaletak, 6 Peio Etxeberriak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 4 Elordik, 2 Zabaletak, 3 Peio Etxeberriak eta 4 Rezustak. Gorabeherak: Mungiako Trobika pilotalekua, ia erabat beteta. Lehen sakea, gorri.
Vidarteren prentsaurrekoa
Fernando Vidartek prentsaurrekoa eskainiko du astelehen honetan, 10.30etan Eibarren, Aspe enpresaren jabetza aldaketaren inguruan azalpenak emateko. Azken egunotan zabaldu denez, abenduaren 26tik Iker Moran Moreno da enpresaren administraria, Bainet taldearekin lotura duen pertsona. Aldaketa ez zitzaien pilotari eta enpresako langileei jakinarazi, nahiz eta susmoa bazuten.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

