Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Albisuren urrutiko kontrol ikusgarriak eta Peña II.aren lan bikainak Unai Laso lasai utzi dute

Lesio batengatik Unai Laso kantxetatik kanpo egonda, ataundarrak sekulako neurketa jokatu du Jon Ander Peña langilearekin batera. Ezkurdiak atzelariarekin amestuko du, pilotakada gehienak ezker paretara bidali baititu Albisuk.

Peña II.ak bikain ordezkatu du Unai Laso.
Peña II.ak bikain ordezkatu du Unai Laso. (Iñigo URIZ | FOKU)

Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk finalerdietarako txartela eskura dutela esan daiteke. Aurrelari nafarrak ezin izan du igande honetan Nafarroa Arenan jokatu, baina lasai asko egon daiteke, bere atzelaria inoiz baino motibatuagoa zegoela erakutsi baitu eta gaurkoan, gainera, Jon Ander Peñak bikain ordezkatu du Laso. Emaitza, hortxe: 14-22 irabazi diete Altuna II.a-Ezkurdiari.

Lasoren bajak duda asko piztu zituen, liderra den bikoteak nola erantzungo zuen ikusteko. Baina Jon Ander Albisuk duda guztiak alde batera utzi ditu bere urrutiko kontrol ikusgarriaren bidez: jo dituen pilotakada gehienak ezker paretara bideratu ditu. Honek, lanak zaildu dizkio txapelketa honetan atzelari bezala ari den eta airez asko sartzen den Joseba Ezkurdiari.

Iruñera helburu horrekin iritsi zela aitortu du atzelari ataundarrak, eta bikain atera zaio. Gainera, aurrean Peña II.a oso txukun aritu da. Gogoratu behar da aurreko bi jardunaldietan tolosarrak Iñaki Artola ordezkatu zuela txapelketan, eta bietan porrota jaso zuela. Gaurkoan, bere ausardiak tanto ederrak utzi ditu. Azpimarratzekoa da 10-12koa: zailtasun goreneko errematea burutu du, airez txokoan, egitekoa oso zaila zena.

Ikusten denez, ordurako markagailua nahiko berdinduta zihoan, gorriek bere maila erakusten zeudelako eta urdinek hutz batzuk pilatu dituztelako tartean. Altuna III.a iniziatiba hartzen saiatzen zen ahal zuen guztietan, eta Ezkurdia lan bikaina ari zen burutzen atzean, bere aurrelariari asko lagunduz. Hau da, arbizuarra aurrera joaten zen dudarik gabe, aurkariek pilota txokora bidaltzen zutenean.

Amezketarrak beste tanto eder bat ere utzi du. 11-14koan izan da. Bi pareta ikusgarriak egin ditu ezkerrez. Baina ez da nahikoa izan urdinak urduri jartzeko. Izan ere, Albisuk indarra hartu eta oso atzean ipini du pilota Ezkurdiak ez eramateko.

Hortik amaiera arte urdinek 3-7ko partziala sinatu dute, gorriei aukerarik eman gabe. Atzelari ataundarrak bereak egiten jarraitu du, 13-20koan bezala, baina adierazgarriagoa izan da 14-21ekoa, ezkerrez zabalean tantoa egin duenean. Azken tantoa Altuna III.aren huts batekin iritsi da. Gorriek, batez ere Ezkurdiak, amesgaiztoak izango dituzte urdinekin.

PARTIDAKO FITXA:

Altuna III.a-Ezkurdia: 14

Peña II.a-Albisu: 22

Pilotakadak: 556. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-5, 3-5, 3-9, 6-9, 6-10, 8-10, 8-11, 10-11, 10-14, 11-14, 11-15, 13-15, 13-20, 14-20 eta 14-22. Sakez egindako tantoak: 2 Altuna III.ak eta 2 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 4 Altuna III.ak, 1 Ezkurdiak, 7 Peña II.ak eta 7 Albisuk. Galdutakoak: 3 Altuna III.ak, 3 Ezkurdiak, 3 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Nafarroa Arenan Binakako Txapelketako 11. jardunaldiko partida ikusteko. Lehen sakea urdinen aldekoa izan da.