NAIZ

Artolak ezingo du igandean jokatu laugarren hatzeko falange distalaren haustura duelako

Alegiako aurrelariak kolpe bat hartu zuen ezker eskuan larunbatean Donostian jokatzen ari zen Binakako Txapelketako partidan. Kolpearen ondorioz, ezkerreko eskuko laugarren hatzeko falange distala hautsi zitzaion, eta atzamarra ibilgetu diote.

Iñaki Artola eta Ander Imaz, larunbateko partidan alegiarrak kolpea jaso eta gero.
Iñaki Artola eta Ander Imaz, larunbateko partidan alegiarrak kolpea jaso eta gero. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lesio batetik atera eta beste batean sartu. Hala izan da Iñaki Artolaren azken asteetako laburpena. Izan ere, kolpe bat hartu zuen ezker eskuan larunbatean Donostian jokatzen ari zen Binakako Txapelketako partidan eta, ondorioz «ezkerreko eskuko laugarren hatzeko falange distala hautsi zitzaion», Baikok astelehen honetan jakinarazi duen moduan. Atzamarra ibilgetu diote eta, gutxienez, hurrengo jardunaldian ezin izango du jokatu Imazekin batera

Aurrelari alegiarra bi jardunaldi egon zen kantxetatik kanpo eskuan izandako lesio batengatik, eta larunbatean, berragerpenean, kolpea jaso zuen ezker eskuko hatz nagian.

Partidan bertan ikusi zenagatik, lesioa larria izan zitekeen. Txema Urrutia medikuak 4-7koarekin markagailuan Artolak eskatutako atseden baten ostean ETBri aitortu zion moduan, «egoera zaila da, mina duelako». Partida ondoren hatza haustura zuen edo ez jakiteko probak edota erradiografia egin beharko zizkiotela gaineratu zuen osasun profesionalak. Eta gaur bertan eman dizkiote emaitzak.

Larunbateko kolpe horrek erabat baldintzatu zuen neurketa eta Elordi-Zabaletak bikain aprobetxatu zuten 6-22 irabazteko. Binakako Txapelketa momentu erabakigarri batean sartuko da eta Artola-Imazek lau garaipen besterik ez dituzte, Altuna III.a-Ezkurdiarekin berdinduta. Azken-aurrenak dira, bi puntu dituzten Peio Etxeberria-Rezustaren aurretik.

Hurrengo jardunaldian, hain zuzen ere, elkarren aurka arituko dira Altuna III.a-Ezkurdia eta Artola-Imaz, baina Baikok oraindik ez du jakinarazi nork jokatuko duen alegiarraren ordez. Azkeneko bi jardunaldietan Jon Ander Peña izan da bere ordezkoa eta bietan galdu egin zuen bikoteak. Tolosarrak, ordea, Unai Laso ordezkatu du azken partidan eta bikain erantzun du garaipena erdietsiz. Zentzu horretan, ikusi beharko da Laso prest dagoen edo ez kantxetara bueltatzeko.