
Emagin elkarteak astearte honetan iragarri duenez, torturatuen erreparaziorako jardunaldia antolatuko du otsailaren 7an Donostian dagoen Intxaurrondoko Kultur Etxean, ‘Tortura feminismotik erreparatu’ lelopean.
Ohar batean azaldu duenez, duela pare bat urte Emagineko kideongana ate-joka joan ziren emakume militante batzuk, torturak jasandakoak guztiak ere, eta Nafarroako Torturatuen Sarean bertan edo horren bueltan torturaren aurkako dinamiketan ekinean zebiltzanak. «Torturak eragindako bortxak izendatzeko, aletzeko eta ulertzeko analisi feminista bat osatzeko behar kolektiboa azalarazi zuten: marko feminista bat eraikitzearen garrantziaz mintzatu ziren».
«Adierazi zutenez, ez zuten testigantza-bilduma bat osatzeko premiarik sentitzen, bestelako behar batek eraman zituen Emaginekin biltzera: bizitako bortxa-egoera eta bortxa-gertaera horiek ber interpretatzeko tresna bat elkarrekin eraikitzeko gonbidapena egin zioten Emagin elkarteari, betiere feminismoa iparrorratz izanda», gaineratu du, eta ohartarazi du «ukaezina dena: emakume torturatuek, eta, geure ustez, gizon torturatuek ere, indarkeria matxista pairatu dute, batez ere inkomunikazio-garaian, baina ez hor bakarrik».
«Indarkeria-mota horiei, aldiz, feminismotik beste indarkeria-kasu batzuei bezainbesteko arreta ez zaie eskaini. Hutsune horren jabe izanda, emakume torturatuek Emagini egindako gonbidapenari heldu eta torturaz jarduteko marko feminista bat osatzen aritu dira elkarlanean», nabarmendu du, eta gogoeta horren emaitza ‘Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoak’ izeneko liburua dela gogoratu du.
Liburuak pentsatzeko eta jarduteko marko bat ezartzen badu ere, prozesu honen baitan ezinbestekoa iruditu zaie torturen erreparazioan ekarpena egitea eta horretako antolatu du, hain zuzen ere, otsailaren 7ko jardunaldia. Izan ere, feminista gisa, indarkeria matxistak pairatu dituzten emakume guztien erreparazioa nahi dute Emagineko kideek, baita torturak jasan dituztena ere. «Eta horixe da prozesu kolektibo honen bigarren helburu handia, emakume torturatuen berregite-prozesuetan bidelagun izatea».
Prozesu honekin hiru geruzatan eragin nahi lukete. Batetik, torturatu dituzten herritarrentzat tresna baliagarria izatea nahiko lukete, bizi izan dutena ulertzeko marko feminista bat eskainiz; bestetik, torturak bigarren pertsonan bizi izan dituztenei, «izuaren geografiak feminismotik ulertzeko eta desaktibatzeko marko berri bat» eman nahi diete, «erreparazioan bidelagun eraginkor izateko baliabideak izan ditzaten»; eta, azkenik, torturak hirugarren pertsonan bizi izan dituztenentzat «erreparazio sozial horretan eragile aktibo bilakatzeko bultzada» izan nahi dute.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra
