Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Momotxorroaren larruan sartuta iragarri du Ruben Garciak Osasunan «mitoak jarraitzen duela»

Jaiotzez valentziarra izan arren, Nafarroarekin –eta Sakanarekin bereziki– harreman oso estua garatu du Ruben Garciak. Euskal kulturarekiko errespetu handia erakutsi du hasieratik. Horren seinale eman du gaurkoan ere, kontratua berritzeko tenorean.

Ruben Garciak Osasunako elastikoa janzten jarraituko du, beste urtebetez behintzat, asteazken honetan baieztatu denez. Eta berriro ere euskal nortasunari keinu bat eginez iragarri du Xativako erdilari finak: momotxorroz jantzita agertu da klubak zabaldutako bideoan. Mezua, ‘Mitoak darrai’. Izan ere, berdegunean zein zelaitik kanpo historia egiten ari da jokalaria, Iruñera 2018an iritsi zenetik futbolari gisa maila itzela emanda eta zalegoaren maitasuna ere bereganatuz.

Sakanarekin bereziki lotura handia izan du Ruben Garciak hasiera-hasieratik; bertakoa da moda arloan nabarmentzen ari den Ane Mendinueta bikotekidea. Eta Sakanako ihauterien pertsonaia nagusienetarikoaren larruan sartuta eman nahi izan du albiste ona: momotxorro bilakaturik.

 

Euskal kulturaren alde agertu izan da beti valentziarra zortzi urte hauetan zehar. Lehenengo urtean jada Nacho Vidal taldekidearekin batera ‘Ene kantak’ ekimenaren barruan euskaraz abestu eta dantzatu zuen. Euskara ikasteari ekin zion Nafarroako hiriburura iristean (zaila egin zaiola aitortu du). Sare sozialetan zenbait aldiz nafar hizkuntzan idatzi ditu mezuak. Sakanako parajeekin ere liluratuta agertu da maiz: biraltasun handia hartu zuen Beriain mendian grabatu zuen bideoak.

«Nafarroarekiko identifikazioa» txalotu du klubak

Klubak adierazi duenez, Ruben Garcia Santosek «legendatzat hartua izatea lortu du. Aurtengoa zortzigarren denboraldia du klubean. Denboraldi horretan, taldeak ziklo arrakastatsua marraztu du, hasieran, Lehen Mailara igo baita, eta, ondoren, sei egonaldi egin ditu maila gorenean; horien artean, Europako txapelketarako sailkapen bat eta Errege Kopako azpitxapeldun bat nabarmentzen dira. Ruben Garciak 281 partida ofizial jokatu ditu jada Osasunarekin, eta gaur egun partida gehien jokatu dituen historiako 21. jokalaria da».

Xativako erdilariak 32 gol egin ditu elastiko gorriarekin, eta 39 asistentzia eskaini. «Bere gaitasun teknikoak, baloi-kolpeak, jokoaren ulermenak eta defentsan egindako sakrifizioak mende honetako futbolari gorritxo garrantzitsuenetako bat bihurtu dute. Gainera, Osasunarekin duen konpromisoak eta bere adopzio lurraldearekin, Nafarroarekin, duen identifikazioak bere taldekideek errespetatutako eta zaleek maitatutako jokalari bihurtu dute», adierazi du Osasunak. Gizarte arloko kausa ugaritan inplikazioa agertu du futbolariak: LGTBI+en alde, osasun mentalen alorrean...

Duela bi urte bere maila adinaren ondorioz jaisten hasia zela zela zirudien (32 urte ditu) baina aurtengoan denboraldi aparta ari da egiten berriz 14. zenbakiduna (iazkoa ere ona izan zen). Falta jaurtiketetan bereziki erabakigarria izaten ari da. Neurri handi batean berari esker da Osasuna, gaur egun, Europako liga garrantzitsuenetan portzentualki falta eta kornerren bidez gol gehien sartzen duen taldea.