
ELORDI-ZABALETA 17
LASO-ALBISU 22
Binakako Txapelketako bi bikote onenak elkartu dira Gernikako Santanape pilotalekuan, aurreneko itzulian bezala. Orduko hartan Zabaletak egun txarra izan zuelako, nahikoa erraz atera zuten Lasok eta Albisuk. Bigarren itzuli hionetan askoz maila hobean aritu dira Elordi eta Etxarrengo atzelaria, baina oraingoan ere ezin izan dute 22ra iritsi, aurrean Unai Laso ikaragarri bat eta behetik gorantz aritu den Jon Ander Albisu izan dituztelako.
Partida hotz xamar hasi baldin bada, irakiten amaitu da, Santanape lepo bete duten 750 ikusleak zutik direla. Partidako aurreneko erdian Elordi eta Zabaleta nagusi izan dira. Atzelari nafarra oso deseroso aritu den Albisu menpean hartuta, eta halakoetan Mallabiko aurrelariak ez du barkatzen. Nolanahi, Unai Lasok, giharretako arazoak atzean lagata, aurrera urrats handia eman du, bere atzelaria estuasunean ikusi duenean. Airez bezala botez, lanerako bezala errematerako, Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak Albisu hobetzen zen bitartean bikote urdina partidan mantendu du. Gorriak 9-5 aurreratu dira eta itxura baten partida beraiek ezarri nahiko zuketen erritmoan jokatzen aritu dira gainera.
Baina Laso jokoan sartu bada, sartu, ez da ateratzeko izan. Bere erremateek ia erotu egin dituzte gorriak. Tanto bat baino gehiagotan ikusi da Zabaleta lekua ezin bilatuz, Elordirekin akaso behar adinako koordinaziorik gabe, aurrelari bizkaitarra airez saiatzen eta nafarra kokalekua moldatu beharrean. Hala ere, aurreneko berdinketa ez dute berehalakoan erdietsi urdinek, 11na elkartu baitira lehenbizikoz bikote bien markagailuan. Bestetik, Elordik eta Zabaletak jokoan eta markagailuan oraindik ere apur baten eutsi dute, 16nako berdinketara arte, hain zuzen.
Berdinketak eman diren partida zati horretan ikusi dira gainera tantorik ederrenak. Esaterako, Zabaletak ezkerrez zabalera moztuta lortu duena, 14-13koa, Elordik defentsan basakatuaren moduan moldatu ostean amaitu duen 16-15ekoa eta hurrengoan, berriz, Lasok odolkiak ordainetan Mallabiko aurrelariari: 16na eta Santanape zutik. Pilotazale zaharrenek, garai baten jaka kantxara bota ohi zuten tanto gogoagarririk bazen saritzeko. Kalean negu girorik izan ez balitz, agian baten batek botako zukeen.
Albisu ere festara
Esan gabe doa neurketako jokalaririk onena Unai Laso izan dela, baina Jon Ander Albisuk azken zati bikaina jokatu izan ez balu, ez zuten urdinek garaipenik erdietsiko. «Pilotara ezin jarriz, oso deseroso aritu naiz. Eskerrak Unaik Lasok partida bikaina egin duela!», onartu du ataundarrak.
Bereziki kontrakantxara ihesean joan zaizkio ohi baino hiruzpalau pilota gehiago, baina neurketaren azken zatian atzelari gipuzkoarrak bere lekua aurkitu du, eta behin kantxan asentatu delarik, Zabaletaren ekimenari eusteko kapaz izan da, baina bizkarra erakutsi eta tantoren bat edo beste amaitzeko ere.
Urdinek aurrea hartu dute markagailuan 16-17koaz geroztik eta azken zati horretan, partidak erotzeko moduko erritmoa izan badu ere, Laso eta Albisu hobeto moldatu dira. Atzean eta bazterrean gero eta errazago hiltzera bidali ditu bere pilotakadak atzelari urdinak eta hortik etorri da Aurreneko Fase honetako liderren azken tantoa ere, Zabaletarentzat zailegia izan baita Albisuren eskuinkada baztertua hamargarren koadrora –dejadarik onena, zaharrenek esango luketen moduan–.
Ondorioz, matematikoki aurreneko postua bermatu dute Lasok eta Albisuk eta orain finalerdietara zuzenean zein beste bikote sailkatuko den ikusi beharko da, dena oso parekatua baitago.
Bikoteka dantzan
Idiazabalen 22-12 nagusi izan dira Jaka eta Iztueta Etxeberria eta Rezustaren aurrean. Ostiral gauean, berriz, 22-21 irabazi zieten Zabalak eta Martijak Larrazabal eta Mariezkurrenari. Ondorioz, bikoteka dantzan geratu dira sailkapen nagusian Txapelketako zortzi bikotetik sei.

Alegia, kalean daude dagoeneko Etxeberria eta Rezusta, 12 jardunaldiren ostean bi garaipen baino ez dituztela. Goian, berriz, esne mamitan daude Laso eta Albisu. Eta handik aurrera hasten da sekulako saltsa. Bigarren posturako berdinduta daude, zazpina garaipenekin, hala Elordi eta Zabaleta, nola Zabala eta Martija; seina garaipenekin, berriz, Larrazabal eta Mariezkurrena berdinduta daude Jaka eta Iztuetarekin; esan gabe doa bi bikote hauek ere badituztela aukeratxoak bigarren lekuan amaitzeko ere.
Eta berdinketarik dramatikoena falta da, biak ala biak launa garaipenekin. Artola eta Imazek agur esan diote elkarrekin jokatzeko aukerari, momentuz, Artolak hatz batean duen haustura dela-eta. Baina play-offetara iritsiko balira, orduan akaso Alegiakoa berriro lehiara itzultzerik legoke. Baina horretarako, beste ezer baino lehen igande hionetan Peñak eta Imazek Altuna eta Ezkurdia menpean hartu beharko dituzte Gasteizko Ogetan pilotalekuan. Esan gabe doa irabazleak seigarren postu hori hatz puntekin ukituko duela eta galtzaileak, berriz, ia karanbola beharko lukeela play-offetara sailkatzeko.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 70.21 minutu. Pilotakadak: 655. Sakez: 1 Elordik eta 1 Lasok. Jokoan egindakoak: 5 Elordik eta 1 Zabaletak; 13 Lasok eta 3 Albisuk. Jokoan galdutakoak: 3 Elordik eta 2 Zabaletak; 3 Lasok eta 7 Albisuk. Markagailua: 1-0, 3-0, 3-1, 4-1, 4-2, 5-2, 5-4, 6-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-6, 9-7, 10-7, 10-9, 11-9, 11-10, 11-11, 13-11, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 15-14, 15-15, 15-16, 16-16, 16-17, 16-18, 17-18, 17-22. Gorabeherak: Gernikako Santanape pilotalekukoan sarrera ona, 750 sarrera, Binakako Txapelketako hamabigarren jardunaldiko partida. Aurreneko sakea, urdin.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

