
Aberri Eguna instituzionalizatzeko bidean pausoak emateko deia egin du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Ekitaldian Ekihne Atorrasagasti, Carlos Etchepare eta Mireia Epelde izan dira bozeramaileak.
Aberri Eguna dela eta, martxoaren 28an Lizarran egingo duen ekitaldia aurkeztu du EH Baterak, Gasteizko Foruen plazan egindako agerraldian. Aukeratutako lekua ez da kasualitatea, aurten 150 urte beteko baitira foruak abolitu zituztenetik, eta gertaera horrek euskal pentsamendu nazionalean eragina izan zuelako.
EH Baterak Aberri Eguna jai ofizial eta ospakizun egun bihurtzea nahi du: «euskal herritarrok badugu egun nazional bat, ospa dezagun batera, eta landu dezagun denok, instituzioek zein mota guztietako eragileok, egun horrek merezi eta behar duen instituzionalizazioa», aipatu dute.
«Nazioa gara eta nazioek bere nazio izaera ospatu eta aldarrikatu behar dute. Gainerakoek bezala, guk gauza bera egin behar dugu. Aberri Eguna balioan ezarri, sustatu eta instituzionalizatu dadin saiatu gara eta saiatuko gara», azpimarratu dute.
Horretarako, euskal herritarrei dei egin diete «nazioa egin eta nazioa ospa dezaten. Denboraren eta egungo egoera sozialaren poderioz sektore berrietara, aldarrikapen berrietara, hurbildu behar da Aberri Eguna».
Lurralde bakoitzaren eskumenak
Sustapenari dagokionez, Euskal Herria hiru lurraldetan banatuta dagoela gogorarazi dute (EAE, Nafarroa eta Iparraldea), eta «euskal lurralde bakoitzak du eskumen nahikoa euskal nazioaren egunari eman behar zaion ofizialtasun eta aitortza maila emateko».
«Instituzioei soilik ez dagokie lan hori. Eragile guztioi dagokigu nazioa eta Aberri Eguna gure egutegi politikoetan kokatzea», azpimarratu dute.
Azkenik, konbergentziaren aldeko dei berezia egin dute: «askotariko ezberdintasunek zeharkatzen gaituzte, proiektu politikoetan, lurraldetasunean, izaera zein jatorrietan. Aberri Egunaren inguruan batzen gaituenarekin mezu bat helarazteko euskal jendarteari eta munduari: ‘Hemen Euskal Herria dago’».
Hala, Aberri Eguna Lizarran ospatuko dute martxoaren 28an, eta Lizarran ospatzea erabaki dute foruen abolizioaren ondorioei aurre egiteko instituzionalizazio ahalegin politiko garrantzitsuenetako baten harrera eta babes-lekua izan zelako: Hego Euskal Herriko lau lurraldeetarako Lizarrako Estatutua. Datozen asteetan xehetasun gehiago emango dituzte ospakizun horren nondik-norakoez.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

«Tenemos que lograr que las niñas se quieran, se valoren y que hagan lo que quieran»
