NAIZ
Tolosa

Euskara entzuten da gehien Tolosako inauterietan, ume eta gazteen erabilerak indartuta

Inauterietan hizkuntzaren erabilerari buruzko kale neurketa egin du lehen aldiz Tolosako Udalak. Ondorioa da euskara dela gehien entzuten den hizkuntza, hiru herritarretik bi euskaraz aritzen dira. Umeen eta gazteen erabilerak indartzen du euskara.

Gazte eta umeen erabilerak indartzen dute euskara Tolosako inauterietan, kale neurketaren arabera.
Gazte eta umeen erabilerak indartzen dute euskara Tolosako inauterietan, kale neurketaren arabera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Tolosako inauterietan euskara da gehien entzuten den hizkuntza, hiru herritarretik bik euskaraz egiten dute kalean egun horietan, eta umeen eta gazteen erabilerak indartzen du euskararen nagusitasuna. Horixe da inauterietan hizkuntzen erabilerari buruz Udalak lehen aldiz egin duen neurketaren ondorio nagusia.

Kale neurketaren xehetasunak argitaratu ditu Udalak ohar batean. Bertan jasotzen denez, iazko inauterietan egin zuen inkesta: behatu zen kalean zebiltzan herritarrak zein hizkuntzatan ari ziren. Inauterietako bost egunetan egin zen neurketa: Ostegun Gizenean, Ostiral Mehean, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan. Jende kopuru handieneko eremuetan egin zen behaketa, propio jarritako behatzaile batzuen bitartez, eta guztira 11 orduz neurtuzen inauterietako kale-erabilera. Guztira 4.940 elkarrizketa behatu ziren, eta 9.725 solaskide. Lagin horrekin, neurketak ±1,4 puntuko akats tartea dauka, %95eko konfiantza mailarako. Tolosan urtero egiten den neurketan erabiltzen den metodologia berbera erabili zuten, hau da, behatzaileak kalean ibiltzen dira, aurrez zehaztutako ordutegietan eta lekuetan, eta, solasaldiak entzun ahala, aplikazio batean jasotzen dute haien hizkuntza, baita hiztunen adin taldea eta sexua ere.

Neurketaren arabera, herritarren bi heren pasatxo euskaraz sumatu ziren inauterietan (%67), eta hirutik bat, gaztelaniaz (%32). Beste hizkuntza batzuen erabilera oso mugatua izan zen, %1etik beherakoa.

Tolosan urtean zehar egiten den behaketarekin konparatuz gero, «aldeak handiak dira». Adibidez, argitaratutako azken datua 2024ko neurketarena da: euskararen erabilera %50ekoa zen, inauterietan baino 17 puntu txikiagoa.

Diferentzia hori azaltzeko, Udalak dio kontuan hartu behar dela kalean dabiltzan herritarren profila: «Inauterietan, kalean behatutako herritarren erdiak 25 urte baino gutxiagokoak dira, eta horrek badu eragina emaitzetan, adin talde horiek egiten baitute euskaraz gehien». Baina haragokoa da eragina: adin talde guztietan handitu da erabilera inauterietan, bestelako neurketekin konparatuta. Horri dagokionez, «oinarri bat hartu behar da kontuan: Tolosako kaleetan egindako behaketa ez dagokie tolosarrei soilik, baizik eta egun horietan Tolosan zebiltzanen jarduna jaso da». Hortaz, «nabarmena da bisitariek eragina dutela kaleko erabileran; kasu honetan, euskararen alde». 

Adinaren arabera, kale neurketetan «ohikoa den joera» berretsi du inauterietako ikerketak: «Zenbat eta gazteago, euskararen erabilera handiagoa». Hala, haurretan %83ko erabilera du euskarak, eta adinekoetan, %41ekoa. Hiru multzotan banatu dira: 15 urtetik beherako haurrak, %80tik gorako erabileran; 15-45 urtekoak, %70en bueltan; eta 45 urtetik gorakoak, %45en inguruan.

Emakumeek, gehiago

Generoaren arabera,  inauterietako behaketak berretsi du emakumeek gehiago egiten dutela euskaraz: %68 emakumeek eta %66 gizonek. Adin talde guztietan errepikatu da joera hori, eta alderik handiena 15-45 urtekoen artean dago, zazpi puntukoa.

Inauterietako sei egunetatik bostetan egin zen neurketa, eta badago aldea batetik bestera. Astelenitan entzun zen euskara gehien, eta Ostegun Gizenean; gutxien, Ostiral Mehean eta Zaldunitan. Datu horiek interpretatzean, azaldu du Udalak, kontuan hartu behar da, batetik, egun batetik besterako laginean zer aldaketa dauden, eta, bestetik, egun bakoitzean zer-nolako jarduerak izan diren; adibidez, asteleheneko erabilera handiago hori lotua egon daiteke egun horretan ardatz izaten diren jarduerekin, non haurren presentzia handiagoa den. «Ikusi denez, haurrak tartean izateak handitu egiten du gainerakoen erabilera ere», ondorioztatu dute.