Arnaitz Gorriti

Hilabete iraun duen porrot bolada eten du Kutxabank Araskik Kanaria Handiari irabazita (73-77)

Gasteiztarrek jaitsiera postuan jarraitzen dute Esteponak eta Estudiantesek Valentzia eta Joventut hurrenez hurren gainditu ostean. Jairis eta Ferrolen aurka galduta, berriz, IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia sailkapeneko eremu arriskutsuan murgiltzen hasi dira.

Araski eta IDK asteburu honetan neurtuko dira Mendizorrotzan.
Araski eta IDK asteburu honetan neurtuko dira Mendizorrotzan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urtarrilaren 4an, IDK Euskotrenen aurkako derbian hain zuzen, lortu zuen 2026ko aurreneko garaipena Kutxabank Araskik. Ordutik garaipenik pilatu ezinik zebilen Made Urietaren taldea harik eta pasa den zapatuan Kanaria Handiaren Etxean 73-77 irabazi duen arte. Hilabete honetan bost neurketa jokatu eta denak galdu ditu talde arabarrak; egia da tartean Valentzia Basket, Girona, Ensino edo Jairis bezalako taldeak egokitu zaizkiola, baina egia da, halaber, Araski ez dagoela zein aurkariri irabazi diezaiokeen begira hasteko, jaitsiera postuan baitago.

Zentzu horretan, asteburua ez da ona izan gasteiztarrentzat. Kanaria Handia Emakumeen Ligako azken sailkatuari irabazi dio eta ez da gutxi, baina jaitsiera postuan jarraitzen du, Esteponak eta Estudiantesek beren neurketak irabazi ostean. Malagako taldeak 67-66 irabazi dio depresioak jota dirudien Valentzia Basketi eta Estudiantes, berriz, Joventuten kantxan nagusitu da, 69-86, Emakumeen Eurocup-eko final-laurdenetara sailkatu izanaren euforiaren bulkadaz.

Nolanahi, gasteiztarrek hurrengo jardunaldietara begira jarraitu beharreko bidea aurkitu zuten, neurri baten. Hasteko, taldeko buruzagia Sammi Hill dela garbi geratu zen. Ez bakarrik 14 puntu sartu zituelako Toronton sortutako gasteiztarrak, baizik eta gauza estu zeudenean aurkitu baitzuen saskirako bidea. Ostean, Lahtinen, Toussaint eta Isabela Jourdain ere saskira begira zorrotz azaldu zirelako, arabarren jokoa askotarikoago eta aberatsago egiteko. Eta azkenik, Noa Morro pibotak bere legea ezarri zuelako uztaipean azken minutuetan. Kanaria Handiaren izar nagusia den Merceron gelditzea lortu zuen eta neurketa erabakita laga zuen saskiratzea lortu zuen gainera Mallorcako jokalariak.

Derbiak begi bistan

Jaitsiera postuetatik ateratzeko borrokan IDK Euskotrenen kontra jokatuko du talde gasteiztarrak datorren asteburuan: igandean 18.00etan hasita Mendizorrotzan. Hain justu urriaren 12an Lointek Gernika Bizkaiaren kontra irabazi eta gero, etxean ez du atarramenturik, jokatu ahala galdu baitu talde gasteiztarrak.

Esan gabe doa maila mantenduko badu, Kutxabank Araskik Mendizorrotzan gotortu beharko duela, jai izango baitu osterantzean. Alabaina, berriz ere etxeko garaipenak ospatzen hasteko –«Flying Free» delakoarekin dantzan partida amaieran– Kanaria Handiaren etxean erakutsitako erregulartasuna mantendu beharko dute arabarrek, eta ez larregitan nozitzen dituen muturreko gorabeherak. Esan gabe doa aurkariak ez daudela barkatzeko.

Eta ez zaio IDK Euskotreni barkatzerik komeni, Emakumeen Ligako eremu arriskutsuan murgiltzen ari baita. Asteburuan 53-72 galdu zuen Hozono Global Jairisen aurka eta 8-12 balantzearekin jarri da, azken lau norgehiagoketan kale egin eta gero.

Hartuko luke Araskik donostiarren balantzea, bi garaipen gehiago dituztelako, baina Azu Muguruzaren taldearen gainbehera nabaria da. Murtziako taldeak ez zuen beste munduko ezer egin beharrik izan Gasca pabiloian irabazteko. Laura Gil –bere garaian Hondarribia-Irunen jokatu zuen pibot murtziarra–, Lisa Ehk eta Morgan Bertsch uztaipean zuzen aritzea nahikoa eta gehiago izan zen Jairisek aurreneko hiru laurdenak irabazteko. Azken hamar minutuetako partziala 22nakoa izan zelarik, izerdi handirik bota gabe nagusitu zen Kopako egungo txapelduna.

Paige Robinson hegalekoa izan zen donostiarren artean 10 puntuak gainditu zituen bakarra; alperrik da esatea IDK Euskotrenek hori baino talentu gehiago duela, neurketetan erakutsi behar baita. Mendizorrotzako derbia ez da aukera txarra gipuzkoarrentzat, Araski ez baitabil fin etxean eta Gasteizen oro har ondo moldatu ohi delako Azu Muguruzaren taldea. Egia da, halaber, iaz egundoko muturrekoa jaso zutela Araskiren aurka Arabara egindako bisitan.

Kutxabank Araskik hilaren 15ean derbia jokatu behar badu IDK Euskotrenen aurka, otsailaren 22an beste derbi bat izango du begi bistan: Lointek Gernika Bizkaiaren aurka Malosten. Ikusi egin behar nola iristen diren bizkaitarrak hitzordu horretara, aspaldion liga txapelketan sekulako gainbehera bizitzen ari baita.

Baxi Ferrolen aurka 77-86 galdu zuen Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak, hirugarren porrota pilatuz jarraian. Gorabeheraz jositako partida izan zen: 15-30 galiziarren alde aurreneko laurdena; 27-18 bigarrena; 10-21 hirugarrena; 25-17 azkena. Inondik ere ezin jarraitutasunik aurkitu eta ezin sekula markagailuan aurretik jarri.

Defentsan oso ahul aritu ziren gernikarrak eta uneoro segundo bat atzetik iritsi ziren Ferrolen erasoak gelditu nahian. Erasoan Salvadores, Vonleh, Bessoir, Adams eta Jankovic 10 puntuz goitik sartzeko gai izan ziren, baina Ferrolek ere sei jokalari aurkitu zituen saskira begira asmatu eta 10 puntu edo gehiago sartzeko kapaz izan zirenak.

Ikusi egin behar, esan bezala, Araskiren aurkako derbira nola iritsiko ote diren bizkaitarrak, datorren asteburuan Zaragozan jokatu beharko dute-eta. 7-13 balantzea dauka Lointek Gernika Bizkaiak eta argi ez badabil jaitsiera postuetan aurki dezake bere burua berandu baino lehen.