Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Martxoaren 3ko monolitoan ekitaldia eta «herri mobilizazio handia», 50. urteurrenean

Zaramagako elizan hasten den manifestazioaren ordez, Polizia espainolak bost langile hil zituenetik 50 urte beteko direnean bi ekitaldi antolatu dituzte ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek eta Matxoak 3 elkarteak. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» aldarrikatuko dituzte.

Sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak egindako agerraldia, astelehen honetan.
Sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak egindako agerraldia, astelehen honetan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bi ekitaldik aldarrikatuko dute aurten, 50. urteurrenean, Gasteizko San Frantzisko elizan Polizia espainolak hildako bost langileen memoria. «Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» defendatzea izango du ardatz ‘M3moria, Antolakuntza, Borroka’ lelopean antolatutako mobilizazioak.

Ekitaldien berri emateko, prentsaurrekoa eskaini dute astelehen honetan Zaramaga auzoko elizaren kanpoaldean Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, ESK sindikatuko Javier Saenzek eta Steilaseko Oihana Saenz del Castillok. Beraiekin izan da Martxoak 3 elkarteko Jose Luis Martinez Ocio.

Azaldu dutenez, aurtengo martxoaren 3ko 17.00etan sarraskia gogoratzen duen monolitoaren ondoan hildakoei omenaldia egingo zaie. Izan ere, ordu horretan hautsi zuen Polizia espainolak 1976ko langileen batzarra. Garrantzi berezia izango dute honetan monolitoa eta bere plaka jarri zuten langileek, «gaur egun haien kemenari esker existitzen dela gogoratzeko».

Sindikatuek eta elkarteak nabarmendu dutenez, «orain erakunde guztiek argazkia bertan ateratzen badute ere, behin eta berriz kendu zuten eta ondoren biktimek izan zuten ahanztura instituzional bera jasan zuten».

Ondoren 18.30ean, Katedral Berriaren eta Andre Maria Zuriaren Plazaren arteko tartea hartuko du aldarrikapenak. Katedralean 1976ko hiletak gogoratuko dituzte eta «herri mobilizazio handi baten» ostean plaza hartuko dute. Bertan izango da ekitaldi nagusia, Martxoak 3rekin konprometitutako artisten emanaldiekin.

Mobilizazio ziklo batean

Aurtengo martxoak 3 «mobilizazio ziklo zabal eta beharrezko batean» kokatuta dagoela azpimarratu dute prentsaurrekoan. Gogorarazi dutenez, martxoaren 8an «beste urte batez kalera aterako gara sistema kapitalista, patriarkal eta kolonialak emakumeen bizitza nola prekarizatzen duen salatzeko».

Martxoaren 17an «langile guztientzako gutxieneko soldata duinak eta aberastasunaren banaketa justuagoa exijitzeko» greba orokorra deituta dago. «Orduan bezala, inork ez digu ezer oparituko; horrela, Hego Euskal Herriko gobernuek eta patronalek jarrera bateratua erakutsi dute, lan prekaritate muturrenekoa pairatzen duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen kontra eta gutxi batzuen pribilejioen alde», adierazi dute.

Gainera, «1976ko langile borroketan protagonista izan zirenak pentsio duinak eskatzeko astelehenero kalera ateratzen hasi zirenetik» zortzi urte bete direla azpimarratu dute.

«Oroimenean grabatuta»

Aurtengo mobilizazioa «euskal langileriaren oroimenean grabatuta» geratzea espero dute. Horretarako, argi utzi dute ekitaldia «anitza, herrikoia eta belaunaldien artekoa» izango dela, «aldarrikapenerako espazio segurua», alegia.

Hortaz, «Ertzaintzari bermeak eta beharrezkoak diren barne neurriak har ditzala parte-hartze aske, masibo eta indarkeriarik gabekoa ziurtatzeko eskatu diogu, eta beste urte batzuetako polizia jarduerak ezin direla errepikatu adierazi diogu», jakinarazi dute sindikatuek eta elkarteak.