Joan den asteburuan, mendiko eskiko edo skimoko lehiek pare bat hitzordu ofizial izan zituzten. Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek Erronkariko Pirinioetara eraman zuten Euskal Herriko Txapelketa; proba indibiduala izan zen. Fedmek, berriz, Boi Taulleko eski estazioan kokatu zituen esprint eta errelebo mistoetako Espainiako Txapelketak.
Etxekoari dagokionez, Bandres-Karolo Memorialak jaso zuen euskal txapelketa. Lehiakideek baldintza kaskarrak izan zituzten; izan ere, hego haize zakarrak dezente zaildu zuen lasterketa. 200 eskiatzaileak Belaguako aterpetxetik abiatu ziren, eta Roncaliako El Ferial eski estazioan amaitu zuten. A ibilbideak 20 kilometro eta 2.000 metro desnibel izan zituen, eta B ibilbideko eskiatzaileek 15 kilometro eta 1.300 metro inguruko desnibelari aurre egin behar izan zioten.
Asier Labairu iruindarra (2:31:01) eta Claudia Gutierrez asturiarra (3:01:26) gailendu ziren Memorialean. Labairu pozik zen garaipenarekin. «Ibilbide gogorra izan da oso, mendi-mendikoa, jaitsiera teknikoekin, oinezko tarteekin, trantsizio askorekin, baina niri horrelakoak gustatzen zaizkit. Ederra izan da». Gutierrez ere pozarren zen helmugaratu berritan: «Nire bigarren urtea zen Bandres-Karolon, iaz ikaragarri gustatu zitzaidan, eta aurten are gehiago. Sekulako lasterketa izan da. Mendiko eskiak eduki behar duen guztia eduki du. Elurra gogortxo egon da, baina jaitsierak nahiko ondo zeuden, eta oso gustura ibili naiz».
Euskal Herriko Txapelketan Labairu bera izan zen txapeldun gizonezkoen mailan, bigarrena Jon Ander Aranburu eta Asier Alonso hirugarrena. Emakumezkoetan, Memorialean bigarren postuan geratu zen Nahia Quincoces mendexarrak eskuratu zuen txapela: «Hiru aurreneko neskak bateratsu ibili gara, orain bat aurreratu, orain bestea, eta oso polita izan da. Mendiko eskiaren esentzia hau duten lasterketak gero eta gutxiago daude, eta plazer bat da beste urte batez hemen egotea». Uxue Loizuk bigarren postua sinatu zuen euskal txapelketan, eta Uxue Frailek hirugarrena.
Gazte maila ezberdinetan honako irabazleak izan ziren: Oier Moreno (U23), Markel Barrio (U20), Kimetz Korta (18), Ane Rubio (U16) eta Kai Lopez (U14). Beteranoetan: Quincoces eta Loic Thevin gailendu ziren.
Urrea, donostiararentzat
Bestalde, Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) Boi Taulleko eski estazioan antolatu zituen esprinteko eta errelebo mistoetako Espainiako Txapelketak. Lehen hitzordu azkarrean eta laburrean (esprintean) Iñigo Martinez de Albornozek irabazi zuen 70 metroko desnibela zuen ibilbidean, 2:56 denborarekin. Donostiarraren atzetik bi eskiatzaile katalan sailkatu ziren: Biel Pujol eta Marc Rauda. Beste euskal eskiatzaile bat, Aitor Ugarte, finalean sartu eta bosgarren postuan sailkatu zen.
Emakumezkoen kategoriako finalean ez zen euskal ordezkaririk izan. Anna Huguet katalana nagusitu zen. Maria Ordoñezek bigarren postua egin zuen eta Ares Torresek hirugarrena.
Errelebo mistoetan, berriz, lehiakideek gogor estutu behar izan zuten batez ere 68 eta 83 metroko desnibela zuten bi igoera gogorretan. Huguet eta Albert Torres katalanak izan ziren azkarrenak 30 minutu eta 22 segundoko kronoarekin. Ordoñez eta Gonzalo Casares bigarrenak izan ziren 30 minutu eta 57 segundoko denborarekin. Martinez de Albornoz eta Malen Osa podiumaren hirugarren kutxara igo ziren; irabazleengandik 45 segundora heldu ziren.
Seniorren B finalean, Aitor Ugartek eta Jon Razkinek lehen postua sinatu zuten. Eta jubenilen B finalean, azkenik, Ibai Hernani eta Hugo Robles hirugarren postuan sailkatu ziren.

Hallan muerto al alcalde saliente de Bildoze-Onizepea, derrotado en los comicios

Auzapezen kontrako zigorraren eskutik, aldaketa franko baieztatu ditu lehen itzuliak

La Guardia Revolucionaria iraní asegura que matará a Netanyahu «si es que sigue con vida»

«ETB3 itxiz gero, 170.000 haur eta gaztetxori ukatuko zaie euskarazko edukietarako sarbidea»
