NAIZ

Ernairen margoketak emakume bati sukaldean sartzen uzteagatik bazkide bat kaleratu zuen Aizepen

Emakume bati sukaldean sartzen uzteagatik bazkide bat kaleratu zuen Donostiako Parte Zaharreko Aizepe elkarte gastronomikoak duela gutxi eta elkartearen aurkako margoketak egin ditu bart Ernaik, salatzeko «berdintasunera bidean oztopo» dela.

Aizepe elkartean Ernaik paratu duen kartela.
Aizepe elkartean Ernaik paratu duen kartela. (NAIZ)

Aizepe elkarte gastronomikoan margoketak egin eta pankarta jarri du Ernaik bart. Izan ere, Donostiako Parte Zaharreko elkarteak bazkide bat kaleratu du duela gutxi, 2024an emakume bat sukaldean sartzen uzteagatik. Bazkide ohia ‘Hirutxuloko Hitza’-rekin harremanetan jarri zen kanporatzea salatzeko.

Elkarte honek ez die emakumeei bazkide izaten uzten, ezta sukaldean sartzen uzten ere, barne araudian zehaztutako data, egoera eta baldintzetan izan ezik. Danborradan ere gizonen parte hartzea besterik ez dute baimentzen, hots, Donostiako Danborradan parte hartzen duten elkarteetan bakarra da emakumeen parte hartzea ukatzen duena.

‘Hirutxuloko Hitza’-k zabaldutako informazioaren arabera, Aizepek 2026ko San Sebastian egunean, Irungo eta Hondarribiko alarde baztertzaileetako kideak gonbidatu zituela elkartearen danborradara.

Bazkide ohiaren salaketa zabaldu ostean egin ditu Ernaik margoketak, haien sare sozialetan zabaldu duten bideoak ikusi daitekeen moduan. Oharra ere plazaratu dute.

Parte Zaharreko Ernaik «irmoki salatu» du elkartearen jarrera eta adierazi du ez duela «onartzen gaur egungo gizartean oraindik ere jarrera matxista eta baztertzaileak dituzten elkarteek tokirik izatea».

Era berean, gogoratu nahi izan du Aizepe ez dela emakumeak sukaldean sartzen uzten ez dituen elkarte bakarra eta, gazte antolakundearen aburuz, «horrek are larriago egiten du egoera». Azaldu du horrek bultzatu duela erantzutera, «argi» erakusteko era horretako elkarteek «aurrean» izango dituztela, berdintasunaren aurrean «oztopo» izaten jarraitzen duten artean.