
Xuhar Herri Plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Tolosako Soldadu kalean, duela bi urte Ertzaintzaren foam pilotadaka batek Xuhar Pazos zauritu zuen tokian bertan. Horren ondorioz, eskuineko begiko ikusmena galdu du gazte billabonatarrak. Inauterietan gertatu zen hori, gaur bezala herria festa giroan murgilduta zegoela. Tolosako epaitegiak auzia bigarren aldiz artxibatzea erabaki zuen iragan abenduan eta Pazosen abokatuak errekurritu egin zuen erabakia.
Elkarretaratzean plataformako kideek nabarmendu dutenez, «bi urte dira Xuharren lagunentzat, familiarentzat eta Xuhar berarentzat inoiz pentsatu ezina zen infernu bat hasi zenetik. Festa giroan eta inauteriez gozatzen ari zen kale honetan, ustezko istilu batzuk disolbatu asmoz sartu zen Ertzaintza kalean; beraien esanetan gainera, bertan zeuden gazteek botilak bota zizkieten ertzainei», gogoratu dute.
Gogoratu dute orduko Segurtasun sailburu zen Josu Erkoreka gazte billabonatarra ere «botilak botatzen ari zenaren errelato gezurtia inposatzen» saiatu zela komunikabideetan, baina gerora irudietan «argi» ikusi ahal izan zela «Xuhar ez zegoela inondik ere istiluetan parte hartzen eta distantzia batera gertatzen ari zena ikusten besterik ez zela ari. Edonor izan gintezken Xuhar».
Plataformak dioenez, «lehenengo momentutik» saiatu dira «proportzionaltasuna ezbaian jarri eta bertan zeuden agenteak auzibidean jartzen».
«Agerikoa da festa giroan eta jendez lepo dagoen kale batetan segurtasun neurriak errespetatu gabe tiroka hastea ez dela proportzionaltasuna mantentzea baina, argi geratu zaigu beste behin, Ertzaintzaren jokabidea neurtu eta epaitu behar duten sailburu eta epaileek asmo argiak dituztela auzi hau beste askoren moduan artxibatu eta beste behin Ertzaintzari eta bere jokabide biolentoei inpunitate osoa eskeintzeko», hausnartu dute.
Beraien ustez, «arazo larria da herritarron segurtasuna bermatu behar duten horiek gure osasuna eta ongizatea arriskuan jarri soilik ez eta herritarrak larriki zauritzea». Xuhar ez dela «lehenengoa izan» eta «tamalez ezta azkena ere» deitoratu dute, eta Rosa Zarra, Iñigo Cabacas, Remi Ayestaran, Amaya Zabarte, Iker Arana eta Aritz Ibarra aipatu dituzte, «beste hainbaten artean».
«Polizia eredua ezbaian jarri»
Horregatik, «Polizia eredua ezbaian jarri eta Ertzaintzak biolentzia erabiltzeko duen inpunitatearekin amaitzeko unea» dela deritzote, eta horixe bera eskatu diete arduradun politikoei. «Ertzaintza bera kontrolatzeko gaitasunik ez duen Segurtasun sailari, biolentzia katea zuritzeari utzi eta biktimekiko errespetua adieraztea eskatzen diogu egun sailburu den Bingen Zupiriari. Ertzaintzak ezin du modu anakronikoan herritarrak larriki zauritzen jarraitu. Kalte atzeraezinak utzi zizkion duela bi urte Ertzaintzak Xuharri eta egun oraindik oinazea sortzen jarraitzen dute zauri horiek Xuharrengan, zer esanik ez ikusmena erabat galdua duela eskuineko begitik», nabarmendu dute.
Bi urte hauetan babesa eskaini dietenei eskerrak eman dizkiete, eta iragarri dute lanean jarraituko dutela «Xuhar eta gainontzeko zaurituek horren beharrezkoa duten aitortza eta erreparazioa jaso ditzaten, auzibideak behar duen bidetik igaro arte, biolentzia polizialarekin amaitu arte. Ezin da eta gehiago luzatu».

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Oyarzabal vuelve a sentenciar al Athletic desde los once metros y lleva a la Real a Sevilla
