Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hamaika eragile eta gizarte mugimenduk bat egin dute martxoaren 17ko greba orokor deialdiarekin

Euskal Herriko hamaika eragile eta gizarte mugimenduk atxikimendua agertu diote martxoaren 17ko greba deialdiari. Lanuzte orokorrarekin bat egitera deitu dituzte euskal herritar langileak zein, oro har, herritarrak, baita greba batzordeetan antolatzera ere.

Bilbon egin dute agerraldia.
Bilbon egin dute agerraldia. (Mikel MARTÍNEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Martxoaren 17ko greba orokor deialdiarekin bat egin dute Euskal Herri osoko hainbat eragilek eta atxikimenduak aurkezteko agerraldia egin dute Bilbon. Desberdintzen dituzten desadostasunak alde batera utzita, bat egin dute 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko, «pertsona guztientzako onura» dela adierazita. Beste askoren artean, Aiaraldeko Greba Batzordea, Euskal Herrian Euskaraz, Ernai, Gure Esku, Harrera Sarea, Jardun, Kakitzat, OPA Herri Plataformak eta Trabajadoras No Domesticadas batu dira deialdira.

Gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak bizitza duina bermatzen ez duela salatu dute. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak direla ekarri dute gogora eta, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean izaten ari dela eragina.

Mundua «hankaz gora» dagoela azpimarratu dute, «sistema kapitalista partiarkal, ekozida eta arrazista» tarteko, eta zehaztu dute Euskal Herria ez dagoela errealitate horretatik aparte. Izan ere, patronalak gutxieneko soldata propioa izatearen eta kopuru hori 1.500 euroan ezartzearen aurka agertu dira. «Bertan bizi garenon oinarrizko beharrak asetzeko diru sarrera nahikoa izatea ekidin nahi dute», leporatu diete.

Agerraldian parte hartu duten eragileek argi dute egungo egoeran «bizi proiektu desiragarriak eta duinak» aurrera ateratzea «ezinezkoa» bilakatzen ari dela. Horri aurre egiteko ezinbestekoa iruditzen zaie LGS propioa, eta aldarrikapen horretan bat egin dute «egunero herri eta auzoetan antolatzen garen hamaika eragile sozial eta herri mugimenduk».

Era berean, azpimarratu dute egungo zaintza sistemak duen egitura «klasista, arrazista eta patriarkala». Horregatik, «etxeko lanaren eta zaintza lanaren esparruan ere» lan harreman «justuen» aldeko aldarrikapena ere kalera atera nahi dute martxoaren 17an.

Greba orokorrarekin ez ezik, aurretiaz egiten ari diren lanketa eta prestaketara ere batu daitezen eskatu diete langileei eta, oro har, jendarteari, herri eta auzoetako greba batzordeetan parte hartuta.

«Gu aurrez aurre izango gaituzten langile eta herri antolatua gara», adierazi dute, eta martxoaren 17an lantokiak uztera eta kaleak hartzera dei egin dute.