
Mozorroen jaitik, pilotaren jaira. Tolosako Beotibar pilotalekuak hartu du ostegun arratsalde honetan play-offeko estreinako partida Altuna-Ezkurdia eta Zabala-Martijaren artean.
Astearte gauean amaitzen da jaia Tolosan, baina jende andana igaro da herriko kaleetatik Beotibarreko harmailetara. Altuna eta Ezkurdiaren erakustaldia ikusi dute; batez ere, bikain aritu da arbizuarra, eskumuturrean kolpea hartu arren. Kaskar ibili da Zabala eta, urdinak markagailuaren atzetik izan dira une oro. Aldea murriztea lortu dute (11-10), baina etenaldiaren ostean urrundu egin dira markagailuan gorriak, maila handia erakutsiz (22-12).
Gauzak horrela, Binakako Txapelketak ezagutu du finalerdietan izango den hirugarren bikotea: Altuna-Ezkurdia. Zabala-Martija bikoteak, ordea, bigarren aukera izango du igande arratsaldeko partidan, Arrasaten. Aurrez aurre arituko dira, Zornotzan, ostiralean, irabazten duen bikotearen aurka: Jaka-Iztueta / Larrazabal-Unax Landa.
Zabala-Martija (urdina) eta Altuna-Ezkurdia (gorria) ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatuak izan dira, hurrenez hurren. Izen handiko bikoteak aritu dira Beotibarren, aurrez aurre. Alabaina, hil ala biziko dema hauetan, eskarmentuak pisu handia dauka, eta Ezkurdia-Altuna bikoteak abantaila hori baliatu du.
Dema menperatu dute lehen unetik. Hain justu ere, 106 pilotakada eman dituzte lehen hiru tantoetan, pilotakada ugariko jokaldiak osatu dituzte lehen minututik. Altuna ez zen jokoan sartzen eta, beraz, zailtzen ari zitzaion lana Ezkurdiari. Hortik bilatu dute garaipena urdinek. Oso fin ibili da Zabala hasiera batean; lehenengo hiru puntuak errioxarrak irabazi ditu (1-3).
Pixkanaka, neurketa gogortuz joan da, eta hiru tanto jarraian eginik, aurrean jarri dira Altuna eta Ezkurdia. Altunak ez du barkatu aurreko txokoan, jaun eta jabe bihurtu baita. Erasokor ibili da Amezketako magoa eta, Zabala lehertzeko asmo osoarekin, gainetik jarri dira gorriak (4-3). Oso nekagarriak izan dira lehenengo tanto hauek eta, gorriek markagailua irauli dutenean, Zabala-Martija bikoteak erabaki du etenaldi bat egitea.
Bolada onetik tiraka, bost tantoko aldea eskuratu du Altuna-Ezkurdia bikoteak (8-3). Partida txukuna eta biribila jokatzen ari ziren pilotari gorriak. Oso ondo banatzen ari ziren pilotakadak, kimika handia erakutsiz; zaila da hauek geldiaraztea distira egiten duenean. Haatik, huts egin du Altunak, lehenengoz: amezketarraren ezkerrekada kontrakantxan amaitu da eta murriztu dute aldea urdinek (8-4). Oxigenoa hartu dute Zabalak eta Martijak.

Erakusgarria izan dira hamalaugarren eta hamabosgarren tantoak, emozio handikoak; biak gorrien alde erori dira. 42 pilotakaden ostean, Zabala beste behin pilota txokoan uzten saiatu da, baina guztietan ederki erantzun du Ezkurdiak. Urteko partidarik onena sinatu du arbizuarrak. Segidan, Altunaren gantxoetako batek ahoa irekita utzi ditu ikusleak (10-5).
Min hartuta, baina, Ezkurdia aurrera
Barearen ostean, etorri zaie ekaitza Altunari eta Ezkurdiari, arbizuarrak kolpea hartu baitu eskumuturrean, ezker horman jo ostean. Hortzak estutu eta aurrera jarraitu du Ezkurdiak, baina kolpeak baldintzatu dio hurrengo puntuetan. Urdinek asko luzatu dute kantxa, eta urrunetik arazoak izan ditu Arbizuko pilotariak. Egoera baliatuz, aldea murriztu dute urdinek (11-10). Ziztu bizian eta burumakur, aldageletako bidea hartu du Ezkurdiak. Demako alde murriztuena da izan da honako hau.
Atsedenalditik bueltan, Ezkurdiak eta Altunak aginduz ekin diote partidari, lehen hiru tantoak haienak izan baitira (14-10). Pilotakada gutxiko tantoak izan dira hauek, nekea sentitzen hasi baita pilotarien hanketan.
Asko jokatzen ari ziren biak, bikain funtzionatu dute azken tantoetan eta lana bukatzea besterik ez zitzaien falta. Handik aurrera, nagusitu egin dira eta, aldiz, Zabala eta Martija ahuldu. Gauzak horrela, aldea gero eta handiagoa zen (17-10).
Lau tantora zuten Ezkurdiak eta Altunak finalerdietako txartela eta, momentu hartan, Zabalak hanka-sartze ikaragarria egin du: pilota jotzeko keinua egin du aurreko txokoan, baina huts egin du (20-12). Ez da Zabalaren egun onena izan, ez da zorrotz ibili eta tanto gutxi egin ditu.
Azken bi tantoak azkar egin dituzte Ezkurdiak eta Altunak, nahiz eta asko luzatu den partida. Hain justu ere, 710 pilotakada eman dira. Besarkada hunkigarri batekin ospatu dute garaipena gorriek, merezita. Fin aritzen badira, geldiezinak direla erakutsi dute.
FITXA TEKNIKOA:
Ezkurdia-Altuna: 22
Zabala-Martija: 12
Pilotakadak: 710 Iraupena: 67 minutu. Markagailua: 1-0, 1-3, 8-3, 8-5, 10-5, 10-8, 11-8, 11-10, 14-10, 14-11, 18-11, 18-12 y 22-12. Sakez egindako tantoak: 2 Altunak eta 2 Zabalak. Tantoak: 8 Altunak, 5 Ezkurdiak, 2 Zabalak eta 4 Martijak. Galdutako tantoak: Altunak 2, Ezkurdiak 2, 6 Zabalak, 0 Martijak.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra
