
Binakako Txapelketa luze hau pixkanaka badoa faseak gainditzen. Igande honetan, Arrasateko Uarkape pilotalekuak play-offetako azken partida erabakigarria jaso du. Hasiera oso berdindua izan bada ere, Jaka-Iztuetak 13-0ko partziala sinatu dute (7-9tik 20-9ra pasa dira), Zabala-Martijaren desesperazioa eraginez eta iraulia ezinezko eginez (22-10).
Hala, Jaka-Iztuetak osatuko dute hiru jardunaldi izango dituen finalerdietako ligaxka, Laso-Albisu, Elordi-Zabaleta eta Altuna III.a-Ezkurdia bikoteekin batera. Beste era batera esanda, Aspeko bi bikote eta Baikoko beste bi arituko dira, nahiz eta badirudien azken aldian pilotan egon diren aldaketek enpresa arteko lehia horrek etorkizun batean garrantziarik izango ez duen.
Uarkapera gerturatutako pilotazaleek jaialdi hasiera bikaina izan dute, herriko Murua aurrelariak aurreneko partida jokatzen baitzuen; eta bigarren partida, txapelketakoa, oso erritmo bizian hasi da, denen gozamenerako.
Zabala-Martija ostegunean Altuna III.a-Ezkurdiaren aurka galtzetik zetozen; Jaka-Iztueta, aldiz, ostiralean Larrazabal-Landari irabazita iritsi ziren, baina lanak gogotik egin ostean. Horregatik, oso garrantzitsua zen atzelariaren egoera zein zen ikustea.
Urdinek, lehendabiziko tantoetan, asko behartu dituzte gorriak. Zabala oso motibatuta zegoen, jokoan asko sartuz, eta tanto eder batzuk utzi ditu, 2-0tik 3-6ra pasaz.
Kasualitateak kasualitate, aurrelari errioxarrak 7-9koa egin du, ezkerrez txokoan amaitutako tantoa. Eta hor amaitu da urdinen neurketa. Oso motibatuta zegoen beste pilotari batek, Jakak, erremate erakustaldiarekin hasi da.
Era guztietako tantoak gorrien alde erori dira eta aldeak handitu dituzte. Pentsa, 13-0ko partziala sinatu dute. Baina tarte horretan erakutsitako defentsa-lana ere aipatzekoa da. Urdinek tanto batzuk egiteko aukera izan dute, baina Jakak eta Iztuetak ez zuten finalerdietan egoteko aukera galtzen utzi nahi eta denen memorian geratuko dira 15-9koa edota hurrengo tantoan gorriek erakutsitako kemena. Bikain defendatzeaz gain, Iztuetak bere bikotekideak eskainitako zenbait atseden momentu aprobetxatu ditu eskuinkada zitalak bota eta Martija urruti mantentzeko. Eta hortxe amaitu da dena.
Finalerdietako ligaxka
Behin finalerdietako ligaxka osatuko duen laugarren bikotea nor den ezagututa, fase berriari hasiera emango zaio datorren larunbatean. Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Altuna III.a-Ezkurdia eta Elordi-Zabaleta arituko dira nor baino nor lehen jardunaldian. Egun bat geroago, igandean eta Iruñeko Nafarroa Arenan, Jaka-Iztueta eta Laso-Albisu lehiatuko dira.
Ligaxka honetako bigarren jardunaldia martxoaren 7an, berriro ere Donostian, eta 8an, Gasteizko Ogetan, jokatuko da; eta hirugarrena eta azkena, 14an, Tolosako Beotibarren, eta 15ean, Logroñoko Adarragan, izango da. Final handia, aldiz, martxoaren 29an jokatuko da, Nafarroa Arenan.
B Seriea
Bigarren Mailako edo Binakako Serie B Txapelketaren finalerdietako ligaxka erabakita dago ere. Fase hori datorren ostiralean hasiko da, lehen jardunaldiarekin. lehendababiziko partida Orozkon jokatuko da, eta bertan arituko dira aurrez aurre Peña II.a-Salaverri II.a eta Murua-Gabirondo. Egun bat beranduago, larunbatean, Baños del Rio Tobiako Barberito I.a pilotalekuan, aldiz, Dario-Loza eta Salaberria-Gaskue bikoteek neurtuko dituzte indarrak.
Bigarren jardunaldia martxoaren 6an, Legution, eta 7an, Arnedon, jokatuko da; eta hirugarren eta azkena Loiuk jasoko duen jaialdi batean izango da, martxoaren 13an. Finala, aldiz, hilabete bereko 21ean izango da, Bergaran.
PARTIDAKO FITXA:
Jaka-Iztueta: 22
Zabala-Martija: 10
Pilotakadak: 622. Iraupena: 63:28 minutu. Markagailua: 2-0, 2-3, 3-3, 3-6, 5-6, 5-7, 7-7, 7-9, 20-9, 20-10 eta 22-10. Sakez egindako tantoak: 0 Jakak eta 0 Zabalak. Jokoan egindako tantoak: 15 Jakak, 4 Iztuetak, 4 Zabalak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 3 Jakak, 1 Iztuetak, 1 Zabalak eta 2 Martijak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Arrasateko Uarkape pilotalekuan Binakako Txapelketako play-offetako azken partida ikusteko. Lehen sakea gorrientzat izan da.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

