NAIZ
Gasteiz

Berdintasun espazioak babestu eta eremu guztietara zabaltzeko deia, Emakunderen M8ko kanpainan

Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek Martxoaren 8ari begirako aurtengo kanpaina aurkeztu dute. ‘Eman tokia berdintasunari’ lelopean azken aldiko erreakzio matxistari aurre egitea du xede.

Trinidad Vicente, Iñaki Gurtubai, Miren Elgarresta, Esther Apraizeta Nerea Isasi, Lehendakaritzan.
Trinidad Vicente, Iñaki Gurtubai, Miren Elgarresta, Esther Apraizeta Nerea Isasi, Lehendakaritzan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel EAEko Udalen Elkarteak ‘Eman tokia berdintasunari’ kanpaina sustatuko dute martxoaren 8aren inguruan. Bizitzako eremu guztietan berdintasunezko guneak defendatzeko eta zabaltzeko gonbita izan dadin nahi dute, «berdintasuna ez baita lorpen bermatua, zaindu eta babestu beharreko espazioa baizik».

Kanpaina astelehen honetan bertan abiatu da eta martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan.

Aurkezpena Lehendakaritzaren egoitzan egin dute, Gasteizen, eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak, Trinidad Vicente Bizkaiko Berdintasun zuzendariak eta Esther Apraiz Eudeleko presidenteak parte hartu dute.

«Gainditutzat jotzen ziren eta berdintasunaren eta justizia sozialaren aurkako oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen berpiztearen aurrean», EAEko herri erakundeek bizitzako eremu guztietan berdintasunerako espazioak berreskuratzera eta kontserbatzera animatu nahi dute jendartea.

Elgarrestak adierazi du «mundu mailako erantzun bat» agertu dela berdintasunaren aurrerapenen eta feminismoaren lorpenen aurrean. Bada, iragarri duenez, mehatxu horren aurrean, eta atzera bueltarik ez izateko, aurtengo M8rako antolatutako kanpainak berdintasun guneak zabaltzera animatzen du: «Berdintasunaren espazioa babestu behar dugu atzerapausorik ez izateko».

Emakundeko zuzendariak hainbat adibide azaldu ditu berdintasun ingurune horiek nola berreskura daitezkeen azaltzeko, hala nola, lan eremuan berdintasun planak «benetan» aplikatuz, hezkuntza arloan estereotipoak ezabatzen laguntzen duen hezkidetza bultzatuz edo etxeko zereginen eta zainketen banaketa orekatua sustatuz.

Hedabideetan eta sare sozialetan ere jarri du arreta, eta azaldu du «gorroto eta desinformazio diskurtsoak» salatu behar direla. Administrazioetan, «genero ikuspegia» erabaki politiko bakoitzean txertatzeko deia egin du eta eguneroko bizitzan, «gure jarrerak berrikusten berdintasunaren ikuspegitik, eta emakumeei askatasunez eta indarkeria matxista jasateko mehatxurik gabe bizitzeko aukera emanez».