NAIZ

Erremonteak eta esku pilotak material aukeraketak izan dituzte Galarretan eta Atano III.ean

Hernanin, Barrenetxea IV.ak eta Ansa II.ak larunbatean jokatzekoa den erremonteko Masterseko finalerako pilotak aukeratu dituzte. Donostian, aldiz, Altuna III.ak eta Elordi-Zabaletak Binakako finalerdietarako materiala probatu dute. Ezkurdiak huts egin du, sukarrak jota.

Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a, astearte honetan Galarretan.
Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a, astearte honetan Galarretan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Material aukeraketa eguna izan da astearte honetakoa, bai erremontean eta bai esku pilotan. Hernaniko Galarretan, datorren larunbatean Masterseko finala jokatu behar duten Endika Barrenetxeak eta Imanol Ansak hitzordua egin dute pilotak aukeratzeko, eta badirudi faktore hau ez dela aitzakia izango.

Bi erremontistek pilota antzekoak aukeratu dituzte. Barrenetxea IV.a izan da lehena kantxaratzen eta aurkariak baino material pisutsuagoarengatik egin du apustu: 126 eta 127 gramoko bi pilota.

Ondoren, Ansa II.ak 124 eta 125 gramoko beste bi aukeratu ditu; beraz, bi gramoko aldea dago hernaniarrak eta urnietarrak aukeratutakoen artean. Adierazi dutenez, ez dira pisutsuak, alaiak eta biziak baizik, txapelketan zehar jokatu duten materialaren antzekoa.

Binakakoa Donostian 

Hernanitik ez oso urruti, Donostiako Atano III.ean, Altuna III.ak eta Elordi-Zabaletak larunbateko Binakako finalerdien lehen partidarako materiala aukeratu dute. Joseba Ezkurdiak huts egin behar izan du, sukarrak jota baitzegoen, baina jokatzeko prest egongo dela ziurtatu dute.

Ezkurdiaren faltan, Altuna III.ak hitzordua egin du Elordi-Zabaletarekin Donostian. (BAIKO PILOTA)

Kasu honetan, badirudi materiala oztopo izan daitekeela. Izan ere, bost pilotekin «pozik» geratu badira ere, Zabaleta deseroso agertu da seigarrengo batekin. Haren ustez, «frontisetik irteera gutxiago du eta behetik asko botatzen du». Are gehiago, «besteak baino ilunagoa» dela azpimarratu du Etxarreneko atzelariak.

«Pozik» agertu den Altuna III.arentzat, aldiz, pilota guztiak «pilotaleku honetarako azkarrak eta egokiak» direla iritzi du. Larunbateko partidari dagokionez, dena ondo egin beharko dutela azpimarratu eta finalerdietara iristea mugarri bat dela uste du.