NAIZ

Jaka-Iztueta, igandean Nafarroa Arenan Laso-Albisu faboritoen aurka «egurra» emateko prest

Kasualitateak kasualitate, Jakak eta Iztuetak ez dute oroitzapen ona izango lehen fasean euren kontra jokatutako bi partidekin. Bietan galdu egin zuten, eta jipoi handia jasota (22-5 eta 22-6), baina finalerdietako ligaxka beste fase berri bat da.

Laso-Albisu eta Jaka-Iztueta, Nafarroa Arenan.
Laso-Albisu eta Jaka-Iztueta, Nafarroa Arenan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako Txapelketako finalerdietako partida ikusgarria espero da igande honetan, Iruñeko Nafarroa Arenan. Bertan arituko dira Laso-Albisu ligaxka luzeko lider sendoak eta konfiantza handiarekin dagoen Jaka-Iztueta bikotea. Baikoko bikoteak dira biak, larunbatean Aspeko beste biak arituko baitira elkarren kontra Donostiako Atano III.ean.

Esan bezala, Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk oso bikote sendoa osatu dute txapelketan zehar. Horren erakusle garbia da lehen fase horretan 13 garaipen lortu dituztela 14 jardunaldietan. Neurketa bakarra galdu zuten, hirugarren jardunaldian, dagoeneko kanporatuta dauden Larrazabal-Mariezkurrena II.aren aurka (20-22).

Albisuk partida guztiak jokatu ditu, denetan egon da; baina Lasok bakarra galdu du. Peña II.ak ordezkatu zuen eta, hala ere, Altuna III.a-Ezkurdiari irabazi zioten. Fase berri hau beste oztopo bat izango da.

Faborito bezala aterako dira igandean. Lasok normaltzat hartu du faktore hori, baina «denak zerotik» hasiko direla nabarmendu du. Izan ere, hiru jardunaldi besterik ez ditu izango finalerdietako ligaxkak, eta ahalik eta azkarren lehen puntua eskuratzea oso garrantzitsua izango da.

«Normala da jendeak gu faboritotzat hartzea txapelketan egin dugunagatik, baina zerotik hasiko gara. Beraien aurka jokatutako aurreko partidetan ondo aritu ginen, baina maila altuago batean jokatuko dutela uste dugu», azpimarratu du asteazken honetako material aukeraketan Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak.

Aurkariei buruz, honakoa adierazi du nafarrak: «Bi partida irabaztetik etorriko dira, konfiantzarekin daude. Aurreko partidan ikusi genuen Erik oso ongi dagoela, Martxelek ere Kristoren partida egin zuen. Guk gurea egin behar dugu, ongi gaude eta ea partida ona egiten dugun».

Jon Ander Albisuk, berriz, jarraitu beharreko gidoiari buruz mintzatu da: «Gure asmoa atzean kargatzea da. Badakigu Erik oso momentu onean dagoela, tantoak oso ondo amaitzen ditu eta saihesten saiatuko gara».

Baina bera ere oso ondo dago: «Txapelketa ona atera zait, beste batzuetan ere, baina emaitzek konfiantza ematen dizute eta horren errudun handia Unai da. Asko laguntzen nau».

Jaka-Iztueta, «konfiantzarekin»

Eta aurkariek zer diote? Martxel Iztuetak oso argi azaldu du: «Igande honetan partida zaila izango dugu, aurkari oso gogorrak dira, Kristoren ligaxka egin dute partida ia guztiak irabazita. Gu konfiantzarekin iristen gara, Kristoren ilusioa daukagu eta egurra ematea aterako gara».

Kasualitateak kasualitate, Jakak eta Iztuetak ez dute oroitzapen ona izango lehen fasean euren kontra jokatutako bi partidekin. Bietan galdu egin zuten, eta jipoi handia jasota (22-5 eta 22-6). «Beraien aurka ez geunden batere ondo egon; ea hobetu ezakegun», azaldu du tolosarrak.

Atzeko koadroetan lehia handia izango du Albisu bezalako jotzaile batekin. «Zaila da Jon Anderri mina egitea, ikusi baitugu zer maila ematen ari den, baina saiatuko gara», onartu du.

Erik Jaka iritzi berekoa da. Aurrelariak uste du oso bikote «sendoa» osatu dutela Lasok eta Albisuk. «Orain arteko partida ia guztietan jokoa dominatu dute eta huts gutxi pilatu dituzte. Sendotasun hori berdindu behar dugu eta aurrean fin ibili beharko gara», azpimarratu du gipuzkoarrak Nafarroa Arenan.

Materialari dagokionez, badirudi denak pozik geratu direla. Lasok eta Albisuk 106,2 eta 105,5 gramoko beste bi aukeratu dituzte; Jaka-Iztuetak, aldiz, 105,5, 105,8 eta 106,1 gramoko beste hiru.