
Bidaia handi guztiak pausu txiki batekin hasten direla dio aitzineko esaera zahar txinatar batek. Duela hamarkada bat inguru Larrabetzun neska talde batek esku pilotan jokatzeko azaldu zuen gogoak ez zirudien bide handirik egingo zuenik, baina emakumezkoen kirolean iraultza baten ernamuina ipini zuen. Hamar urte dira dagoeneko Emakume Master Cup Zirkuituak emakumeek esku pilotan jokatu ahal izan dezaten mundu berri bat ireki zuenetik eta urteurren borobil hori festa eder batekin ospatu dute ostegun honetan Arrasateko Amaia Antzokian.
Bertan, urte hauetan guztietan alboan izan dituzten laguntzaile eta erakunde desberdinetako ordezkariak izan dira eta, nola ez, honen guztiaren protagonista diren emakume pilotariak, gazteenetatik hasi eta dagoeneko erreferente bihurtu diren eliteko izarretaraino. Gainera, ekitaldia pilotariek aurten erabiliko dituzten Andrazko izeneko kirol jantzi berri propioak aurkezteko aprobetxatu dute.
Ospakizunean, hamarkada honetan lortutako guztia balorean jarri izan nahi dute. Ekimen aitzindaria izan zen Emakume Master Cup Zirkuitua eta egun bere baitan Euskal Herri osoan eta Errioxan 80 jaialdi eta 240 partida jokatzen diren bitartean, gogoratu dute nola, lehiaketa faltak, palara aldatzera edo, are okerrago, pilota uztera kondenatzen zituen, aurreko belaunaldietako neska nerabeak. Hasieran emakumeak pilotalekuetara erakartzea kosta bazen ere, Emakume Master Cup iraultzaren ostean, gero eta gehiago dira oso txikiak direlarik esku pilotan hasten diren neskatilak eta, euren nahi eta beharretara moldatzen den lehiaketa sistema bat izanda, elite mailara heltzeko aukera dutenak, euren burua kirolez aldatzera behartuta sentitu gabe.
Azken lorpenen artean, Bilbon jokatu zen Nazioen Ligan Nazioarteko Pilota Federazioak lehen aldiz emakumeen esku pilota sartzeak ere, pentsaezina zirudien iraultza honen aurretik. Llargueseko munduko txapelketan, one wall-ean, frontball-ean ere emakumeen presentzia gero eta nabarmenagoa da, mundu zabalean ere emakumeen esku pilotak interesa sortzen duenaren adibide garbia.
Zirkuituak lortu duen erakargarritasunaren ispilu da, halaber, gaur egun urtean EITB-k 15 emanaldi eskaintzen dituela bere telebista kanal eta internet zerbitzuetatik, Euskal Herrian eta nazioartean primerako emakume kirolari hauei ikusgarritasun handia emanaz. Materialean ere garapen izugarri bat izan da, pilota goxotik pilota mistoetarako jauzia ederki gauzatu da, lehiei aparteko ikusgarritasuna eskainiz, pilotariek ere sekulako aurrera pausoak eman dituztelako euren jokoan.
Erreferenteak, inklusiboa...
Honekin batera, pilotari hasiberrientzat erreferenteak sortzea ere etorri da. Emakume Master Cupek bere printzipioak oso argi izan ditu hasieratik eta horrela, lehen egunetik, txapelketa irekia izan da, inklusiboa, hala nahi izan duten emakume guztiek izena eman eta parte hartu ahal izan dutena. Denborarekin, urtean zehar antolatzen diren 9 txapelketa desberdinetan trebatutako gazteak elite mailako izarrak izatera heldu dira.
Azken finean, Emakume Master Cuparen sorrerak beste kiroletan gero eta normalagoa dena ekarri du nesken esku pilotara. Hala, txapelketa hauetan trebatutako zenbait pilotari klub desberdinetan entrenatzaile gisa aritzen dira, gaztetxoak pilota eskolara erakarri eta harrobia sortzen jarraitzeko. Gauza bera esan dezakegu epaileen inguruan ere, lehen salbuespenak zirenak gero eta ohikoagoak bilakatuz.
Izan dira, nola ez, hamar urte hauetan pandemia bezalako garai gogorrak, baina oraindik aurretik egiteko lan handia dagoenaren jakitun, egindako bidea gogoratu eta ospatu dute protagonistek gaur Arrasateko Amaia Antzokian, elkarri urte oparo gehiago opatuz.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra
