NAIZ

‘Eskutik Eskura’: Errigoraren kanpaina berria, kontsumo ohiturekin «herria egiteko»

Errigorak ‘Eskutik eskura’ kanpainari hasiera eman dio, kontsumitzaileek elikadura sistemaren barnean duten zeresana azpimarratzeko. Martxoaren hasieran ‘Eragin saskiari’ emankizuna martxan jarriko dute, Euskal Herriko zenbait herritan Asisko Urmenetarekin marrazki bidezko aurkezpena gauzatuz.

Errigorako bolondresak auzolanean, saskiak betetzen ari direla.
Errigorako bolondresak auzolanean, saskiak betetzen ari direla. (ERRIGORA)

Errigora ekimenak udaberriari hasiera emateko ‘Eskutik Eskura’ kanpaina martxan jarri du. Honen bidez, kontsumitzaileek elikadura sistemaren baitan duten zeresana azpimarratu nahi izan du Errigorak, elikadura eta kontsumo ohiturekin «herria egin daitekela» ziurtatuz. 

Ekimenetik adierazi dutenez, Nafarroako hegoalde eta erdialdean kokatuta dagoen Ager eremuan, «euskara ofiziala ez den zonaldean», hizkuntza elikatzeko eta sustraitzeko helburua dute. Horretarako, bertako propioak diren produktuei Euskal Herrian bidea ematen diete, zonaldeko lurrak emandako elikagai ezberdinak saskietan salduz. «Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara ekarri nahi ditugu», azaldu dute.

Aurtengoan, Errigorak kontsumo ohituren garrantzia nabarmendu nahi izan du bere kanpainarekin, herria ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanen nolakotasuna dela esanez. Beraz, ‘Eskutik Eskura’ beste modu batera kontsumitzeko aukera eskaintzen duela jakinarazi dute. 

Antolatzaileek martxoaren 3an ‘Eragin saskiari’ emankizunari hasiera emango diote hilaren 18ra arte, Euskal Herriko hainbat herritara kanpainaren aurkezpen bira eramanez. Emankizun-formatua berezia izango dela aurreratu dute, aurkezpen marrazkitu baten bidez egingo baita, Asisko Urmeneta marrazkilariaren eskutik. 

Errigorako bozeramaileen arabera, «marrazkilariak Errigoraren jatorria eta misioa modu irudimentsu eta artistikoan azalduko dio ekitaldira gerturatzen den ikusle orori». Aurkezpenaren amaieran, hausnarketa kolektiboa egiteko tartea izanen da, bertaratutako guztiei kontsumitzaileek elikadura sisteman izan dezaketen eraginaren inguruan gogoeta egin dezaten. Kanpaina bukatzean, Errigorak kontsumitzaileen hausnarketa kolektibo bat kaleratuko du.

‘Eragin saskiari’ emankizunaren aurkezpen bira 6 geltoki izango ditu: martxoaren 3an Galdakaon izango da, hurrengo egunean Bilbon, hilaren 11n Iruñea izango du agertoki, eta 16an Donapaleu eta 18an bi geltoki ezberdin egingo dira, goizean Amurrion eta arratsaldean Oiartzunen.

Eskaintza eta berrikuntzak

Salmentan jarriko diren saskien barnean aipaturiko zonaldearen produktuak egongo dira: oliba-olio birjina estra, ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba sortak, besteak beste. Azken urteetako eskema errepikatzea erabaki duten arren, zenbait berrikuntza gehituko dituztela ziurtatu dute antolatzaileek. 

Ardoa 6 botileko sortetan banatuko da, baina ekoizle bakoitzak barietatearen araberako eskaintza landuko ditu. Lehen aldiz babarrun zuri eta pikillo piper zati ekologikoak eskainiko dituzte katalogoan. Arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko dituzte eta pasta loteak ere izango dira. 

Eskaerak webgunearen bidez jasotzeko bide eraginkorrena dela jakinarazteaz gain, epea martxoaren 18a izango dela ohartarazi dute antolatzaileek. Eskaerak apirilaren bukaera eta maiatzeko hilean zehar bidaliko direla adierazi dute.

Errigoraren lorpenak

Ekimenak egindako ibilbideari esker zenbait aurrerapauso eman dituela ziurtatzen du. Errigoraren arabera, 2022an Nafarroako oliba-olio ekoizpen ekologikoaren %11 Errigoraren bidez merkaturatu zen, eta txitxirio ekologikoen kasuan %65. Halaber, Errigorak merkaturatzen duen produktuen lehengaien atzean 900dik gora nekazariren lana dagoela gehitu dute. Azkenik, datu esanguratsuenen artean kontsumitzaileen kopuruaren handitzea aipatzen dute.