NAIZ

Euskotren Winter Seriesak bikote eta jardunaldi gehiago izango ditu laugarren edizioan

Txapelketan lau bikotetik sei izatera pasako da eta aurrekoetan baino jardunaldi bat gehiago izango du: martxoaren 2, 9 eta 16an jokatuko da, eta finala 23an izango da. Bestalde Atain gazteak bere debuta egingo du gizonezkoen Master Seriesean eta Manci mutrikuarra berragertuko da.

Euskotren Winter Series eta Masterseko parte hartzaileak, ostegun honetan Ezkurdin.
Euskotren Winter Series eta Masterseko parte hartzaileak, ostegun honetan Ezkurdin. (ERAMAN JAI ALAI)

Gizonezkoen Eusko Label Winter Series eta Biscayne Cup txapelketen ondotik, emakume pilotariek bereganatuko dute zesta-puntaren arreta hurrengo asteetan. Ligako denboraldia Berriatuan hasi zen eta lehen Master Series horretan, Lur Lejardi eta Maia Goikoetxeak lortu zuten garaipena. Durangoko Ezkurdi pilotalekuak, Jai Alai Leagueko bigarren proba hartuko du orain. Bigarrena, eta ziurrenik, entzutetsuena ere badena: Euskotren Winter Seriesa.

Txapelketak 4. edizioa beteko du aurten eta mailaz hazita dator gainera. Lau bikote izatetik, sei bikote parte hartzaile izatera pasa da eta, beraz, jardunaldi bat gehiago jokatuko da. Sei bikote horietatik bi finalerdietan sartuko dira zuzenean, tartean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi, iazko txapeldunak.

Elaia Gogenolak, iazko finalista eta Jai Alai League-ko egungo txapelduna denak ere, finalerdietan hasiko du txapelketa, Eneritz Lizardi lagun duela. Atzelari mutrikuarrak Winterreko bi edizio galdu ditu lesio larri batengatik; baina, hala ere, oso gertutik eta hasiera hasieratik jarraitu du emakumeen Ligaren sorrera. Aurtengoa, ezustekorik ezean, osorik lehiatuko duen lehen Jai Alai League-a izango da Lizardirentzat eta Durangokoa, Ligarako puntuagarria den bere lehen Euskotren Winter Seriesa.

Gainerako lehiakideak Maite Ortiz de Mendibil, Oaia Otaño, Ihart Arakistain, Maia Goikoetxea (Ligako txapelduna, Elaiarekin batera), Erika Mugartegi, Frida Watkins, Lur Lejardi eta Maialen Aldazabal izango dira. Txapelketak Master Series kategoria izango du: 1.000 puntu irabazleentzat, 600 txapeldunordeentzat, 360 finalerdiak gainditzen ez dituztenentzat eta 180 final-laurdenetan kanporatzen dituzten bi bikoteentzat.

Atain eta Manci, berritasunak Master Seriesan

Bestalde, Durangoko Ezkurdik beste aurkezpen bat izan du ostegun honetan: martxoaren 9, 16 eta 23an jokatuko den gizonezkoen Master Seriesa. Jai Alai League denboraldiko 6. proba puntuagarria izango da eta honako bikoteek hartuko dute parte: Erkiaga-Atain, Laduche-Manci, Olharan-Zabala eta Urreisti-Lekerika.

Gorka Mugartegi 'Atain' gazte markinarrak bere debuta egingo du, Ligako pilotari titular gisa. Hemendik aurrera eta Daniako denboraldia bukatuta, Eraman! enpresarekin jokatu du martxoaren 19an 22 urte beteko dituen atzelariak.

Mikel Mancisidor 'Manci'-ren kasuan, atzelari gipuzkoarra Ezkurdin berragertuko da. Abenduaz geroztik geldirik egon da, abdomeneko lesio baten erruz. Bertan behera utzi behar izan zuen Winter Series txapelketa eta Portetek hartu zuen bere lekua.

Estatu Batuetako txapelketaren ondotik, Lekerikak ranking-eko lider izaten jarraitzen du (5.590 pt), Gorka Sorozabal da bigarren (4.690 pt), Urreisti hirugarren (4.500 pt), Johan laugarren (4.470 pt) eta Erkiaga bosgarren (4.000 pt).

ETB 1-ek Durangoko finalerdiak eta finalak eskainiko ditu, astelehenetan, gaueko 22.20etan hasita.

EGUTEGIA:

- Martxoaren 2an, final-laurdenak (19.00etan): Maite-Oaia / Ihart-Maia eta Erika-Frida / Lur-Maialen

- Martxoaren 9an, finalerdiak (19.00etan): Elaia-Eneritz / Erika-Frida edo Lur-Maialen. Mastersa: Erkiaga-Atain / Laduche-Manci

- Martxoaren 16an, finalerdiak (19.00etan): Helena-Arai / Maite-Oaia edo Ihart-Maia. Mastersa: Olharan-Zabala / Urresiti-Lekerika

- Martxoaren 23an, finalak (19.00etan)