NAIZ

Osasun mentalean arreta duina eta nahikoa eskatuko dute igande honetan Hondarribian

Joan den maiatzaren 31n egin zuten manifestazioaren ondoren, arreta hobetu beharrean murriztu egin da Bidasoko haur eta gazteen osasun mentaleko zerbitzua, Fsaludmental Irun familien plataformak salatu duenez. Mobilizazioa antolatu dute igande honetarako, 12.00etan Hondarribiko Martxoak 8 Plazan.

Osasun Bidasoa plataformaren mobilizazio baten artxiboko irudia, Irunen.
Osasun Bidasoa plataformaren mobilizazio baten artxiboko irudia, Irunen. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoko haur eta gazteen osasun mentaleko zerbitzua erabiltzen duten familien plataformak, Fsaludmental Irun-ek, mobilizazioa deitu du berriz ere, ‘Osasun mentala eskubidea da’ leloarekin. Igande honetarako jarri dute hitzordua, 12.00etan Hondarribiko Martxoak 8 Plazan (Posta). Izan ere, azaldu dutenez, iazko maiatzaren 31n egin zuten manifestazioaren ondoren, arreta hobetu beharrean murriztu egin da.

Horratx protestan eskatuko dutena: «Beharrezko profesionalak; hezkuntzako baliabideak; diagnostiko fidagarriak, seriotasunez eta atzerapenik gabe; diziplina anitzeko tratamendua, psikiatraren eta ikastetxearen arteko komunikazioa zainduz; eta espazio egokiak (haurrak helduekin nahastu gabe) eta lokal intsonorizatuak.

Osasun Bidasoaren eta Bidasoko Larrialdi Pediatrikoen laguntzarekin, osasun mentalean arreta duina eta nahikoa eskatuko dute bizitzako etapa guztietan: haurtzaroan, nerabezaroan, helduaroan eta zahartzaroan. «Sistemaren saturazioak zuzenean eragiten baitie pertsona ahulenei eta haien familiei».

Bizitzaren hasieratik eraikiz

Oroitu duten bezala, osasun mentala bizitzaren hasieratik eraikitzen da, eta haren babesak identifikazio goiztiarra, esku-hartze egokia eta etengabeko laguntza eskatzen ditu. «Hezkuntza-arloan tresnarik gabe, alarma-seinaleak detektatzeko prestakuntzarik gabe eta zerbitzuen arteko koordinaziorik gabe, aurreikuspena ezinezko bihurtzen da. Hori hobetzeak kaltetuen eta senideen mina murrizteaz gain, etorkizunean egoera larriagoak saihestuko lituzke eta komunitate osoa babestuko luke», proposatu dute.

Aitortu dutenez, ez dira adituak; gurasoak, senideak eta eragindako pertsonak dira, eta administrazioak bere erantzukizuna bere gain hartzea eta sistemari behar diren baliabideak ematea eskatzen dute edozein adinetan osasun mentalerako eskubidea bermatzeko.

«Batzuetan uste dugu zerbitzu bat erabiltzen dugunean bakarrik dela baliotsua, baina bere benetako garrantzia behar dugun egunean, hor egotea da», hausnartu dute. «Gaur, gure ekintzek hori bermatu nahi dute, etorkizunak egoera zail batean jartzen gaituenean, jasoko dugun erantzuna guztiok merezi dugun kalitatezkoa izango dela. Prebentzioa ez da gastua, eskubidea da!», aldarrikatu dute.