Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Palaren krisiaren ondorioz lur jota, ‘pagozelaia’ astindu nahi dute grebalariek

Bizkaia Pilotalekuaren esleipenak palaren krisia areagotu lezake. Iaz greba abiatu zuten zortzi pilotarik babestu duen eskaintzari gailendu zaio Giroa Baiko Eragin. Innpalaren bitartez ustiatuko du pala. Koadroan dauden 10 pilotaritik 9k ekainean egin zuten debuta, grebarako eskubidea urratuta.

Ezkerretik eskuinera: Enaitz Olaeta, Asier Del Rio, Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Iñaki Urrutia.
Ezkerretik eskuinera: Enaitz Olaeta, Asier Del Rio, Esteban Gaubeka, Jagoba Madariaga eta Iñaki Urrutia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Esteban Gaubekak (Armintza, 1977) 24 urte egin ditu profesionaletan eta atsekabez bizi du palaren egungo egoera. Banakako txapelketa sei aldiz irabazita eta Binaka beste hiru txapel eskuratuta, gertutik bizi izan du palaren gainbehera. Testuinguruan jartzeko datuak ere eskaini ditu. 2011an 22 pilotarik osatutako koadroa zegoen. Orduan sortu zen Innpala, urte berean inauguratu Bizkaia Pilotalekua kudeatzeko esleipena Giroa Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) eskuratu geroztik. Urtebete beranduago, koadroa 12ra murriztu zen, soldata jaistearekin batera, eta 2013az geroztik, 10 palistekin egon da osatuta Innpalaren koadroa.

Amorruz eta tentsioz beteta bizi dute egoera Iñaki Urrutia (Armintza, 1994) eta Jagoba Madariagak (Armintza, 2000) herrikideek. «Kokoteraino gaude», dio aho bizarrik gabe Madariagak. Armintzan badago palaren harrobia, hazten doala ere ikusten dute baina icebergaren puntan dagoen «txiringitoak» ez du ahalbidetzen osotasunezko hazkuntza bat ematea. «Gu eskuzabalak izan gara ez dugulako irabazi pertsonalen arabera jokatu; irabazi pertsonalak lehenetsiko bagenitu, ez ginateke inorekin lerratuko eta jokatzen jarraituko genuke», dio Urrutiak. Asier del Riok (Lezama, 1998) erakunde publikoek pala alboratu nahi izana jarri du erdigunean.

Lau palistok Bilbo erdigunean batu dira NAIZekin –Sociedad Bilbainaren egoitzan–, Enaitz Olaetarekin (Bilbo, 1990) batera. Olaeta Bizkaiko pilota Federakundeko presidentea izan zen eta orain, palaren lehen lerrora egin du jauzi Bizkaia Pilotalekuko kudeaketaren esleipenean parte hartuz. Bi urtez esleipena atzeratu ostean, tartean Innpalako palista profesional gehienek greba gogor bat aurrera eraman eta gero, Iñaki Urrutia «itxaropentsu» agertu zen urte bukaeran hedabide honi eskainitako elkarrizketan. Greba egin zuten zortzi palistak KTD ABEE-ra lerratu ziren, «palaren onerako» zela ulertuta. «Lur jota» dago Urrutia, Banakako azken txapelduna (2025eko urtarrilean).

Esleipen korapilatsua

Duela urtebete baldintza hobeak eskatzeko planto egin zutenetik, egoera erabat aldrebestu zaie. «Galdutako urtea izan dela esan genezake», dio Gaubekak. Tartean eraman zuten «poz» txiki bat ere, Jose Ramon Garaik –Innpalaren jabeak eta Bizkaia Pilotalekuaren kudeaketa zeukan enpresaren jabeak– esleipen berrira aurkeztuko ez zela iragarri zuenean. «Nik oraindik gordeta daukat oharra», esan du Madariagak, mugikorrean Gaubekak erakusten duen bitartean. Beteranoenak, halere, susmatu zuen gezurra izango zela.

Hain zuzen ere, hortik dator azken asteetako zalaparta. Jose Ramon Garai buru duen Giroa Baiko Eragin ABEEari eman baitzaio Bizkaia Pilotalekuko kudeaketa, hiru urterako –bi urtez luzatzeko aukerarekin–. KTD ABEEak aurkeztutako eskaintza ekonomikoa «anormaltzat» jo zuen Bizkaiko Aldundiaren baitan dagoen Azpiegiturak sozietateak, «gutxiegi» izateagatik. Esleipeneko pliegoetan aurreikusitako aurrekontua baino %44 txikiagoa dela argudiatu zuen Aldundiak eta beste eskaintzak egindakoa baino %37 murritzagoa (milioi pasatxo aurkeztu zuen Garaik; 708.000, Olaetak).

Argibide S.L. kanpoko aholkularitza zerbitzuak aztertu zuen hauen justifikazioa eta aurkeztutako datuak «eskasak» zirela iritzi zuen. Modu honetan, KTD-ren eskaintza, «nahiz eta irabazle suertatu» baztertu egin zen eta Giroa Baiko Eragin-en alde joan zen esleipena. «Kontua da proiektuaren arloan 4 puntu atera zizkigula Garairen eskaintzak eta guk honi buelta emateko, arlo ekonomikoan ‘murrizketa arriskutsua’ delakoa aplikatu behar genuen, 4,1 puntu eskuratzeko. Egin genuen eta justifikatu genuen, puntuz puntu. Aholkularitzak, orrialde bateko txosten batean, ebatzi du justifikazioa oso mugatua dela. Bestalde, kritikatu nahi dugu, inondik inora ez dela konparatu ea zergatik beste eskaintza bai den bideragarria».

Olaetak nabarmentzen du justifikazioan txertatutako datu asko Nafarroa Arenako gastuetan oinarrituta daudela eta bere kalkuluen arabera, gastu eta irabazien arteko balantzea eginda, %15-20ko marjena ateratzen zitzaiola. «Gastu batzuk laguntza publikoen bitartez ordaindu ahal dira baina gero enpresa, horregatik da enpresa pribatuaren kudeaketa, mugitu beharko da jende gehiago erakartzeko, lehiatilan irabaziak handitzeko, babesletzak lortzeko...».

Esleipena aurkeztu zenetik, Olaetak bi helegite jarri zituen. Batetik, esleipena hiru lotetan banatzeko (segurtasuna, garbitasuna eta ustiapena) eta bestetik, ponderazioak zuzentzeko. Biak irabazi zituen. Orain, arlo ekonomikoan ebazpena ezagutu ostean, bide guztiak urratuko dituela aurreratu du.

Sociedad Bilbainan elkartu ziren palistak, egungo egoera aztertu eta aurrera begirakoak zehazteko. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

2011ra arte, Bilboko Deportivon jokatzen zen pala eta nolabaiteko berregituraketa baten ondorioz, Aldundiak palara bideratuko zituen dirulaguntzak Miribillako esleipenean txertatu zituen. Geroztik, baldintzen artean dago gutxienez palako 40 jaialdi antolatzea, besteak beste. 

Erakundeen babes falta

2011ko esleipena eta 2018koa konparatuz gero, urteroko kantitatea 300.000 euroan igo zen, palisten baldintzak eskasten ari ziren bitartean. Hilean, batez beste, 600 euro kobratzen zuten. «Nik Langilearteko Gutxiengo Soldata (LGS) kobratzen nuen eta beraz, ez nintzen okerren zegoena», dio Gaubekak, bere apaltasunarekin.

«Pala ez da ganoraz esplotatu beste interes batzuk gailendu direlako. Urtean milioi eta erdi eramaten zuen kudeatzaileak hamarnaka partida antolatu ditu Miribillako ateak itxita eta Aldundiak ez du jarraipenik egin», diote kexu. «Hori bai, gero azken Nazioen Ligan pozik ikus zitezkeen Aitor Esteban eta jendea, abertzaletasunaren defendatzaile gisara, baina gero, hemengo kirol bat babesterako orduan, palako gatazka bideratzeari iskin egiten...», haserretu da Del Rio.

Innpalaren koadro sasiprofesionala da gatazkaren beste hari mutur bat. Jose Ramon Garaik eskualdatu egin zuen zortzi palistek greba abiatu zutenean. Josu Urkijok eta Dan Necolek hartu zuten ardura eta ekaina eta uztaila bitartean, pilotariak greban zeudela, egin zuten debuta bederatzi pilotari gaztek. Hauek osatzen dute Innpala, Necolekin batera, eta koadro hau izango da erreferentea Miribillako pala jaialdietan, Giroa Baiko Eragin ABEEak zehaztu bezala. Hauen maila, aldiz, oso urrun dago Urrutia, Fusto, Gaubeka, Madariaga, Alkorta, Perez, Maldonado eta Del Rio palariek dutenetik.

Koadroaren eraberritzea baloratu eta palaren egungo egoeraren ikuspegia kontrastatzeko Innpalarekin kontaktuan jarri da hedabide hau baina «hitz egingo ez dutela» soilik adierazi dute. «Atzo bertan [herenegun] partida bat jokatzeko deitu didate, ez dakit zein mundutan bizi diren», dio Madariagak. Urrutiak espero zuen horrelako deiren bat egingo zutela, batez ere gazteei, «terrenoa markatzen» joateko: «Beraiei ere interesatzen zaie onenak edukitzea». Madariagak ikusi ditu zenbait partida, gainontzekoek ez.  

Greban egon ziren palisten batasuna, ordea, indartsua ari da izaten. Ez zaie beste erremediorik geratzen. «Haserreak zerbaitetarako balioko» diela ere espero dute. Ez dira damu planto egiteagatik, «hartu behar zen erabakia zen, gaizki tratatuak izan gara urte askoan zehar. Akaso galdu egin dugu baina urrats hori egin behar zen», iritzi du Gaubekak. Aurre hartu dio Del Riok, ez baitu uste galdu dutenik: «Agerian geratu da Bizkaiko Aldundiaren jarrera; hemengo kirolak bost axola dio eta argi esan behar da hau». Aldundiak ez zuen bideratu nahi izan aurreko urteko lan gatazka, egoera muturrera eramaten utzi zuen: «Ez gurekin ezta ELAren bitartez ere, Aldundia ez da guregana hurbildu».

Palarengatik kantxan –eta, halabeharrez, baita kantxatik at ere– hainbeste borrokatu duten palista hauen estresa agerikoa da. «Konturatu gara ez daukagula inolako botererik; goian interes asko daude, gure ahalmenetik urrun daudenak». Palarekiko atxikimenduak bultzatuta, beraien aldetik bidea egiten saiatuko dira, beste herrietako pilotalekuetan txapelketak jokatzen. Horretarako, pilotazaleen babesa ere eskatzen dute. «Txiri-txiri» hasiko dira, ea publikoaren erantzuna zein den ikusi nahi dute, hortik aurrera arriskatzen hasteko.