NAIZ

Prebentzio neurrietan inbertitzeko beharra nabarmendu du ELAk, azken lan istripuen ondotik

ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren aurrean ostegun honetan, bi lan-heriotzak salatu, eta hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko. Nafarroako Gobernuari eskatu dio «inspekzioaren konpetentzia bereganatu, eta bere plantilla 45 pertsona arte hirukoizteko».

Nafar Gobernuaren aurrean ostegun honetan egin dute elkarretaratzea.
Nafar Gobernuaren aurrean ostegun honetan egin dute elkarretaratzea. (ELA)

Joan den asteartean Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan mantentze lanetan ari zen pertsona bat hil zen, altueratik erorita. «Antza denez, erorikoa langilea teilatutik zihoala plaka bat hautsi zenean gertatu zen, hori sahiesteko babes-neurrien gabeziaren ondorioz», adierazi du ELA sindikatuak ohar baten bitartez. Astelehenean, Bergondan, beste behargin bat zendu zen.

Gertakari hauen aurrean, ELAk elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren aurrean ostegun honetan, bi lan-heriotzak salatu, eta hildakoen senide eta lagunei elkartasuna adierazteko.

Gogora ekarri dute aurten, «honez gero zazpi pertsona» hil direla euren lanpostuetan Hego Euskal Herrian. «Heriotz horien arrazoiei erreparatzen badiegu, altuerako erorikoak dira oraindik ere laneko heriotzen arrazoi nagusietakoa, babes-neurri egokiekin erraz saihestu daitezkeen arren», nabarmendu dute.

«Horrek esan nahi du enpresariek ez dutela prebentzio-araudia betetzen, eta erakunde publikoek uko egiten diotela ez-betetze horiek kontrolatzeko bitartekoak handitzeari», salatu du ELA sindikatuak.

Aldiz, patronalak «absentismoaren aurkako gurutzada betean» jarraitzen duela azpimarratu du. «Baina datu ofizialek diotenez, absentismoaren arrazoi nagusia lan-baldintza makurrek eragindako bajak dira, horregatik, absentismoaren inguruko diskurtso faltsuak alde batera utzi, eta prebentzio neurrietan inbertitzeko», eskatu dio ELAk.

Bestalde, «enpresarien ez-betetzeak kontrolatu beharko lituzkeen lan-ikuskaritza kolapsatuta» dagoela gaineratu du. Horregatik, ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio «inspekzioaren konpetentzia bereganatu, eta bere plantilla 45 pertsona arte hirukoizteko, europa mailan gomendatutako bataz-bestekora berdindu, eta prebentzio araudia betetzen dela behar bezala kontrolatzeko».

UGT: «Laneko heriotzek gora egingo dutela aurreikus daiteke»

Ostegun honetan ere UGT-k agerraldia egin du. Nafarroak guztira 12.598 lan-istripu erregistratu zituen 2025ean, sindikatuaren arabera. Hau da, 2024an baino % 1,75 gehiago. Istripu hilgarriak, berriz, hamalau izan ziren, 2024an baino zortzi gutxiago, UGTk ostegun honetan prentsaurreko batean aurkeztu dituen Lan Ministerioak emandako aurrerapen-datu estatistikoen arabera.

Foru Komunitatean lanaldiko lan-istripuen eragina ehun mila langileko 3.655,3 istriputakoa izan zen 2025ean, hau da, % 0,97ko jaitsiera 2024aren aldean. Hala ere, Nafarroa, espainair Estatu mailan, laneko ezbehar-tasa handiena duen bigarren autonomia erkidegoa da.

Eraikuntza da intzidentzia handiena duen jarduera-sektorea, 6.912,5 istripu izan baitira ehun mila langileko (2024an baino % 2,10 gutxiago); aldiz, lanaldian baja eragin duen istripuaren arrazoi nagusia geldirik dauden objektuen aurkako kolpeak dira, eta, ondoren, muskulu-eskeletoaren sistemaren gaineko gehiegizko esfortzu fisikoak.

Hildako hamalau langileren kopuruari dagokionez, UGTk uste du «aurreikus daitekeela» kopuruak gora egingo duela behin betiko datuak argitaratzen direnean.