NAIZ

M8rako estereotipo sexistak apurtzea eskatu du Nafarroako Gobernuak

Martxoaren 8rako Nafarroako Gobernuak estereotipo sexistei aurre egiteko kanpaina berria aurkeztu du. Binztanleriari naturaltzat hartutako arauak identifikatzea eta zalantzan jartzea eskatu dio, gizon eta emakumeen artean erantzukizun arrakala oraindik existitzen dela azpimarratuz.

Remirez lehendakariordea Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) zuzendari kudeatzailearekin, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian.
Remirez lehendakariordea Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) zuzendari kudeatzailearekin, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Martxoaren 8ari begira, Nafarroako Gobernuak kanpaina berri bat bultzatu du. Gaur goizean aurkeztu dute Javier Remirezek, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak, eta Patricia Abadek, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (INAI) zuzendari kudeatzaileak, erakundeetako ordezkariekin batera, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi baten bidez.

Kanpaina berriak desberdintasunari eusten dioten eguneroko keinuak eta portaerak berrikustera gonbidatzen ditu herritarrak, ‘Urra ditzagun estereotipoak, praktika dezagun berdintasuna’ lelopean. Aurtengo helburua biztanleriak berdintasuna modu errealean praktikatzea eta sakon errotutako dinamika sexistak zalantzan jartzea da. 

Lehendakariordeak azaldu duenez, gaur egun oraindik irauten duten desberdintasunak ikusarazi nahi dira. «Paradoxa garaian bizi gara: legeek berdintasun formala aldarrikatzen dute, baina emakume askoren datuek eta bizipenek berdintasunaren irudipen arriskutsuak jarraitzen duela erakusten dute. Berdintasuna existitzen da praktikatzen denean; ez bada praktikatzen, ez da existitzen», adierazi du.

Era berean, berdintasuna ez dela berez iristen azpimarratu du, eguneroko lana eskatzen duela adieraziz. Luzaroan naturaltzat hartutako arauak identifikatzea eta zalantzan jartzea deserosoa izan daitekela onartu du, baina prozesu hori egiteko beharra nabarmendu du, jokabide sexistak gutxinaka alde batera utzi ahal izateko. 

Bestalde, Patricia Abadek bat egin du Remirezek azaldu duenarekin, benetako berdintasuna eguneroko konpromisoa eta aukera aktiboa dela ondorioztatuz. Sentsibilizazio eta aldarrikapen kanpaina honek ekintza zehatzen bidez diskurtsotik ekintzetara aurrera egitea proposatzen duela gehitu du. 

Kanpainak benetako erantzukidetasuna sustatzea, eskubideak legeen eta araudien bidez aitortzea eta emakumeek esparru guztietan modu aktiboan parte hartu ahal izatea bultzatuko du. Horrez gain, hizkuntza inklusiboa erabiltzea sustatuko du, «izendatzen ez dena ikusten ez dela» oinarri hartuta. 

«Ongizate partekatua»

Nafarroako Gobernuak helarazi nahi izan duenez, berdintasunean bizitzea ongizate partekatuan inbertitzea da, eta horrek harreman askeagoak, bidezkoagoak eta seguruagoak bultzatzen ditu. 

Kanpainak 55.000 euroko kostua izango du, eta zenbait euskarrien bitartez zabalduko du bere mezua: prentsan, irrati orokorretan, tokiko aldizkarietan, sare sozialetan (X, Instagram eta Tik Tok), tokiko telebistan (Nafarroa Telebista) eta hiriko euskarrietan (markesinak eta Foru Jauregian instalatutako olanak) zabalduko da, baita karteletan ere. 

Desberdintasunaren datuak

Nafarroako Estatistika Institutuak (Nastat) egindako 2024ko Gizarte eta Bizi Baldintzei buruzko azken inkestaren arabera, emakumeen % 47,2k adierazi du ahalegin handi samarra edo handia egiten duela enplegua eta etxeko lanak uztartzeko. Aldiz, gizonen kasuan, portzentaia % 30,5ekoa da.

Halaber, 15 urtetik beherako adingabeei dagokionez, emakumeak arduratzen dira beti edo gehienetan haiek zaintzeaz (% 47,2), eta gizonak, berriz, % 29,2.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako pertzepzioei eta balioei dagokienez, 10 gizonetik 8,9k uste dute biek eskubide berak dituztela, eta 10 emakumetik 7,5ek.

Era berean, 10 gizonetik 6,7k uste dute emakumeek eta gizonek aukera berdinak dituztela; emakumeen artean, berriz, pertzepzio hori 10etik 5,6koa da.