NAIZ
Donostia

800 euroko isuna Donostiako Plenoan Guardetxearen aldeko protesta egin zutenei, guztira 32.000

Iragan maiatzaren 29ko Donostiako osoko bilkuran Guardetxeren aldeko protesta egin zuten gazte bakoitzari 800 euroko isuna ezarri diote, guztira 32.000 euro, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu duenez. Deklaratzera deitu zituzten sei gazteak fiskalaren eskaeraren zain daude.

Iazko maiatzaren 29ko osoko bilkuran Guardetxearen aldekoak kaleratu zituzten unea.
Iazko maiatzaren 29ko osoko bilkuran Guardetxearen aldekoak kaleratu zituzten unea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako udaletxeko Pleno aretoan Guardetxearen egoera salatzeko iragan maiatzaren 29an protesta egitera joan ziren gazte bakoitzari 800 euroko isuna ezarri diete, guztira 32.000 euro, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu duenez.

Ohar batean gogoratu duenez, «udal plenoen protokoloa bete beharrean, hau da, Eneko Goia alkatearen inolako abisurik eta plenoa hustutzeko agindurik gabe, Udaltzaingoa bertan zeuden kideen aurka oldartu zen».

Ondorioz, gazte bat atxilotu eta beste bosten kontrako prozedura judiziala zabaldu zuten; desordena publikoak, autoritateari atentatua eta lesioak eragitea egozten diete. Joan zen abenduaren 9an epaitegian deklaratzera deitu zituzten, baina epailearen aurrean ez hitz egiteko eskubideari eutsi zioten. Azaldu dutenez, une honetan fiskalak egingo dituen zigor eskaeren zain daude eta, «aurreratu genuen moduan», espetxe zigor eskaerak espero dituzte.

«Hori gutxi ez eta orain, udal Plenora bertaraturiko kide bakoitzari 800 euroko isunak iristen ari zaizkigu, guztira 32.000 euroko isuna batuko duelarik», deitoratu dute.

AZGAren arabera, isun hauekin «Guardetxea eta bestelako gaztetxe zein gune autogestionatuen aldeko babesa kriminalizatu nahi dute muntai polizial berri baten bitartez, zeina, beste behin ere, gezurretan eta akusazio faltsuetan oinarritzen den».

Are gehiago, erantsi dute, «oraingoan, okupazioa ez ezik, elkartasuna ere zigortu nahi dute, AZGAren jardun politikoa oztopatu eta geldiarazteko».

AZGAk nabarmendu duenez, bere «asmo bakarra oinarrizkoa behar lukeen adierazpen askatasunerako eskubidea gauzatu eta Donostiako udal Plenoan bertan, hiriko alkateari bilera eskaera formala luzatzea zen, Plenoa oztopatzeko inolako asmorik gabe», baina «ondorioa honakoa izan da, bilera eskaera luzatzeko aukerarik gabe, indarkeriaren bitartez udal Plenotik kanporatu eta gainera zigor ekonomiko eta prozesu penalak gure kontra».

«Errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzen» jarraituko dutela adierazi dute eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte.