
Hor mahaian egongo zinela pentsatzen nuen», esan dio Imanol Alvarezek Maitane Etxeberriari, besarkada estua eman aurretik. Ermuarraren gidaritzapean egin zuen debuta Lezoko harribitxiak, teknikariak Bera Beran egin zuen lehendabiziko etapan. 15 urte zituen orduan Etxeberriak eta pasa dira jada 12 urte, eta kapitain bilakatu da eskarmentu handiko hegalekoa. Azken hamarkadako Bera Bera nekez ulertu daiteke Imanol Alvarez gabe, «baina banekien une hau iritsiko zela», onartu du Tati Garmendiak. «Bera Berak izan duen teknikari onena» izateaz gain, «konfidentea» ere izan da donostiarrarentzat, hein handi batean, klubeko baloreak eta erronkak bat egin dituztelako.
«Imanol Bera Bera da», ahoskatu zuen hunkituta, ahots dardartiz Garmendiak –horrelako unetan ohi duen moduan–. 2013an elkarbanatu zuten lehen deia Garmendiak eta Alvarezek, Bera Beraren geroa aldatzeko konbentzimendu osoz, «apostu arrikutsua» izanagatik ere. Zintzoa izan da Alvarez eta Bera Beraren arteko harremana. Lehen denboraldian Estatu espainoleko titulu guztiak irabazi izanagatik ere, ermuarrak bere barrenari entzun zion, pertsona arrakastaren aurretik jarri eta herrira itzultzeko, Errotabarrira.
Garatu zen Bera Bera bitarte horretan ere, eta ez zion irabazteari utzi. Halere, Imanol Alvarez eta klubak zuten feeling horren hutsunea sumatzen zen. 2018an Bidebietara itzuli zenean nabaritu zen elkarren falta izan zutela.
Gizartean aletxoa jarrita
«Bera Berak on egin dit», dio kluba 17 titulu irabaztera gidatu duen lemazainak, taldea Europan ahalduntzera eraman duen teknikariak –Txapeldunen Ligan eta EHF European Leaguen historia eginda–. Ondo entrenatu, ondo jokatu eta irabazteaz gain, «klubaren bitartez beste balore batzuk ere helarazteko erronka izan dugu. Gizartean nire aletxoa jarri nahi izan dut klub honen bitartez, klub honek ordezkatzen dituen eta hain ohikoak ez diren balore horiek helarazi ditugu. Hori izan da nire ‘lait motiv-a’».
Gehienetan itzaletik aritu izan da balore horiek helarazteko orduan. Bere izateko moduan oso barneratuta dagoen jarrera bat baita. Sarri agertu izan da euskararen aldeko aldarriekin elastikoetan, gaztelerazko adierazpenetan saiakera aktiboa egin du «nosotros» hitzaren partez «nosotras» erabiltzen, taldearen oinarria emakumeak baitira. Sareetan gutxi esanagatik ere, ez zen isilik geratu Palestinar herriarekiko elkartasuna adierazterako orduan, A Guardan Palestinako banderarekin argazkia atera ostean: «Horrelako unean, genozidio baten aurrean, ezer ez esatea ere politika egitea baita».
Ver esta publicación en Instagram
Gizarte likido honetan, ziurtasuna, bermea eta kolektibotasunaren kontzeptuekin osatu du Bera Bera Alvarezek. Leialtasunaren kontzeptua txertatu du Tati Garmendiak bere komunikatuan. «Entrenatzaile eredugarria izan da; irabazten eta galtzen jakin duelako, aitzakien aurrean –epaile edo min hartutako jokalari– beti autokritika egin izan duelako».
Leiala izan da bere bulkadari jarraitzerako orduan ere. Abendutik zebilen sentipenari erantzun bat ematen saiatzen, nahiz eta ahoz hitzartuta zeukaten beste urte betez «aguantatzea». Baina Alvarezek sentipena zuen etapa bukatu zela, beste erronkei begira jarri behar zuela eta halaxe komunikatu zion Tati Garmendiari.
«Tauro»-ren burugogorkeria
«Ez dut erabakia konpartitzen baina, noski, errespetatzen dut. Konbentzitzen saiatu nintzen», onartu zuen Tati Garmendiak, baina ezin izan zuen «tauroren burugogorkeriaren» aurrean. Biek ala biek onartu dute elkarrengandik gertu jarraitu nahiko luketela eta astro guztiak alineatzen badira, baliteke Alvarez eta Bera Beraren arteko harremanak beste kapitulu bat abiatzea.
Imanol Alvarezen senean dago eskubaloia eta ez da ezer berria harrobiarekin zerbait egiteko nahia duela. Hedabide honetan iazko denboraldi bukaeran eman zuen elkarrizketan esan legez, «Bera Berako oinarrian enfokatuta jardutea gustatuko litzaidake». Atzo ere errepikatu zuen desira hori, «potentziala badagoelako» eta garrantzitsuagoa, badagoelako non eta zer hobetu. Harrobiko lana aipatzen duenean, ez du deskartatzen eremu handiagoan ere aportatzea, izan Gipuzkoa mailan edo EAEn.
Saiatu da elite mailako sustraiak sendotzen –gero eta zailagoa da talentua erretenitzea (Tchaptchet-ek udara honetan Europara egingo du jauzi, esaterako)–, urtez urte Bera Bera lehen lerroan jartzen, titulu bat bestearen atzetik irabazita. Orain, hazkuntza hori elikatzen jarraitu nahiko luke oinarritik, gizarte likidoaren aurrean berme berri batzuk eskainita, Maitane Etxeberria bezalako harribitxi gehiago azalerazteko.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

