Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Espainiako Gobernua eta Martxoak 3: Aitorpena eta gaitzespena bai, erantzukizunik ez

Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria Zaramagan izan da astelehen honetan Asisko San Frantziskoren eliza oroimeneko leku gisa aitortzen duen plaka aurkezteko. 1976ko martxoren 3ko sarraskia gaitzestu du, baina uko egin dio Estatuaren erantzukizuna onartzeko eskaerari. 

Fernando Martinezek eta Maider Etxebarriak aurkeztu dute San Frantzisko eliza oroimeneko lekua izendatzeko plaka.
Fernando Martinezek eta Maider Etxebarriak aurkeztu dute San Frantzisko eliza oroimeneko lekua izendatzeko plaka. (Endika PORTILLO | FOKU)

Hitzen esanahia garrantzitsua da, batez ere gertaera historikoei buruz hitz egiterakoan. Hori ondo dakite Espainiako Gobernuko ordezkariek. Izan ere, gaur egun, 50 urte geroago, zenbait hitz saihesten dituzte Martxoaren 3ko sarraskiari buruz hitz egiterakoan. Ez dute aitortzen poliziek egindakoa krimen bat izan zela, biktimen behin eta berriz salatu duten bezala, eta, nola ez, ez dute onartzen Estatuak izandako erantzukizuna. Gaitzesten dute bakarrik «neurriz kanpo jokaera», eta errua «Arias-Fraga Gobernuarena» dela diote.

Hala adierazi du astelehen honetan Memoria Demokratikoaren Estatu idazkaria den Fernando Martinezek Gasteizen egindako ekitaldi batean, Zaramaga auzoan izan da Asisko San Frantziskoren eliza oroimeneko leku gisa aitortzen duen plaka aurkezteko. Bertan Poliziak bost langile hil zituelako. 

Goraipatu du Gasteizko langileen borroka, ezinbestekoa izan zena garai hartako «Gobernu kontinuistarekin» amaitzeko. «Gertaera tamalgarria izan zen, gaitzesten dugu Espainiako Gobernu bezala, eta publikoki biktima guztiak aitortzen ditugu», azaldu du kazetarien aurrean, baina argi utzi du Madrilen ez direla prest Estatuak izandako erantzukizuna aitortzeko ezta barkamena eskatzeko ere. Ez dute egin Gernikaren kasuan eta badirudi ez dutela egingo Gasteizko sarraskiarekin. 

«Gobernu demokratikoa gara eta garai horretan asko borrokatzen ari ginen Gasteizko langileekin batera, eta zegoen Gobernua ez zen demokratikoa, diktaduraren kontinuista zen», esan du, eta esaera zahar bat erabili du egora laburbiltzeko: «Bakoitzak bere gurutzea bizkarrean».

Bi monarkia ezberdinak?

Egia da 1976tik hona gobernuak aldatu direla, baina Estaturen burua Borboien familiako kide batek izaten jarraitzen du. Martxoak 3ko sarraskia izan zenean Juan Carlos Borboikoa zen Estatuko burua, Francisco Franco diktadoreak hala erabaki zuelako, eta gaur egun Estatuaren burua Felipe Borboikoa da, aurrekoaren semea. Honi buruz galdetu diotenean, Martinezek esan du bi monarkia ezberdinak izan direla espainiar Estatuan, bata «Konstituzioaren aurrekoa» eta bestea «Konstituzioaren ondokoa».

Ekitaldian izan diren biktimek ere kritikatu egin dute hitzen erabilera eta erantzukizunaren eza. Arturo Val del Olmo eta Juan Ibarrondo Martxoak 3ko kideek hitz egin dute zuzenean Estatuko idazkariarekin, eta honek erantzun die Estatuak aitortuko duela gertatutakoa. Badirudi astearte honetan, martxoaren 3an bertan, adierazpena bat onartu dezakeela Ministroen Kontseiluak. «Itxarongo dugu Kontseilua bildu arte, ea zer onartzen duen», nabarmendu du Martinezek.

Sekretupean diren dokumentuak

Ekitaldia amaitu ondoren, Ibarrondok eskatu du gaur egun sekretupean mantentzen dituzten dokumentuak argitara ateratzeko Gasteizen gertatutakoa argitzeko. Eta ideia bera mahaigaineratu du Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek.

Honek esan duenez, «egia jakiteko eskubidea bermatu behar da, gertatutakoa erabat argitzeko bidean aurrera egin behar da, eta gertakari horiei buruzko dokumentazio ofizial guztia desklasifikatzeko eskatu behar da». «Gardentasunez bakarrik itxi ahal izango dugu, behin betiko, oraindik ere diren itzalguneak, eta erantzun argiak eman ahal izango dizkiegu hainbeste denbora justiziaren zain egon direnei», azpimarratu du.