
Ridley Scotten ‘Napoleon’ filmean ezagun egindako ‘Étoile du Roy’ itsasontzia Pasaia Itsas Festibalean egongo da, maiatzaren 14tik 16ra bitartean. Jaialditiik azaldu dutenez, 1745eko fragata kortsario baten jatorrizko planoetatik abiatuta eraiki zuten ‘Étoile du Roy’, itsaslapurreten urrezko aroko ontzi handienetako baten birsorkuntza. Jatorrizko itsasontzia XVIII. mendean galdu zen, eta bi mende geroago, berreraikitze bati esker, itsasora itzuli zen eta Europako zinema historikoaren eta itsas jaialdi garrantzitsuenen protagonista bihurtu zen.
‘Étoile du Roy’, hiru masta eta 46 metroko luzera duen belaontzi izugarria, Pasaia Itsas Festibalaren laugarren ediziora etorriko den tamaina handiko itsasontzietako bat izango da. Antolatzaileak apurka-apurka argitzen ari dira zer ontzik osatuko duten festibaleko ontzien kartela. Lehen-lehenik ‘Morgenster’ ontziaren partaidetza iragarri zen, belaontzi bergantin bihurtutako ehun urteko arrantza-ontzia.
Zinema eta itsas jaialdi handietara
‘Étoile du Roy’ 1745ean eraikitako fragata kortsario baten erreprodukzio fidela da, itsaslapurren urrezko aroan eraikia. 310 tonako ontzia zen, 20 kanoirekin armatua eta 236 marinelen tripulazioa hartzeko gai zena. Luis XV.aren erregealdian koroaren etsaiak erasotzeko sortu zen, eta uretaratu eta lau urtera desagertu zen.
Bi mende geroago, 1996an, jatorrizko planoak berriro agertu ziren Londresko Royal Navyren artxiboetan. Aurkikuntza horretatik aurrera, 90 pertsona inguruko talde batek fragata berreraiki zuen zortzi hilabete eskasean Turkiako hondartzetan, ‘Hornblower’ serieko ontziari bizia emateko. Hasieran Grand Turk izena zuen, eta orduan itsasontziaren bigarren bizia hasi zen.
2010ean, Étoile Marine Croisières konpaini frantziarrak erosi zuen ontzia, eta Saint-Malora eraman zuten, egungo egoitza-portura. Une horretan, ‘Étoile du Roy’ izena hartu zuen, enpresaren flotari eta kortsarioek erregearekiko izan duten leialtasun historikoari erreferentzia eginez.
Itsasontziaren bizkarra eta barruko espazioak zinema- eta telebista-ekoizpen ugariren agertoki izan dira. Azken urteotan hainbat zinema-ekoizpenetan parte hartu du: ‘Napoleon’ (Ridley Scott), ‘Los Tres Mosqueteros’ (Martin Bourboulon) edo ‘Fortuna’ telesaila (Alejandro Amenabar); eta Europako zinema-ontzi handienetariko bat bihurtu da.
Ur gaineko gune berezia ere bada: nabigazioan 120 pertsona hartzeko gai da eta portuan ekitaldiak antolatzeko lekua du. Ontziaren kapitaina Benjamin Hardouin da eta bederatzi marineleko eskifaia du; Europako itsas topaketa nagusietan nabigatzen jarraitzen du, itsas ondarea zabalduz eta belaontzi historiko handien legenda bizirik mantenduz.
Pasaia Itsas Festibalean jendeak aukera izango du belaontzi tradizional hori goitik behera bisitatzeko: kubiertak eta XVIII. mendeko fragata kortsario baten barruko bizitza gogorarazten duten beste hainbat espazio. Murgiltze zuzena itsas historian, zineman eta kortsarioen bizimoduan.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

«Tenemos que lograr que las niñas se quieran, se valoren y que hagan lo que quieran»
