
Mendi eskiko edo skimoko lehien denboraldiak hitzordu nagusia izan du Formigal-Panticosa eski estazioan. Hain zuzen ere, Club Montaña Pirineosek eta Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako Espainiako Txapelketak jokatu dira. Eta pluralean aipatzen dugu; izan ere, lehia ofizial horrek bi modalitate jaso ditu: bertikala eta indibiduala.
Berez, txapelketa hauetara hurbildutako eskiatzaileek eski estazio horretatik kanpo lehiatu behar zuten. Baina ingurumari hartan dagoen elur metatua oso handia denez, lehiakideen segurtasuna bermatu eta Formigal-Panticosa estaziora eraman zituzten bi hitzordu horiek.
Euskal ordezkariei dagokienez, zalantzarik gabe Uxue Loizuren izena aipatu behar dugu. Seniorren kategorian, eskiatzaile iruindarrak emaitza bikainak erdietsi zituen. Bertikalean urrea lortu zuen; indibidualean, berriz, zilarra. Beste kategoria batzuetan ere euskal podiumak izan ziren. Jon Razkinek, adibidez, bi sinatu zituen 23 urtez azpikoen mailan.
Skimoko Espainiako Txapelketa hauen kronikarekin hasteko, lehenik eta behin bertikala aipatu behar dugu. 700 metroko desnibel positiboa zuen ibilbide bat prestatu zuten. Estazioaren oinarrian hasi (1.150 m) eta 1.850 metroko kotan amaitu zena. Aurreratu dugunez, nagusien mailan eskiatzaile nafar bat nagusi izan zen: Loizu. Lasterketa oso ona egin ondoren, bigarren sailkatuari, Claudia Gutierrezi, 51 segundoko aldea atera zion. Lucia Sevillano izan zen hirugarrena. Andrea Zarranzek zortzigarren postua sinatu zuen. Jordi Alis katalana aise gailendu zen mutiletan 30:35 denborarekin. Daniel Izquierdo izan zen bigarrena eta Albert Ballus hirugarrena. Euskal eskiatzaile onena Aitor Ugarte izan zen zazpigarren postuarekin.
Beste euskal podiumei dagokienez, Jon Razkinek erakutsi zuen 23 urtez azpikoen kategorian sasoikoena izan zela. Kai Lopez hirugarrena izan zen 14 urtez azpikoetan eta Loic Thevin bigarrena 40 urtez azpikoetan.
Indibiduala
Berez, modalitate hori Panticosako bainuetxearen ingurumarian jokatu behar zen, baina, esan dugunez, igo eta zeharkatu behar zituzten mendiek elur asko zuten. Eskiatzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko, antolatzaileek proba hori eski estaziora eraman zuten. Halere, lan handia egin eta gero, ibilbide teknikoa prestatzeko aukera izan zuten. Bederen, irteera puntura hurbildu ziren eskiatzaileek txalotu egin zuten proposamen hori. Ibilbideak 1.500 metroko desnibel positiboa izan zuen, eta lehiakideek lan eskerga egin behar izan zuten erorikorik ez izateko. Izan ere, elur gogorrak protagonismoa hartu zuen.
Loizuk ezin izan zuen bezperako garaipena errepikatu. Ares Torra izan zen azkarrena ibilbide horretan; katalanak 1:54:41 denbora markatu zuen. Eskiatzaile iruindarra bigarren postuan sailkatu zen irabazlearengandik lau minutura. Gutierrez izan zen hirugarrena. Beste katalan batek, Nil Cardonak, irabazi zuen mutiletan. Izquierdo eta Ballus bigarrena eta hirugarrena izan ziren, hurrenez hurren. Ugartek bezperako postu bera egin zuen: zazpigarrena.
Bestalde, Razkinek lasterketa ederra egin zuen 23 urtez azpikoen mailan, baina, bertikalean ez bezala, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Lopezek eta Ane Rubiok zilarra ekarri dute etxera 14 urtez azpikoen eta 16 urtez azpikoen kategorietan.
Amaitzeko, aipatu behar dugu proba hori (indibiduala) Espainiako Koparentzat baliagarria izan zela. Hain zuzen ere, seigarrena eta azkena izan zen. Puntu guztiak batu eta gero, behin betiko sailkapenean Ugarte bigarren postuan sailkatu da seniorretan. Postu bera lortu dute Razkinek (U23), Rubiok (U16) eta Thevinek (U40). Beste euskal eskiatzaile batzuk top 10ean sartu dira: Asier Labairu, Ander de Miguel, Andrea Zarranz, Uxue Loizu, Nagore Azanza, Kai Lopez eta Markel Barrio.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Denuncian desatención en una residencia de Bizkaia: una usuaria ha iniciado acciones judiciales

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra
