Bere lehenengo urratsak ematen hasi da ‘Basajaun 1997’ dokumentala osatzeko proiektua. Goteo atariaren bidezko finantzaketa kolektiboko kanpaina abiatu berri dute, martxa onean doa eta oraindik hogei inguru falta dira amaitzeko. Beharrezko dirua lortu bitartean, edozein kasutan, grabaketei ekin diete.
Albiste honetan ikus daiteke lan honen lagin txiki bat. Pako Aristi idazle eta kazetariaren lanaren berri ematen du. Otsailean jakitera eman zenez, Josu Zabala Bilbon azkeneko aldiz ikusi zutenean Itziarren hilik agertu artean gertatutakoaren gainean argia jarri nahian dabil Aristik gidatutako taldea. Lekuko bila dabiltza.
Aurrerapen honetan, «lehenengo mailako lekukoen» garrantziaz mintzo da Pako Aristi. «Bigarren eta hirugarren mailakoak» badira, gertatutakoaren inguruan nolabait zeharkako ezagutza dutenak eta ez zuzena, baina kasu hauetan testigantzaren indarra logikoki «higatzen doa».
«Hari solte» batzuetatik tiraka ari da Aristi, momentuz «gauzak deskartatzen» gehienbat. Eskarmentua jada pilatu du lan honetan, azken urteotan Irunberriko Arroilan izandako hilketak eta Iñaki Etxabe Kanpazarreko ostalariarena zehatz-mehatz ikertu eta bi liburutan bildu ditu eta.
‘Basajaun’en kasua guztiz argitzea «oso zaila» dela ez du ukatu, jada 30 urte pasa direlako. Kontu hauetan guztietan erabakikorra izango litzateke «polizia damutu bat, bere buruarekin edo gizartearekin bakea nahi duena, agertzea. Baina figura hori ez da existitzen», nabarmendu du Aristik aurrerapen honetan.
Dokumentalaren bultzatzaileek azaldu dutenez, «beste proiektu batzuetatik bereizten da hau, ez delako asmo informatibo huts batetik abiatzen; aitzitik, zabaldutako irudiak, bertsio ofizialak eta bertsio hori oraindik zalantzan jartzen dutenen esperientzia elkarrizketan jartzeko beharretik sortzen da».
Oraingoz garapen fasean dagoen arren, ‘Basajaun 1997’-k baditu jada ikerketa bide bat, «memoriarekiko konpromisoa eta komunitatearen babesa bilatzeko asmo argia». Horregatik abiatu dute Goteoko kanpaina, ikerketa, dokumentazioa eta lehen ekoizpen lanak ahalbidetzeko.
Josu Zabala Salegiren gorpua Itziarren topatu zuten 1997ko martxoaren 27an. Ofizialki bere buruaz beste egin zuela esan bazuten ere, inguruan balarik ez zen agertu, odolik ere ez, eta pistolak ez zuen hatz-markarik.

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

La Generalitat reclama casi 800.000 euros a una monja de Araba por el caso de Sixena

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia
