INFO

Azaroaren 11ren harira Urruñan eta Hendaian agerturiko mezuek ika-mika sortu dute

Lehen Mundu Gerraren armistizioa markatzen duen Azaroaren 11 besta egun ofiziala da frantses Estatuan. Gatazka odoltsu horrek Euskal Herrian izan zituen ondorioei buruz oharra eginez Hendaian eta Urruñan agerturiko mezuei auzapezek emandako erantzunak ika-mika areagotu du.

Urruñako Pausu auzoan ezarritako banderola. (DR)

«Frantziaren alde hilak» frantses Estatuak parte harturiko gerretan hildakoen oroimenez herriz herri eraikitako oroigarrietan agertzen den leloari erantzun emanez «Frantziak erailak» zioen tindaketa eta banderolak agertu ziren Azaroaren 11 kari Hendaian eta Urruñan.

‘Sud Ouest’ kazetak anonimoki hedaturiko mezu horiek «sorturiko emozioa» nabarmenduz gaia astindu zuen.

Horren ondotik, bi herrietako udalen erantzunak heldu ziren. Hala, aipaturiko egunkariaren bidez salaketa ezartzeko asmoa iragarri zuen, lehenik eta behin, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialistak.

Iragan ostiralean, berriz, agiria plazaratu zuen Filipe Aramendik. Mezu horretan bere tristura adierazi zuen auzapez abertzaleak bere ustez Pausu auzoan agertu zen banderolak «gure bizitzeko eta pentsatzeko askatasunaren defentsan bizia galdu zuten soldaduekiko begirune eta aitortza eza» islatzen zuelakoan.

«Azaroaren 11 oroitzea gure herrietatik heldutako heroi xumeak oroitzea da, baita beraiek eginiko sakrifizioa ez zela hutsala izan adieraztea; era berean bakea eta oroimenaren engaiamendua belaunaldiz belaunaldi iraunaraztea ere», idatzi zuen salaketa ezartzeko aukera gogoetatzen duela gaineratu zuen Aramendik.

Adierazpen horiek ika-mika areagotu dute, bereziki sare sozialen bidez lehen mundu gerraren aurrekari, arrazoi eta ondorioen gainean eztabaida piztuz.

Hitz gogorrak ukan ditu U14 kolektiboak

Erantzunik gogorrena Uztailaren 14 kolektiboaren eskutik heldu da. Hitzez hitz Aramendiren mezuari erantzunez hauxe adierazi zuen atzo taldeak: «Gogorra baldin bada ere, Lehen Mundu Gerlan bizia galdu zuten soldaduek ez zuten ‘gure bizitzeko eta pentsatzeko askatasunaren’ alde egin, baizik eta Frantziako, Alemaniako eta beste hainbat herrialdetako burgesien aberastasun gose asezina eta hauen botere kolonialista defendatzeko».

Gerra horretan 6.000 euskal herritar hik zirela oroitaraziz, borrokatzera beharturik joan zirela nabarmendu du kolektiboak. «Horrez gain, gerla horrek ez zuen ‘bakea’ ekarri Euskal Herrira, belaunaldi oso baten heriotza eta euskararen desagerpena baizik» mahaigaineratu du.

Aramendiren adierazpena «lotsagarritzat» jo ostean, «salaketak ematen badira eta horiek gazte abertzaleen aurkako errepresioa ahalbidetzen badute, Kotte Ecenarro eta Filipe Aramendi erantzule zuzenak izanen direla» baita PS eta EH Bai ere, adierazi du 1789ko frantziar iraultza ardatz harturik frantses Errepublikaren gorazarre egiten duen Uztailaren 14ko besta egunean protesta antolatuz bere burua ezagutzera eman zuen taldeak.

Historialarien ekarpenak

I. Mundu Gerraren gaineko eztabaida akademikoa aberatsa da. Horretan ere Parisen izan edo estaturik gabeko nazio batean izan ikusmoldeak aski ezberdinak dira.

Hala, hainbat euskal historialarik gerra horrek Euskal Herrian utzitako ondorioak aztertu dituzte.

Ikerketa lan batzuk soilik aipatzearren, Peio Etxeberri-Aintzartek gatazka horri heldu zion ‘Pourquoi est-on indépendantiste à Hernani et pas à Bayonne (Zergatik dira independentistak Hernanin eta ez Baionan)’ liburuan.

«Lehen Mundu Gerran hil zirenek ordaindutako odolaren zergak sustraitu zuen frantsestasuna» azaldu zuen horren harira historialariak Gaur8 astekariari eskainitako elkarrizketan.

Eneko Bidegainek ‘Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria’ izeneko liburua plazaratu zuen.

2012an aurkeztu zuen tesia dagoeneko gai mamitsu bezain labankorrari heldu zion ‘Gerla Handia, muga sakona’ liburuan ‘Euskalduna’ eta ‘Euzkadi’ aldizkarietan agerturiko informazioa aztertuz.