INFO

Kepa Anabitarte hil da, antifrankista amorratua eta GARAren sortzaileetakoa

Trintxerpen 1934 urtean jaiotako Kepa Anabitarte hil da. Bizitza luzea izan du eta uzta luzeagoa uzten du bidean egindakoak, tartean GARAren sorrera. EKHEko presidente izan zen. Ostegunean egingo diote agurra, Donostiako Errekaldeko beilatokian.

Kepa Anabitarte, lagun izan zuen Jose Antonio Agirreri buruz emandako hitzaldi batean. (Andoni Canellada | Foku)

Eneko Bidegainek iaz idatzitako biografia (‘Bizitza bat herriari eskainia’) aski argigarria da: kazetariaren hitzetan, Euskal Herriak XX. mendean zehar izandako bilakaera laburbiltzen du Kepa Anabitarteren bizitzak. Astearte honetan itzali da haren sugarra, baina uzta oparoa utzi du, tartean irakurtzen ari zaren hedabide hau bera. 

Anabitarteren hilbeila Donostiako Errekaldeko beilatokian izango da, asteazken goizean 10.30etik 13.30era eta arratsaldean 16.00etatik 20.00etara. Azken agurra beilatoki horretan bertan egingo diote, apirilaren 10ean, goizeko 10.30ean.

Pasaian 1934an familia euskaldun eta abertzale baten baitan sortu zen Anabitarte eta langileen borrokak eta zapalkuntza ezagutu zituen gertutik. Zaragozan ikasteko egin zuen egonaldiak abertzaletasunaren piztea ekarri zion. Garai hartan egunerokoan sentitzen zen «izua» gorde du gogoan, zendu den arte.

Lan munduan murgildu zenean, ELA sindikatuan sartu zen, kartzela ere ezagutu zuelarik. ‘Eladio’ ezinena erabiltzen zuen. Parisera sindikalismoari buruzko ikastaldi batera joan zelarik, garai haietan pil-pilean zegoen deskolonizazioaren borroka ezagutu zuen gertutik Afrikako kideei esker. Borroka soziala eta herrien askapena uztarturik daudela ikasi zuen orduan.

Agirre eta Munichekoa

Parisen zebilelarik, Jose Antonio Agirre lehendakariarekin harremana landu zuen. 1936ko gerra eta horren ostean benetan «estadista» gisa jokatu zuen Agirrek, adierazi zuen Anabitartek: «Moneta sortu zuen, ogasuna, nazioarteko harremanak, Armada... Estatu batek barnebiltzen dituen osagai guztiak. Eta bukaeraraino defendatu zuen».

Municheko 1962ko kongresuan parte hartu zuen, faxistek ‘kontubernioa’ deituko zutena eta ELAren zatiketa ekarriko zuena. Berarekin batera, Francoren aurka batasuna estutzeko ahaleginean, Manuel de Irujo, Xabier de Landaburu, Jesus de Solaun, Jose Maria Busca Isusi, Iñaki Aginaga...

ESB alderdiaren sorreran, kooperatibismoan eta Gipuzkoako industrialdeak bultzatzen ere aritu zen hurrengo urteetan.

Franco hil ostean, Euskal Herrira bueltan zela, abertzaleen arteko elkarlanaren defendatzaile sutsua izan zen Kepa Anabitarte. Eta neurri berean, bi sektore nagusiek (EAJk eta ezker abertzaleak) elkarri bizkarra emanda aritzea kritikatu zuen.

Enpresatik hedabideetara

Kooperatibista eta enpresa gizon gisa nabarmendu zen hurrengo hamarkadetan, betiere Euskal Herriaren burujabetza bultzatzea helburu eta grina. Dudarik ez zuen utzi, hala ere, GARAk 2012 urtean argitaratutako elkarrizketan, Fermin Munarrizen galderei erantzunez: «Militante politikoa sentitzen naiz, ezer baino gehiago».

Konpromiso honi segida emanez, Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkarteko (EKHE) lehen lehendakaria izan zen. Hortik sortu zen GARA, gerora NAIZ, eta gainerako hedabideak, hasieran sumatu ere ezin zen bilakaeran.

Azken urteotan, Nafarroako historiari eta Estatuari begiratu izan dio, Nabarralderen bultzatzailea eta Orreaga iritzi taldeko kidea izan delarik. Gaindegiaren sorreran ere ekarpena egin zuen. «Euskal Herriaren askatasunari begira egiten ziren ekimenak ondo ikusten zituen Anabitartek», laburbildu zuen Bidegainek bere jarduera ondo aztertu ostean. Orain azken hatsa eman du baina utzitako haziek loratzen segitzen dute.