Daniel Hendlerren ‘27 noches / 27 Nights’ filmak emango dio hasiera Sail Ofizialeko lehiari
Daniel Hendler zinemagile uruguaiarraren ‘27 noches / 27 Nights’ filmaren mundu-estreinaldiak irailaren 19an inauguratuko du, lehian, Zinemaldiaren Sail Ofiziala, eta lehiaz kanpo emango dio amaiera, berriz, Kasia Adamik zuzendari poloniarraren ‘Winter of the Crow’ pelikulak hilaren 27an.
Daniel Hendlerrek (Montevideo, 1976) ‘27 noches’ zuzendu zuen eta haren protagonista gisa ere parte hartzen du. Filmean, Marilu Marini aktoreak emakume aberats bat hezurmamitzen du, eta alabek psikiatriko batean sartuko dute protagonista bere nahiaren kontra.
Hendlerrek Zinema Eraikitzen Saria irabazi zuen ‘Norberto apenas tarde’ (2010) lanarekin. Sail horretan ‘El candidato’ (2016) filmarekin ere parte hartu zuen, Koprodukzio Foroan hautatu ondoren. Aurten beste film bat du programatuta Donostian, zehazki Horizontes Latinosen: Veneziako Mostrako Spotlight atalean estreinatu ondoren, ‘Un cabo suelto / A Loose End’ –2024ko WIP Latam Industriaren Sariaren irabazlea eta 2023an Koprodukzio Foroan hautatua– ikusi ahalko da Zinemaldian.
Hendlerrek aktore gisa ere maiz egin izan du lan, eta alor horretan, Donostia Zinemaldia soilik kontuan izanik, hauek aurkeztu ditu: ‘El fondo del mar / The Bottom of the Sea’ (Damian Szifron, Horizontes Hautaketak, 2003), ‘Whisky’ (Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll, Perlak, 2004), ‘El abrazo partido / Lost Embrace’ (Daniel Burman, Made in Spain, 2004), ‘Los suicidas / Suicidals’ (Juan Villegas, New Directors, 2005) eta ‘Una novia errante’ (Ana Katz, Horizontes Hautaketak, 2007) filmak.
‘Winter of the Crow’ thrillerra, Poloniak, Britainia Handiak eta Luxenburgok batera ekoitzitako filma, Gerra Hotzean girotuta dago, 80ko hamarkadan, eta Kasia Adamiken (Varsovia, 1972) lan berria da. Protagonista Leslie Manville aktore britainiarra da, Oscar eta BAFTA sarietarako izendatua, antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren kategorian, ‘Phantom Thread’ (Paul Thomas Anderson, FIPRESCI Sari Nagusia, 2017) filmagatik.
Olga Tokarczuken –2018an Literaturako Nobel saria jaso zuen egilearen– narrazio labur batean oinarrituta dago filma, Adamikek gidoigile gisa ere egin du lan bertan, eta 1981eko abenduan Poloniara mintzaldi bat ematera iritsitako irakasle britainiar baten istorioa kontatzen du, jakin gabe justu orduan gerra-legeari hasiera emango zitzaiola. ‘Bark!’ (2002) bere lehen lanarekin, zuzendaria Sundancen lehiatu zen, eta ondorengo lanak, hala nola ‘The Offsiders’ (2008), nazioarteko hainbat lehiaketatan sarituak izan dira (Gdynia, Camerimage, etab.).
Galetarako eta Belodromoko amaierako saiorako sarrerak
Astearte honetan jarriko dira salgai inaugurazio-galarako (Esther Garcia ekoizleari Donostia Saria emango zaio bertan), amaierako galarako eta Jennifer Lawrence aktore estatubatuarra Ohorezko Donostia Sariarekin aintzatesteko ekitaldirako (irailaren 26an) sarrerak. Hiru saioak Kursaal Auditoriumean izango dira, eta Belodromoan, berriz, amaierako ekitaldiaren bi film luzeren emanaldiak gauzatuko dira irailaren 27an.
Bigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiko galak El Terratek (The Mediapro Studio) idatzi eta zuzenduko ditu. Silvia Abrilek, Toni Acostak eta Itziar Ituñok irailaren 19ko inaugurazio-ekitaldia aurkeztuko dute 20.30ean. Esther Garciak Donostia Saria jasoko du eta FIPRESCI Sari Nagusia ere emango da. Epaimahai Ofiziala Daniel Hendlerren 27 noches baino lehen aurkeztuko da. Gala zuzenean emango dute TVE, RTVE play, ETB1 eta eitb.eus plataformek eta Zinemaldiaren webguneak.
Irailaren 27an (larunbata), 21.00etan, Itsaso Aranak aurkeztutako amaierako ekitaldia ikusgai egongo da bide horietatik. Ekitaldi horretan 73. edizioko sariak banatu eta ‘Winter of the Crow’ emango da.
Gainera, ohi denez, Belodromoak amaierako ekitaldiaren zuzeneko emanaldia ere hartuko du. Horren aurretik, 18.00etan, aurtengo film sorpresa emango da. Film luze horren emanaldiaren eta amaierako ekitaldiaren emanaldiaren ondoren, ‘Winter of the Crow’ filma –Sail Ofizialari lehiaz kanpo amaiera emango diona– proiektatuko da Belodromoan.
Bestalde, Jennifer Lawrenceri Donostia Saria emateko ekitaldia irailaren 26an izango da (ostirala), 18.00etan, Kursaalen. ETB4n eta eitb.eus-en zuzenean emango da eta La 2 katean, berriz, diferituan. Donostia Sariaren proiekzioa Lynne Ramsayren ‘Die My Love’ filma izango da.
Saio horietarako guztietarako sarrerak bihar (irailaren 2a) jarriko dira salgai, 10.00etatik aurrera, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Kursaaleko inaugurazio-galarako eta amaierako ekitaldietarako txartelek 80 euroko prezioa dute gune orokorretan eta 95 eurokoa, berriz, B. gunean. Bestalde, Donostia Saria emateko sarreren kostua 50 eurokoa da gune orokorretan eta 55 eurokoa, berriz, B. gunean. Belodromoko saio hirukoitzerako sarrerak, bestalde, 15 euro balio du.