INFO

2025eko WOP Mendi Film saria Catherine Destivelle alpinistak jasoko du

Catherine destivelle alpinista, eskalatzaile eta editoreak WOP Mendi Film saria jasoki du, bere kirol ibilbideagatik eta mendiko kultura zabaltzeko egindako lanagatik.

Catherine Destivelle eskalatzailea, alpinista, idazlea, editorea eta hizlaria. (MENDI FILM FESTIVAL)

Catherine Destivelle alpinista, eskalatzaile eta editore frantsesak jasoko du WOP Mendi Film 2025 saria, bere kirol ibilbidea eta mendizaletasunaren baloreen hedapenean egindako ekarpena goraipatzearren. Saria abenduaren 12an emango da, 19:45etik aurrera, Euskalduna Bilbao Jauregiko 0B aretoan, Bilboko Mendi Film jaialdiaren 18. edizioaren baitan.

WOP Mendi Film Saria, The Walk On Project Fundazioak eta jaialdiak berak ematen dutena, bere hamabigarren edizioa ospatuko du aurten. Aintzatespen hori mendiko kulturarekin duten konpromisoagatik nabarmendu diren figura eta erakundeentzat gordetzen da.

1960an Oranen (Aljeria) jaioa, Destivelle emakumeen alpinismoaren aitzindarietako bat da, eta bere belaunaldiko eskalatzaile garrantzitsuenetako bat. Bere ibilbidea goiz hasi zuen. 16 urterekin jada Verdonen eskalatzen ari zen, eta 1985ean Bardonnechian (Italian) ospatu zen eskaladako lehen munduko txapelketa irabazi zuen. Hortik aurrera, goi mailako alpinismora egin zuen salto.

Bere lorpenen artean honako hauek nabarmentzen dira: Eiger, Alpeetako mendi zorrotzenetako bat, bakarrik eta neguan eskalatu zuen lehenengo emakumea izan zen, Cervinoko iparraldean Bonatti bidearen lehen errepikapen absolutua ere lortu zuen eta igoera nabarmenak egin zituen Trangoko dorrean eta Shisha Pangmaren hego-mendebaldeko aurpegian. 2020an, Piolet d 'Or saria jaso zuen, kirol ibilbidean, mendiari eskainitako bizitza osoa aitortzen duena.

Kirol arloaz haratago, idazle, editore eta dibulgatzaile gisa ere nabarmendu da Catherine Destivelle. Les Éditions du Mont-Blanc argitaletxearen sortzailea da, eta alpinismoaren historia handiak kontatzen dituzten eta kultur ondareari, kirolari eta iraunkortasunari buruzko hausnarketa sustatzen duten lanak argitaratzea du helburu. «Nire helburua historia kulturalaren, kirol ondarearen eta bizi garen urteetako kezka ekologiko eta zientifikoen artean zubi bat eraikitzea da», adierazi du alpinistak.

Destivellek, gainera, harreman estua du Mendi Film jaialdiarekin. 2009an Rémy Tezierrek zuzendutako Au-delà des cimes filmeko protagonista izan zen, jaialdiko Sari Nagusia jaso zuena, eta 2017an 10. edizio berezian parte hartu zuen, non 'Women at the Top' mahai inguruan eta bestelako jardueretan parte hartu zuen.