Oriamendi enpresako pilotariek «instituzioen inplikazioa» eskatu dute erremontea gal ez dadin
Oriamendi 2010 enpresak 2026ko urtearen amaieran erremonte profesionala kudeatzeari lagako diola azaldu zuen asteazkenean, bezperan pilotariekin hitzegin ostean. Pilotarien oharrak, bestalde, «euskal ondarearen parte garrantzitsu bat gal ez dadin aurrera jarraitzeko konpromisoa» erakutsi dute.
Albiste txarrak datoz erremontearen mundutik. Azken 15 urteetan Oriamendi 2010 enpresak ekin dio erremonte profesionalaren kudeaketa lanei, baina 2026. urtea amaitzeaz batera bertan behera utziko duela aditzera eman zuen asteazkenean, bezperan enpresako pilotariekin berba egin eta gero.
24 ordu igaro direlarik, pilotariek prentsa oharra igorri dute eta «instituzio publikoen inplikazioa» eskatu dute, «erremontearen etorkizuna zalantzan» ikusten dutelako, nahiz eta, era berean, kirolari profesionalek «aurrera jarraitzeko erabateko konpromezua» adierazi duten.
Joxe Mari Barrenetxea Oriamendi 2010 enpresako erantzule nagusiak osasun arazoak direla-eta bere kargua bertan behera lagako du eta ondorioz, erremontearen beraren etorkizuna kinka larrian geratu da. 2026an lehiaketa eta txapelketak bere horretan jokatuko dira, baina beste inork erreleborik hartu ezean, 2027rako erremonterik gabe geratuko litzateke euskal pilota.
«Enpresa hau, bere horretan, defizitarioa da eta guk lanean jarraitu dugu erremontea gure ondarearen zati delako», adierazi zuen asteazkenean Barrenetxeak Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan. Oriamendi 2010eko erantzulearen aburuz, «erremonte profesionalaren kudeaketa administraziora pasatzeko ordua» iritsi da.
«Gure kirol bereziei, dela arrauna, herri kirolak eta pilota bere modalitate guztietan, erremontea barne, laguntza eskaintzea eskatzen diogu administrazioari. Laguntza hori Eusko Jaurlaritzatik ez badator, ez da beste inondik etorriko», gaineratu zuen Barrenetxeak.
Euskal kulturaren parte
Erremontistek bat egin dute Joxe Mari Barrenetxeak egindako eskakizun honekin eta atxikitze horren ondotik atera dute komunikatua, zeinetan instituzio publikoen esku-hartzea galdetu duten. Uneotan 22 erremontista ditu Oriamendi 2010 enpresak.
«Erremontistok guztiz konprometituta jarraitzen dugu erremontearen etorkizunarekin, gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin. Erremontea ez da kirol hutsa, ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoa eta Nafarroaren identitatearen parte da», azpimarratu dute.
Azken 15 urte hauetan, erremontistak Oriamendi 2010ekin elkarlanean aritu dira, «norabide berean arraunean eta gure onena emanez, helburu bakarrarekin: gure kirol maite hau bizirik mantentzea».
Ostegun honetan, Euskal erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei dei egiten diete, «2027tik aurrera erremonte profesionalaren jarraipena bermatzeko konpromisoa har dezaten».
Oriamendi 2010 enpresan ari diren erremontisten borondatea erabatekoa da, oharraren arabera. «Elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko prest gaude, erremonteak etorkizun sendoa izan dezan», zehaztu dute.
Horrez gain, prest daude edozein erakunde, entitate edo pertsona interesaturekin biltzeko, erremontearen etorkizuna lantzeko: «Ilusioak, pasioak eta konpromisoak batzen gaitu, maite dugun kirol honekin. Erremonteak bizirik jarraitzea, eta euskal kirolaren eta kulturaren harrotasun eta erreferente izaten segitzea nahi dugu», diote erremontistek oharrean.