INFO

Aihen: «Aukera polita da Palestinari babesa erakusteko eta gure ofizialtasuna aldarrikatzeko»

Euskal Selekzioaren eta Palestinaren partidaren atarian, hitza hartu dute biharko protagonistek. Oso eskertuta azaldu dira Palestinako ordezkariak, izan ere, amets bat beteko duela esan du Yasserrek. Ildo beretik, Aihen Muñozek aitortu du ilusio handiz hartzen dutela partida.

Ezkerretik eskuinera; Aihen Muñoz, Mikel Labaka, Ehab Abu Jazar eta Yasser Hamed San Mameseko berdegunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Historiarekin hitzordua dute Euskal Selekzioak eta Palestinako selekzioak, horren seinale izan da lagunartekoaren atarian San Mamesera bertaratu diren hedabide andana. Partida berezia izango dela adierazi du Iker Goñi Euskadiko Futbol Federakundeko Presidenteak. Ez da gutxirako, Palestinako gizonezkoen selekzioak Europan jokatzen duen lehen partida baita; San Mames elkartasunez blaituko dela ziurtatu du Goñik. 

Ildo horretatik, sentsazio bera partekatu dute Mikel Labaka, Euskal Selekzioko bigarren entrenatzaileak eta Aihen Muñoz Euskal Selekzioko jokalariak. «Asteak daramatzat ilusio handiarekin partida hau jokatzeko, batez ere Palestinari babesa emateko eta beste behin Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko», aitortu du Realeko jokalariak.

Hasierako argazki saioan, elkarri eskua luzatuz, bi herrien arteko anaitasuna islatu dute San Mameseko berdegunean Mikel Labakak, Aihen Muñozek, Ehab Abu Jazar Palestinako hautatzaileak eta Yasser Hamed Palestinako jokalariak. 

Elkartasunez blai

Iker Goñik hartu du hitza lehendabizi eta Euskal Selekzioaren «110 urteko historiako partidarik bereziena» bezala izendatu du larunbateko lagunartekoa.

«Oso hunkigarria da ikustea 50.000 herritarrek bat egin dutela elkartasun partida honekin. San Mamesen ikusiko dugun giroa oso berezia izango da», aitortu du Goñik. Azaldu duenez, 1936. urtean Agirre lehendakariak Euskal Selekzioa berreraiki zuen erbestean. Tartean, SESBen aurka jokatu zuten eta etekinak euskal herritarrentzat bideratu zituzten. 

Oraingo honetan, Euskal Federazioari dagokio laguntza ekonomikoa eskaintzea, kasu honetan, Palestinako herriari. Are, Goñik jakinarazi duenez, diru-sarrerak Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundearentzat izango dira.

Nagore Eskisabel MSFko ordezkaria oso eskertuta azaldu da euskal gizartearekin: «Funtsezkoa da Palestina herria oraindik babestea; gaur egun, Gazan, laguntza humanitarioa sartzeko izugarrizko beharra dago, hiria suntsituta baitago».

Nolanahi ere, gizartean dagoen frustrazioa jakinda ere, Goñik deia luzatu du «modu atseginean eta baketsuan» egiteko aldarrikapenak: «Nazioarteko komunitatea Bilbora begira egongo da eta erakutsi beharko dugu Euskal Herria zer den eta euskaldunak nolakoak garen». Ildo horretan, eta Euskadiko Futbol Federakundeak sareetan iragarri duenez, eskaera ikusita, San Mamesen saldu gabe geratzen ziren azken sarrerak jarri dira salgai.

Futbolaz harago

Prentsaurrekoaren bigarren zatian hautatzaile eta jokalarien txanda izan da. Mikel Labakak argi erakutsi du lagunartekoaren helburua zein den: «Palestinarrak genozidio bat bizitzen ari diren honetan, eta Gazako egoera zein den ikusita, bada nahikoa arrazoi partida antolatzeko eta Euskal Herritik gure elkartasuna adierazteko».

Ildo beretik, entrenatzaile azpeitiarrak aitortu du «aukera oso ona dela, munduko prentsa osoa Bilbora begira egongo dela baliatuz, aldarrikatzeko badela herri bat oraindik kirolen mapan lekurik ez duena».

Ilusioa handiarekin azaldu da halaber Aihen Muñoz Realeko jokalaria. Nafarrak Txapeldunen Ligako partidak eta Europa Ligako partidak jokatu ditu aurretik, baina «oso gogotsu» hartzen du larunbateko norgehiagoka: «Asteak daramatzat ilusio handiarekin partida hau jokatzeko, Palestinari babesa emateko eta Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko».

Ofizialtasuna ortzimugan, entrenatzaile azpeitiarrak adierazi du bere ustez zeintzuk izan beharko liratekeen jarraitu beharreko urratsak: «Hemen badago herri bat selekzio ofizialak nahi dituena. Nik uste dut federazioa badaukagula herri eskaerari erantzuna emateko gogoarekin, eta pentsatzen dut badauzkagula herri honetan politikariak korapilo hori askatzeko. Zaletuek, jokalariek, Federazioak eta politikariek zentzu berean lan egiten badugu, lortuko dugu».

Yasser Hamed, San Mamesen (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bere aldetik, Yasser Hamedek larunbatean amets bat beteko duela onartu du: «San Mamesen jokatuko dut Palestinako koloreekin, Euskal Selekzioaren aurka eta familia osoa izango dut harmailan, egun berezia eta ahaztezina biziko dut. Urduri nago, ez dakit zelaian zer sentituko dudan, baina bizitzako unerik hunkigarrienetariko bat izango da, ziur».

Era oso hunkigarri batean amaitu du Ehab Abu Jazar Palestinako hautatzaileak prentsaurrekoa, pairatzen ari diren okupazioa eta genozidioaren testuinguruan jokatuko baitute partida: «Israelek 1.000 kirolari baino gehiago erail ditu, tartean, 500 futbolari. Esaterako, Israelgo Armadak nire laguntzaile bat hil zuen, eta hilabete batzuk atzera Suleiman Al-Obeid ‘Palestinian Pelé’ erail zuten. Ez ditugu ahazten, eta bihar gure artean egongo dira».

Arratsaldean, entrenamendua

Partidari begira, entrenamendu saioa burutuko du Euskal Selekzioak arratsaldeko 17.30etan, Lezaman. Azaldu dutenez, Jagoba Arrasate Euskal Selekzioko hautatzailea ez da egon prentsaurrekoan, haize-bolada gogorren ondorioz hegazkinek arazoak izan baitituzte Loiuko aireportuan lurreratzeko.