Oiergorosabel
Kuneteroen bilobak

Hegoaldean, 1936ko gerraren ostean, urte gutxi geroago Iparraldean naziekin bezela gertatu zen: inork ez omen zuen haiekin kolaboratu, denok Erresistentzian parte hartutakoak ziren. Hemen ere, duela gutxirarte, Gerra Zibilean euskaldun guztiok errepublikazaleak eta ia-ia heroiak izan ginela uste zen.

Loading player...
2016/11/23

Jarrera psikologikoa da, noski: gerraren zauri sakonak gozatzeko behar den kontsolamendua. Gogora dezagun I Mundu Gerra, eta Europa osoko gazterian eginiko triskantza. Heriotza hoiek heroismoz estali ziren, edozein gaitzespen antiabertzaletzat seinalatuta, eta lehen idazlan kritikoak gerra amaitu eta 10 urte pasa arte ezin izan ziren argitaratzen hasi (kritika gogorrekin, gainera).

Espainiako Gerra Zibilera itzuliz, duela urte batzuk nagusi zen diskurtsoan denok ìsomos los hijos de los que perdieron la guerra civilî omen ginen. 1936 gogoratzean, ìhaietaz eta gutazî aritzen ginen, ìgutarrakî zeintzuk ginen larregi zehaztu gabe. Izan ere, memoria historikoa lantzen hasi garenean begibistan geratu da gorri guztiak ez zirela hain gorriak; abertzale guztiak ez zirela uste bezain sutsuak; frankista guztiak ez zirela hain frankistak; eta heroiak izan, izan zirela, baina ez guk uste genuen bezain ugariak... Ez da historia asko miatu behar, gauzak hain sinpleak izan ez zirela ikusteko.

Nire aiton bietatik bat Francoren aldekoa zen. Ez pentsatu, halere, bere jarrera oso arrazoitua zenik; soldaduzka Marokon eginikoa zen, 1918an, eta Francisco Franco bere komandantea izan zen, besterik gabe. ìHorrelako potroakî zituela esaten zuen, ukabilak estutuz, bere kurrikulumeko meritu goren bezala. Beraz, 1936ko estatu kolpean beretzat naturalena haren alde jartzea izan zen; gainera kontuan hartu behar da Gasteizen bizi zela, lehen unetik kolpe militarrarekin bat egin zuen hiria.


Beste aitona, berriz, familia sozialistakoa zen. Borrokara joateko nagusiegi, industrian jardun zuen, Errepublikarentzat armak ekoitziz. Ezaguna denez, une batzutan Gobernuak populazioa ebakuatzea erabaki zuen, eta gure amona ere bi seme txikiekin Frantziara bidean itsasoratu zen. Gerra galdutzat emanik, aitona ere haiekin batera itsasontzian sartzen saiatu zen... baina harrapatu zuten; baita desertore bezela kartzelaratu ere.


Horixe da, bada, gure etxeko ìiragan heroikoarenî kontakizuna (irakur bedi ironiaz). Ez da ezagutzen dudan kasu bakarra: falangista militanteen, rekete nafarren eta ìkuneteroî beldurgarrien ondorengoak ezagutzen ditut gure gizartean ongi txertatuta, aitonek egindakoari nolabait buelta eman nahian, eta batzuk mugimendu progresistetan lanean ere.


Izan ere... zilegi al da arbasoek eginikoagatik bilobei kargu hartzea? Nik neuk, behintzat, ez dut horrelakorik egingo.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK