Iurre BIDEGAIN

Betizu behi arraza "arrisku larrian" da

Iparraldeko Betizuak elkartea deseginen dute hilabete bukaeran. Estatu frantsesarengandik sostengu eskasa jaso ondoren, orain arte egiten zuen arrazaren aldeko lana etetea erabaki dute. Estatuak bere ardurak hartzen ez baditu, "betizu behiak arrisku larrian" izanen dira.

Ipar Euskal Herrian 80 bat Betizu behi daude.
Ipar Euskal Herrian 80 bat Betizu behi daude.

Iparraldeko Betizuak elkartea sortu denetik, behien eta mendizaleen arteko harremanak sanotzeko helburua bete du. Taldeak Estatu frantsesak zein Herriko Etxeek emandako sostengu eskasa azpimarratu du eta elkarteko lehendakaria zen Iban Seiliezek taldea desegitea erabaki dutela azaldu du. Gisa horretan "Estatuak bere ardurak berriz hartu beharko ditu, populakuntza mantendu nahi badu".

Ipar Euskal Herrian 80 bat betizu daude; Biriatu eta Urruña artean 30 bat eta Itsasu eta Ezpeleta inguruan 50 bat. Orotara Euskal Herrian 600 bat daude; gehienak Nafarroan eta Gipuzkoan kokatzen dira. "Haien egoera aski larria da, gaur egun ez da inor haietaz okupatzen eta animalia guzien gisara kudeatu behar dira", azaldu du Seiliezek.

Gainera, arraza hau ez da sailkatua. Hau da, ez da arraza salbaia gisa kontsideratua, ez eta ere etxe animalia gisa. "Hori beren existentziarentzat ez da onuragarria. Laguntza ekonomikoak ministeritza anitzei eskatzean, animalia ez dela sailkatua erantzun digute", aipatu du lehendakari ohiak. 

Sentsibilizatzeko komunikazioa

Iparraldeko Betizuak elkarteak urte hauetan betizu behien inguruko komunikazioa egin du; batez ere jendea sentsibilizatzeko. "Gure ontasunaren parte direla esplikatu genien Estatuko zerbitzuei, baina ez dugu erantzunik ukan", gehitu du. Horrez gain, animaliekin arazoak sortu direlarik, elkartea aterabide bat atzematen entseatu da, mendiko hesiak konpondu behar izan direlarik, besteak beste.

"Ez gara animalia horien jabeak eta ez da elkarte tipi baten arazoa. Ezin ditugu ardura guziak gure gain hartu. Denen arazoa da", aipatu du Seiliezek. Elkartearen ustez, Estatuak inguruko elkarteekin egoera konpontzeko desmartxa bat plantan ezarri beharko luke. Herriko Etxeak bortxatu gabe, lehendakari ohiak aditu gisa bilkuretan parte hartzeko prest dagoela segurtatu du.

Halaber, elkartearen iritziz, Estatuak "ontasunak" direla onartzeaz gain, arazo honetan funtzio bat bete beharko lukeela ikusi behar du, orain arte, bere ustez "animaliak bizirik mantentzeko edo salbatzeko" ez duelako deus egin. "Pentsatzen dugu elkartearen existentziagatik Estatuak ez duela funtzio hori bere gain hartu. Konturatu behar da animalia horiek kulturaren altxorrak direla. Egun batez betizu behirik ez baldin badago, denen kalterako izanen da", erran du.