NAIZ

Gogorza eta Arrietaren askatasuna galdegiteko martxa, Errenterian

Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta larriki gaixorik diren preso errenteriarrak dira eta euren askatasuna galdegiteko manifestazioa deitu dute euren herrian datorren abenduaren 30erako.

Basauriko espetxean dago Gogorza eta obsesio konpulsibo nahasmena du. Arrietaren kasua berriz, abuztuan jakinarazi zuten, eta orduan batu zuten gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen zerrendara. Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean dago eta espondilartropatia kroniko seronegatiboa HLA B 27 positiboarekin diagnostikatu diote.

Sare sozialetan bolo -bolo dabilen bideoan herriko elkarte, talde zein hamaika norbanako ageri dira bi presoen askatasuna galdeginez. Sarek antolatutako manifestaldia arratsaldeko 18.00tan abiatuko da herriko plazatik.

Sare Herritarrak, bestalde, bideoa zabaldu zuen orain aste batzuk. Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta larri gaixo dauden preso oreretarren sendagileek bien gaixotasunen gainean mintzatzen dira bertan, eta espetxeak zein eragina duen halako egoeratan azaldu dute.