Lapurdiko 41 herriak dantzan bideo bakar batean

Lapurdiko herrialdean dauden 41 herriak bata bestearen atzean mutxikoak dantzatzen eta euren edertasuna erakusten ageri dira LapurdiaAround egitasmoaren bideoan.

NAIZ|2018/01/09 08:47
Loading player...

LapurdiAround izeneko egitasmo honek Lapurdin dauden 41 herriak batu ditu bideo bakar batean. Biriatun hasi eta Basusarriraino, Arbona, Luhuso, Baiona edota Bidarte tarteko, herriz-herri mutxikoak dantzatzen ageri dira zenbait gazte, beti ere herri bakoitzeko paisaia ederra atzean dutela.

Abenduaren 27an ikusi zuen argia lau minutu eskas dituen bideo honek, eta ordutik, egunero mila bisita inguru jaso ditu bideo proiektuak.

Aurrez, Gipuzkoa batu zuten

Egitasmo honen atzean Irungo lau lagun daude eta badute bideo ekoizpenean esperientzia, izan ere, Lapurdirekin orain egin bezala, 2016. urtean GipuzkoakoaAround egitasmoarekin Gipuzkoako 89 herriak batu zituzten bideo batean.

Proiektu hark Donostia 2016ko Energia Olatuak programaren babesa jaso zuen eta bildutako 2.016 euroko diru-laguntzari esker, Gipuzkoa osoa zeharkatu eta herri guztietan filmatuz ekoiztu zuten bideoa.

Aurrez ere, 2010. urtean zeresana eman zuen 'Dancing in the Basque Country' bideoa egin zuten protagonista hauek. Gure geografiako leku ugaritan dantzan arituz Euskal Herria ezagutzera eman zuten bideo hartan. Youtuben 500.000 ikustaldiak gainditu zituen bideo honek.