NAIZ

‘Handia’ filmak Goya jo zuenekoa

Espainiako zine akademiaren hamar Goya besapean dituela itzuli da Euskal Herrira Jon Garaño eta Aitor Arregiren ‘Handia’ filma. Goya garaikurren historian sari gehien jaso dituen hirugarren filma bihurtu da eta noski, euskal zinemaren arrakastaren itzala sare sozialetara heldu da. 

‘Handia’ filmak argazki hau partekatu du Twitterren.
‘Handia’ filmak argazki hau partekatu du Twitterren.

13 izendapenekin joan eta eta 10 garaikurrekin itzuli da gurera Altzoko erraldoiaren istorioa kontatzen duen pelikula.

Gau magikoa izan zen larunbatekoa, izan ere, inoiz Goya gehien jaso duen hirugarren filma bihurtu da ‘Handia’, ‘Mar adentro’ eta ‘¡Ay Carmela!’ pelikulen atzetik. Eneko Sagardoyk aktore berri onenaren saria irabaztearekin batera abiatu zen sari festa. Ondoren etorri ziren, gidoi original onenaren saria, argazki zuzendaritza onenaren saria, musika original onenaren saria, efektu berezi onenen saria, ekoizpen zuzendaritza onenaren, zuzendaritza artistiko onenaren eta makilaia zein jantzitegi onenaren sariak.

Euskara gogotik entzun zen oholtza gainean, diskurtso feministek protagonismo berezia izan zuten gauean. Zinemagintzan emakumeek bizi duten egoera salatu eta emakumeen presentzia biderkatzeko eskaria ere egin zuten.

‘Handia’ filmak hamar garaikurrak erdietsi ostean, sare sozialak ere pozarren zorion mezuz bete ziren. #Handia traola, #Goya2018-rekin batera, Trending Topic bihurtu zen jaialdiak iraun bitartean. Agertokian entzundako euskarari erreparatu zioten askok.

Beste askok pelikulako aktore, zuzendari eta lantalde guztia zoriontzeko abagunea hartu zuten Twitterren.

@HandiaFilm Twitter erabiltzaileak argazki esaguratsu honekin eskertu zituen mezuak.

Ospakizunek, baina, Euskal Herrira heldutakoan segida izan zuten, izan ere sorterrira iritsikoan harrera egin zieten irabazleei. Zarautzen, adibidez, senide lagun eta bizilagunek harrera beroa egin ziote Javi Agirre argazki zuzendariari.