NAIZ

Laburbira, euskarazko film laburrak pantaila handira eramaten dituen zirkuitua, hastear

Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 15.edizioa beteko du aurten. Otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitartean, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako laburmertraiak erakutsiko ditu herriz-herri.

15 urte bete ditu aurteneuskarazko film laburren Laburbira zirkuituak. Otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitartean, herriz-herri ibiliko da Euskal Herrian eta euskaraz sortutako laburmertraien agertoki bihurtuz.

Euskaltzaleen Topaguneak helburu nagusi birekin antolatzen du Laburbira urtero. Euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzeko asmoz. Eta bestetik, ikusleei geurean eta euskaraz sortu diren lanak ezagutzeko aukera eskaintzeko helburuz.

Iaz Euskal Herriaz gainera, munduan zehar ere ibili zen Laburbira New Yorken, Londonen eta Parisen, besteak beste.

Euskaltzaleen Topaguneak azken hiru ekitaldietan deialdi zabala egitea erabaki du, euskarazko film laburrak egiten dituen orok bere lanak aurkezteko aukera izan dezan.

2017an zehar jasotako proposamen guztien artean, 8 film labur aukeratu dira XV. Laburbiran zabaltzeko. Bat ezik, beste guztiak 2017koak dira eta zortzi filmen artean 77 minutuko proiekzio entretenigarria osotu da publikoari eskaintzeko.

XV. Laburbiraren kartelera

Ilunpetan (Koldo Carranza, 5’)

Ilunpetan, bere gelan, Leak neska batengan pentsatzen du. Neskak elkartu daitezen proposatzen dionean, Leak erabaki beharko du bere sentimenduak argitara aterako dituen ala ez.

Koldo Carranzak (Donostia, 1990) ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Zuzendaritzan espezializatu zen. 2015ean Euskal Herriko Zinema Eskolan Argazkilaritza Zuzendaritzan diplomatu zen. Gaur egun, Bilbon bizi da, eta bertan bere proiektuak garatzen ditu.

Night Shift (Izaskun Arandia, 15’)

Gaua heldu da Donostiako La Paz auzo txirora. 40 urte pasatxo dituen Meryk zigarroari azken zurrupadak eman dizkio, sorterrian –Hego Amerikan- utzi behar izan zituen seme-alabez oroituz. Garbitzaile aritzen da erdiguneko antzoki batean, gaueko txandan. Antzezlana amaitu ostean, dena hutsik dagoela, iritsi da gaur antzokira. Harrera ingurua garbitzen hasi da, motibazio gabe lan egiteak dakarren nagikeria horrekin. Baina gaur sekula garbitu ez duen leku bakarrera sartuko da: aktorearen kamerinora…

Izaskun Arandia Publizitatean lizentziatua eta Gidoigintzan masterduna da. Hamabost urtez telebista eta zine produkzioan lan egin du. 2010ean IZAR Films sortu zuen eta Agur esatea bere lehene film luzea ekoitzi zuen. Gaur egun hiru dokumental garatzen ari da: My Way Out, Lander Garroren Intsumituak eta Iban del Camporen Glittering Misfits.

Higadurak (Amaia Otaola eta Oihane Zunzunegi, 4’)

60 miloi urte, geologiaren liburu handia. Higadura bakoitza belaunaldien atal bat da. Badira irakurritako atalak eta irakurtzeko zain daudenak. Arrokek isiltzen duten jakituria gure senideek abesten dute. Denok gogoratzen ditugu txikitako lo kantak…

Amaia Otaola (Eibar, 1995) eta Oihane Zunzunegi (Galdakao, 1995) Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatuak dira EHUn. Otaolak ETBn erredaktore eta ekoizpen lanak burutu ditu eta Matilde sorkuntzazko dokumentala izan da bere lehen ekoizpena. Zunzunegik argazkigintza proiektuak lantzen ditu, hala, Pauxa izan da bere lehen bakarkako lana.

Ejecutor (Javi Arriaga, 9’)

Zure txanda denean, ez dago ihes egiterik.

Javi Arriaga ekoiztetxe eta errealizatzaile askorentzat aritu da zuzendari laguntzaile eta lokalizatzaile lanetan, Euskal Herrian zein nazioartean. Film dokumental batean ekoizle eragile ari da orain, baita beste bi film luzetan atxikitako ekoizle gisa ere. Lehen film laburra 1999an zuzendu zuen eta Ejecutor da bere lan berriena.

Tazan (UDA films, 11’)

Ideia bat obsesio bihurtzen denean, bizitzan eragin handia izan dezake.

Haizea Azpilikuetak, Mikel Irazustak eta Unai Portillak osatzen dute UDA films taldea. Zinema zaletasuna eta sormena bide dituztela, Euskal Herriko gune ezberdinetatik edukiak sortzeko asmoa daukate beti buruan. Hainbat lan eta sari lortu dituzte jada bidetik.

Areka (Atxur taldea. 6’)

Euxebik 80 urte ditu. Bere aita gerran desagerrarazi zuten eta gertatutakoaren gaineko zurrumurruak entzunak bazituen ere, ez du inoiz jakin non zegoen haren hilobia. Frankismoaren miseria eta errepresio guztiaren gainetik, Euxebik bizirik gorde du aitaren memoria, haren gorpuzkiak aurkitu dituzten arte.

Atxur taldea iaz Beti Bezperako Koplak egiteko osatu zen Ageda Kopla taldearen jarraipena da. Orduan EHUko irakasle, ikasle eta ikasle ohi talde bat batu zen proiektu hura burutzeko. Orain beste talde bat osatu eta irizpide berberekin lanean jarraitu nahi dute.

Kreba (Oier Fuentes)

Zaintzari buruzko hausnarketa proposatzen du Kreba lanak. Hala, definizioz, Kreba hiru gauza izan daiteke: pitzadura edo arrakala, hernia edo etena, eta itsasoak kostaldera itzultzen dituen objektuak. Kontua da: zer egin pitzadura, eten edota objektu horiekin?

Oier Fuentes (Arrasate, 1985) Irudi eta soinuan espezializatutako telekomunikazio ingeniaria da eta ikus-entzunezkoen freelance gisa ari da gaur egun. 2017an Lekeitioko Euskal Zine Bileran zuzendari amateur onenaren saria jaso berri du. Kreba film laburrak ere Eibar eta Errenteriako film laburren lehiaketetan euskarazko film onenaren saria jaso du, eta gidoi onenarena Beste Begiradak festibalean.

Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga, 14’)

Denok gara ezberdinak, denok ditugu beldurrak, ezintasunak, mugak… baina adorea? Denok al daukagu adorea? Istorio honetako bi protagonistak elkar maite dute eta maitasun hori elkarrekin bizitzea hautatu dute.

Erika Olaizola (Azpeitia, 1989) eta Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ecuador, 1980) Euli-giro antzezlanak elkartu zituen. Ordutik Z U L O ren proiektuan dabiltza lanean. Hau da beraien lehenengo film laburra zuzendari eta gidoilari moduan.