NAIZ+

Kasilda, borrokari emandako bizitza

Miliziana deiturarekin ezaguna den anarkista eta feminista donostiarrak 103 urte beteko lituzke gaur eta haren ondareari omen egiteko bere bizitza aletzen duen bideoa zabaldu dute.

1914ko apirilaren 9an Zizurkilen jaio zen Kasilda,
1914ko apirilaren 9an Zizurkilen jaio zen Kasilda,

103 arte beteko lituzke gaur Soledad Kasilda Hernaez Vargasek, Miliziana goitizenekin historiara igaro den anarkista eta feminista donostiarrak. 1914ko apirilaren 9an Zizurkilen, Fraisoroko umezurztegian, jaio zen Kasilda, eta, borrokari eskainitako 78 urteren buruan, Biarritzen zendu zen, 1992ko abuztuaren 31n.

Urtemuga aitzakia hartuta, bere izena eta izanari omenaldia egin nahi izan diote bere bizitza aletzen duen bideoa sareetan zabalduz. “Andra! Zu zara bukatzen ez den sua!” darama izenburu bideoak, bere hilarrian irakur daitekeen esaldi bera.

Kasildaren ama familia anarkista eta bohemio bateko kidea zen, eta askatasun giroan hezi zuen alaba. Haurtzaroa Zizurkilen igaro ondoren Donostiara joan zen bizitzera Kasilda, Egia auzora zehazki.Emakumeen eskubideen aldeko borrokak eta bere sinismen zutabe ziren balio sozialek gidatu zuten bere bizitza.

1931tik aurrera, CNT eta Gazte Libertarioak erakunde anarkistetako kide izan zen. Emakumeak bakarrik kontratatzen zituen enpresa batean greba deialdi bat bultzatzeagatik ezagutu zuen lehen aldiz espetxea. 1934an, ostera, lehergailuak eta propaganda anarkista garraiatzen harrapatu omen zuen Poliziak eta 29 urteko espetxe zigorra jaso zuen.

Jaizkibel mendian kokatutako Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen lehenik, eta, handik, Alcala de Henaresera eraman zuten. Lekualdaketa hura biziki presente izan zuen Kasildak, izan ere, Madrilera trenez eraman zuten, eta, Donostia zeharkatzerakoan, ehunka herritar hurbildu ziren trenbidera Kasildari animo mezuak helaraztera.

1936ko otsaileko hauteskundeen ondorengo amnistia baliatuta, askatu egin zuten Kasilda. Orduan ezagutu zuen bizitza osoan bidelagun izango zuen Felix Likiniano anarkista ezaguna.

Gerra Zibilaren hasieran Likianorekin batera Aiako Harrien eta San Martzial mendiaren defentsan hartu zuen parte Kasildak. Behin Errepublikaren aldeko indarrek Irun galduta, Lapurdira joan zen, eta, Ipar Kataluniatik barna, berriz itzuli zen Estatu espainolera. Madrilen defentsan aritu zen lehenengo, eta Aragoiko frontean ondoren. 

Errepublikaren aldeko indarrek gerra galduta, La Jonquerako muga zeharkatu zuten Kasildak eta Likinianok. Saint-Cyprien kontzentrazio-esparruan sartu zituzten biak preso. Aske geratu ondoren Bretainiako Lorient hirian bizi izan ziren, euren etxebizitza erresistentzia frantseseko kideen aterpe bihurtuz. 1943an, baina, Biarritz hartu zuen bikoteak bizileku. Ipar Euskal Herriko euren etxea ere alemanen kontrako eta frankismoaren aurkako operazio gune bilakatu zuten. Gerora, Euskadi Ta Askatasuneko militante askoren bizitoki ere izan omen zen Kasilda eta Likinianoren sutondoa.

Errepublika garai gorabeheratsurako ere erabat aurrerakoia zen Kasilda eta eskandulu bat baino gehiago eragin zuen Groseko Zurriola hondartzan nudismoa praktikatzeagatik. Emakume iraultzaile hau erabat ezaguna egin zen Donostiako langile mugimenduan eta auzoetan. Egiako bizilagunek, adibidez, presente dute oraindik Kasildaren eredua eta «Kasildak baino potro gehiago dituzu!» esaera bizilagun askoren ahotan da oraindik ere.