Altsasukoak aske, elkartasuna hizki larriz

Elkartasunak eztanda egin du epaiketa hastearekin bat. Auzipetutako gazteen gurasoek jasotako babesa eskertu dute sare sozialetan, baita preso daudenekin izandako azken bisita kontatu ere. Eguna hastearekin batera asko izan dira euren gogoa Madrilen izan dutenak.

NAIZ+|2018/04/16 08:49
Loading player...

Abiatzear da Altsasuko gazteen aurkako epaiketa. Guztira 375 urteko espetxe zigor eskaerari aurre egin beharko diote epailearen aurrean gaurtik aitzinera eseriko diren zortzi gaztek.

2016ko urriaren 15 goizaldeko gertakariak epaituko dituzte Auzitegi Nazional espainolean. Gaueko ordu txikitan eta taberna batean herriko zenbait gaztek kalez jantzitako bi guardia zibilekin eta beren bikotekideekin izandako liskarra da epaiketaren mamia. Instrukzioko 3. epaitegiko epaile Carmen Lamelak «terrorismo» delitutzat jo zuen gertatutako eta hark aginduta atzeman zituzten gazteak.

Urte eta erdi beranduago, epaiketara iritsi da auzia. Bien bitartean, ostera, espetxean jarraitzen dute gertakari horiengatik atxilotutako Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz altsasuarrek.

Atzo izan zuen Adur Ramirez de Aldak azken bisita eta bere gurasoek bideo batean jaso dute. Bezperan Iruñean jasotako elkartasunarekin «hunkitua» aurkitu zuten semea.

Altsasuko auziak elkartasun uholde bat eragin du atxiloketen unetik gaur arte. Asko eta askotariko babes ekimenak egin dira hamasei hilabetetan zehar, azken orduetan, baina, elkartasunak eztanda egin du Iruñeko kaleetan eta baita sareetan ere.

Altsasuko auzian epaituak izango diren gazteen gurasoak hunkituta agertu dira azken orduotan jasotako babesarekin. Eta keinu horiek guztiak eskertu nahi izan dituzte sare sozialetan zabaldutako mezuarekin.

Gazteen abokatu Amaia Izkok ere sareak erabili ditu ere bidegabekeria atzean uzteko premiaz ohartarazi eta justizia galdegiteko.

Babes erakustaldi indartsuena larunbatean izan zen. Aspaldiko mobilizaziorik handiena hartu zuen Iruñeak larunbatean, antolatzaileen arabera 50.000 lagunek aldarrikatu zuten justizia Altsasuko auzian.

Altsasukoen aldeko aldarria Madrilera ere heldu zen larunbatean, gazte hauekiko elkartasun mezuak ozen entzun baitziren Berri Txarrak taldeak Madrilen eskainitako kontzertuan.

Altsasuko gazteen auziak zeresana handia eman du Euskal Herrian, baita ordea gure mugetatik kanpo ere. Esanguratsua da, adibidez, Ahotsak larunbateko manifestazioaren berri emanez zabaldutako bideoak izandako ikustaldi kopurua. Ordu gutxiren bueltan 20.000 aldiz izan da ikusia eta Estatu espainol osoan YouTuben gehien ikusitako 35 bideon artean aurkitzen da.

TV3 Kataluniako telebista publikoak ere oihartzuna eman nahi izan dio Altsasuko auziari eta auzipetutako bi gazterekin solasean izan da. Sareetan ere aurkitu du saio honen pasarteren bat.

 

Gaur ere, eguna hastearekin batera asko izan dira euren gogoa Madrilen izan dutenak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK