«Agur Zinemaldia, hello SSIFF»

Donostiako Zinemaldiak marka aldatu eta SSIFF deitura izango du aurrerantzean. Kritikak entzun ditugu sare sozialetan eta sinadura bilketa bat ere abiatu dute.

NAIZ+|2018/05/08 08:49
Dcsau42xcaafh4e
Zinemaldiaren marka berria

Donostiako Zinemaldiak aurpegia garbitu eta bere marka eraldatu du. Zinemaldia atzean utzi eta SSIFF, –San Sebastian International Film Festival– sigla koloretsuak erabiliko ditu aurrerantzean, maskorraren logoa ere alboratuz.

Antolatzaileen hitzetan, irudi soilagoa eta garbiagoa behar zuen Zinemaldiak. Sare sozialetan haatik, kontrakotasuna erakutsi duten zenbait iritzi ikusi ditugu.

Azken orduetan gainera, Osoigo plataforma erabilita sinadura bilketa ere abiatu dute SSIFF izena baztertu eta Zinemaldia mantendu dezaten. Mikel Garatek abiatu du kanpaina eta Eneko Goia alkateari, Ernesto Gasco PSEko ordezkariari, PPko Miren Albisturri, Irabaziko Loïc Alejandrori eta EHBilduko Olaia Duarteri zuzendu die eskaera.

«Ez al zaizue okerra iruditzen "Zinemaldia", euskaraz osatua den izena ingelesera bihurtzea? Baliteke kanpotarrek hobeto ulertzea baina donostiar eta gipuzkoarrok ez badugu gure sentitzen, akabo identitatea!» dio testuak. «Izenetik hasi eta ekitaldi osoan euskara landu eta entzutea» galdegiten du Garateren sinadura biketak.

HERRI INFORMAZIOA