Eskolako jolastokia, emozioez gainezka

Eskolako paretak sentimenduz jantzi dira, haurrek emozioak identifikatu eta adierazteko gaitasunak eskura ditzaten.

Oihana Llorente|2018/05/17 09:04
Disen_o_sin_ti_tulo
Joan Turuk Facebooken partekatutako irudiak.

Emozioetatik datorkigun informazioa prozesatzeko trebetasunari deitzen zaio adimen emozionala. Norberaren zein besteen emozioak egoki adierazi, ulertu eta erregulatzeko gaitasuna izanez gero, garapen emozional osasuntsu batez mintzo gara.

Adituen arabera, hiru urtetik seira bitarteko sasoian adimen emozionala garatzeko haurrak behar dituen oinarrizko alderdiak finkatu egiten dira. Hortaz, garrantzi bizia du garai horretan sentimendu eta emozioak desberdindu eta identifikatzeko gaitasunetan trebatzeak.

Bartzelonako eskola honetan jolastokia mihise gisa baliatu eta emozioak irudikatu dituzte. Joan Turu ilustratzaile katalan ezaguna dago Nou Barris auzoko Antaviana eskolako egitasmo honen atzean, baina, berekin batera, auzolanean aritu dira ikastetxeko ikasle eta irakasleak brotxa eskuan hartuta.

Tristura, amorrua, lotsa, haserrea, poza… igarri daitezke eskola inguratzen diztuten murruetan. Jolasaren bidez eta eskolaren pareten artean emozio horiek identifikatzeko, adierazteko eta erabiltzeko espazio bat eskaini dute, haur eta nerabeen eguneroko bizitzan pixkanaka pixkanaka baliabide gehiago sortzeko aukera eskainiz.

Trebetasun emozionalek bere bizitzako garrantzia dute, izan ere, azterketa ezberdinek frogatu dutenez, orduan eta trebetasun emozional hobeak izan, haur horiek etorkizunean geroz eta arreta arazo gutxiago dituzte, baita portaera erasokorren indize txikiagoa ere.

 

HERRI INFORMAZIOA